Migel Zalakainen heriotzaren XX. urteurrena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko aza. 18a, 13:54

Azaroaren 30ean, Migel Zalakainen heriotzaren XX. urteurrena izango da eta horren harira, hainbat ekintza antolatu du Villabonako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak: Azaroaren 24an Mitxel Sarasketa eta Begoña Sagarzazu preso ohien hitzaldia izango da 19:00etan udaletxean. Azaroaren 28an, Belabietako parajeetan omenaldia egingo zaio Zalakaini eta ondoren bazkaria egingo dute. AAMk ondorengo idatzia igorri du Zalakainen kasuarekin batera, gaixorik dauden presoen inguruan:

"Villabonatarrek ondo gogoan dute, duela 20 urte gure herriak jaso zuen berri txarra, Migel bihotzekoak emanda hil zen Martuteneko espetxean, aurretik espainiar estatuko espetxe asko eta askotako ziegak ezagutu behar izan zituen. Bere gaixotasunaren jakitun ziren espetxe agintariak ,baina kasurik egin gabe, beharrezko tratamenduak lortu ahal izateko borroka egin behar izan zuen Migelek eta azkenean hil egin zuten, mediku asistentzia kaxkarraren ondorioz. Hura atenditu zuten medikuak, akusatuen aulkian eseri bai baina, absolbituak izan ziren eta bada kasurik kondekorazioak eta guzti jaso

zituena ere. Gaur oraindik euskal presoak artatzen dituzte. XX. urtemuga berezia da aurtengoa, ekainaren 24an bere seme Mikel Zalakain Korsikan kantzer luze baten ondorioz hil baitzen. Biak ala biak Euskal Herriko ortzi-mugan bat eginda daude.

XIX urte geroago, espetxe politikak bere horretan dirau, gaixotasun larriak dituzten euskal presoak, Migelen antzera, espetxean dauzkate, mediku asistentzi negargarri batekin. Espainiar estatuak argi dagoen moduan, presoen osasuna darabil, herri honek aurrera begira zehaztuak dituen helburuak albo batera utzi eta herri hau makurrarazteko. Presoen osasuna eta haien eskubideak, herri honi xantaia egiteko erabiltzen ditu espainiar estatuak. Bistakoa da, bis a bisekin gertatzen ari dena.

Errepresio estrategiak ez dauka etenik. Aldebakarreko distentsioak nekez lagunduko du herri hau konponbidera eramaten. Aurtengoan ere gure herrikide bat, Karlos Besance basatiki torturatua izan da.

Espainiar estatuak gerra eta errepresioaren estrategian sakontzeko erabaki irmoa du. Ezker abertzaleak herri honetara aldaketa politikoan oinarritutako eskaintza luzatu duen aldiro, estatuaren erantzuna zakur amorratuaren parekoa izan da.

Hona hemen uneotan duela 20 urte moduan gaixorik dituzten euskal presoen zerrenda eta horren inguruko kronika:

Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten euskal preso politikoak:

·             Jon Agirre Agiriano (Aramaio)

·             Jose Miguel Etxeandia Meabe (Larrabetzu)

·             Jose Ramon Foruria Zubialdea (Markina)

·             Gotzone Lopez De Luzuriaga Fernandez (Agurain)

·             Josu Uribetxebarria Bolinaga (Arrasate)

·             Mikel Ibañez Oteiza (Elgoibar)

Egun 7 euskal preso politiko ditugu gaixotasun larri eta sendaezinekin espetxeraturik. Beste 6 preso, beraien etxeetan aurkitzen dira preso baldintza zorrotzekin. Ondoko lerroetan duzue aipatu preso politikoen inguruko informazio gehiago.

