Parte hartzeko deia
Idoia Gereñu EHAZEko idazkariak eskerrak luzatu dizkie Villabonako Udalari eta Euskal Herrian Euskaraz (EHE) elkarteko kideei, eskaini dien babes eta laguntzagatik. "Euskal antzerkiak merezi duelako, goiz, arratsalde nahiz gauez parte hartzeko deia luzatu nahi diegu guztiei". Eguerdian izango den kale animazioa berezia izatea espero dutela adierazi du, "antzerkia taula gainetik kalera ekarrita, kalean festa izango da herritarrentzat". Goizean haurrentzako emanaldiekin hasita, antzerki saio ugari izango da egun guztian zehar herriko gune ezberdinetan. Tartean bazkaria ere bai eta iluntzeko 20:00etan, ekitaldi indartsuena Gurea antzokian (EHAZE sari banaketa eta Edurne Agirrezabalaren ‘Sarean Zintzilikatua' antzezlana). Gaueko 22:00etan ‘Lehenbailehen' lana eskainiko da plazan eta ondoren, dantzaldia izango da Gaztetxean DJ Bullekin.
EHAZE saria, Iñaki Beobiderentzat
Pablo Barriok euskal antzerkiaren egoera oso xumea eta apala dela adierazi du eta gaztelaniazko eta frantses antzerkiarekin lehiatu beharko lukeela etorkizunean. Euskal antzerkiaren egoera indartze aldera antolatu dute urtero banatuko den EHAZE saria, euskal antzerkiak eman dituen fruituei benetako balioa eman eta gizarteratzeko asmoz. "Sari hori nori eman erabakitzerakoan, 60ko hamarkadan jarri dugu begia, hamarkada horretan aurkitzen baitira egungo antzerkigintzaren aurrekariak. Garai horretaz hitz egiterakoan Iñaki Beobideren izena aipatu behar da ezinbestez, Jarrai antzerki taldearen sortzaileetako bat izan zena". Iñaki Beobidek Kontxu Odriozolaren eskutik jasoko du saria: azaroaren 27an, Gurea antzokian 20:00etan.
Antzerkizale eguneko egitaraua
11:00 Antzerkizale egunaren hasiera Erreboteko Plazan.
11:30 Porrotx eta Marimototsekin kalejira eta pregoia.
Jarraian Poxpolo ta konpainia.
13:15 Kale animazioa Txerriki, Alproja, Kukuka, Labea...-rekin.
14:30 Bazkari herrikoia. 13 euro. Toki mugatuak. Izena emateko azken eguna: Azaroak 23.
16:30 Haurrentzat txokolatea eta buruhandiak.
17:30 Antzerki pieza motzak: Ixabel Agirresarobe eta Mikel Laskurain, Hirualanbrikak, Battitta Lau Ttitta eta Abarka.
20:00 I. Antzerkizale saria Gurea antzokian: Oinkari dantza taldea, Eneritz Artetxeeta Eñaut Gantxegi, Kontxu Odriozola eta beste hainbaten parte hartzearekin. Jarraian, Edurne Agirrezabalaren ‘Sarean Zintzilikatua' antzezlana. Salneurria: 10 euro. Sarrerak email bidez (antzerkizale@hotmail.com) edota egunean bertan leihatilan.
22:00 ‘Lehenbailehen' antzezlana plazan.
23:30 Dantzaldia DJ Bullen erritmora Gaztetxean.