Espetxe politikak, euskal preso politikoen osasunean esku hartzeko aukerak ezeztatzen ditu. Errealitate gordin hau ondoko puntuetan laburbildu daiteke:

-Osasun asistentzia eza: Mediku-funtzionario askoren interes eza. Kasu askotan arduragabekeria profesionala izaten da. Tratu gizagabea kontsultetan. Nabarmentzekoak izaten dira ginekologoen azterketak. Izan ere, ez dira gaixoen eskubideak errespetatzen eta, intimitate eta konfidentzialtasun eskubideak urratu egiten dira. Infekzio arriskuak ekiditeko prebentziorik eza eta, kontagioak ekiditeko protokolorik eza. Euskal preso politikoak kartzelaz aldatzen dituztenean mediku txostenak galdu edo oso berandu iristen dira sarri. Gaixotasunen diagnostikoak egiteko premiazkoak izan daitezkeen froga osagarrien atzeratzea. Espezialistekin interkontsultarik ez dute izaten eta, ondorioz, potentzialki gaiztoak izan daitezkeen diagnostiko asko atzeratuta egiten dira.

-Konfiantzazko profesionalen asistentzia mugatua: Eskubide bat aplikatzeko oztopoak edo ukazioak nahiz eta, espetxe legedia bertan jasoa egon (Espetxeko Lege Organiko Nagusiko 36.3 eta Espetxe Legediko 212.3 artikuluak). Konfiantzazko medikuek kontsulta eguna eta ordua aurretik jakinarazi behar izaten dituzte eta, azken aldian, kontsulta orduak arbitrarioki murrizten ari dira (legearen arabera, elkarrizketa denbora ez da mugatua). Halaber, kontsultak debekatu izan dituzte Madrilen Zentralizatutako Espetxe Zaintza Epaitegi Berezitik.

-Kartzeletako mediku-funtzionarioek kanpoko medikuekiko duten kolaborazio eskasa: Konfiantzazko medikuek mediku bisita burutzeko baimenik izaten ez dutenean, kartzelako medikuarekin edo erreferentziazko ospitalekoarekin harremanetan jartzen saiatzen dira presoaren jarraipena egiteko. Saiakera hauek, kasu gehienetan, ez dute fruiturik ematen eta, ondorioz, euskal preso politikoek ez dute aukerarik izaten jasotzen duten tratamenduaren kontrasterik egiteko. Ildo honetan "Tratamendu Junta" delako taldeak (pazienteen jarraipena egiten duten mediku, psikologo, hezitzaile eta segurtasun funtzionarioz osatua) jokatzen duen paper oztopatzailea nabarmendu behar dugu.

-Patologien jarraipen zaila: Urruntasun geografikoaren eta, konfiantzazko medikuekin bisitak izateko ezartzen ari diren geroz eta zailtasun gehiagoren ondorioz (sarri lehendik baimendutako bisitak ukatu egiten dituzte), konfiantzazko medikuak funtzionario medikuekin telefonoz jartzen dira harremanetan. Presoekin, berriz, kasurik gehienetan eskutitzezko (interbenituak) harremana izaten dute. Ildo honetan, buruko gaixotasunak dituztenei jarraipen zorrotz egokia egitea benetako erronka profesionala izaten da medikuentzako.

-92. artikuluaren murrizketak: Beraien legeak dioenari ere jaramonik egin gabe (preso gaixoak askatu egin behar direla dio), mediku profesionalek gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak kalean tratatzeko egiten dituzten eskaerei ere ez die jaramonik egiten.

Egoera hauek publikoki salatzeko aukerak murriztu egiten ditu sakabanaketa politikak ere. Espainiar Estatuko kartzeletan euskal preso politikoei medikuen jarraipen egokia egitea zaila bada, frantziar Estatuan ere izugarrizko oztopoei egin behar izaten zaie aurre. Izan ere, frantziar Estatuko kartzeletan medikuntza aldetik ez dute inolako jarraipen zehatzik egiten. Kartzelatik kanpo, ospitaletan, jarraipena egin ahal izateko presoak, bere ingurukoek eta abokatuak oso gogor borrokatu behar izaten dute.

-Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten euskal preso politikoak: Kartzela gaixotasunen sorleku eta bultzatzaile da. Gaixotasunen sorleku da, euskal preso politikoek egunez egun aurre egin behar dioten espetxe politikak ondorio fisikoak eta psikikoak eragiten dituelako. Eta baita ere, infekzio arriskuak ekiditeko prebentzioak faltatzen direlako. Eta gaixotasunen bultzatzaile dira kartzelak, euskal preso politikoek jasaten duten osasun asistentzia ezaren ondorioz, gaixotasun asko beranduegi antzematen direlako. Eta baita ere, kartzela-funtzionarioen eta trasladoak burutzen dituzten polizien tratu gizagabeek sarri osasun arazoak okertu egiten dituztelako.

-Osasun asistentzia ezaren ondorioz, ondoko preso politikoak hil zaizkigu espetxeraturik egonik: Joseba Asensio 1986. urtean hil zen Herrera de la Manchan tuberkulosia izanik katarroarentzako medikamentuak eman zizkiotelako; Juan Karlos Alberdi 1988an hil zen Herrera de la Manchan arrisku taldeen barnean egon ez arren eta bihotz arazoak izan ez arren, bihotzekoak eman ziolako; Mikel Zalakain 1990. urtean hil zen Martutenen, lehenagotik jasan zuen bihotzeko bat behar bezala tratatu ez ostean, bigarren bihotzekoa jasan zuelako; Pello Mariñelarena 1993. urtean hil zen Pariseko ospitale batean, La Santeko kartzelan jasandako osasun asistentzia ezaren eta seropositiboa izatearen ondorioz; Eta, Roberto Sainz 2006ko martxoaren 3an hil zen Aranjuezeko kartzelan bihotzekoak eman ostean. Bihotzeko arazoak haizeen aurkako medikamentuekin tratatu zizkioten.

Hori esanik, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten euskal preso politikoak ere ez dituztela askatzen gaineratu behar diogu. Izan ere, gaixotasunak ere xantaia egin asmoz erabiltzen dituzte, hau da, presoa askatuko bada bere damutzea bilatzeko, helburu politikoak lortzeko sufrimendua areagotuz... eta, hori lortu ezean, bizitza salbatzea ezinezkoa denean askatu izan dituzte, azken hilabeteak kalean burutu eta kartzelak hildakoen zerrendetan ez sartzeko. Adibideak hor ditugu: Josu Retolaza 1987an hil zen, kaleratu eta gutxira, minbizia izan arren garatxo soil bat balu bezala tratatu zutelako kartzelan; Jabi Gorostiza 1995ean hil zen Basurtoko ospitalean, kaleratu eta urtebetera, osasun asistentzia ezaren ondorioz laringeko minbizia garatu zuelako; Juan Jose Etxabe 1996ean hil zen, kaleratu eta 18 egunetara, bihotzekoak emanda. Fresneseko kartzelan izan zuten denboran bere osasun egoerak nabarmen egin zuen okerrera, kartzelaratu zutenerako gainditua zuen hepatitis C-a kartzelako denboran berriro garatu egin zitzaiolako; Jean Louis Maitia 1997. urtean hil zen, kaleratu eta bi hilabetetara, bihotzekoak eman ostean. La Sante kartzelan egon zen denboran bere osasunak okerrera egin zuen; Santiago Diez 1997. urtean hil zen, kaleratu eta zazpi hilabetetara, kartzelan jasan zuen osasun asistentzia ezaren ondorioz, masailezur azpiko minbizia garatu zuelako kartzelan; Esteban Esteban Nieto 1999. urtean hil zen, kaleratu eta 5 hilabete eta 20 egunera, kartzelan jasan zuen osasun asistentzia ezaren ondorioz, minbizi terminala garatu zuelako; Eta, Kepa Miner 2004. urtean hil zen, kaleratu eta bost urtetara, espetxean jasandako bizi baldintza gogorrek eragindako arnasketa arazo larriak zituelako".

Villabonako Amnistiaren Aldeko Mugimendua                                                                                             
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!