Euskadiko Aizkora Txapelketaren finala, igandean Asteasun

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko aza. 18a, 10:41

Lehenengo mailako Euskadiko Aizkora txapelketa jokatuko da igandehonetan, Asteasuko Usarrabi pilotalekuan. Floren Nazabal, Iñaki Azurmendi, Joxemari Olasagasti, Juan Jose Lopez, Joseba Otaegi eta Jexuxmari Mujika izango dira lehian. Lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko ebaki beharko dituzte aizkolariek. Floren Nazabal da faborito nagusia, baina beste bostek ere izango dute zeresanik. Eskualdeko ordezkari nagusia Joseba Otaegi zizurkildarra izango da. Iaz. lehen aldiz lortu zuen final handian sartzea eta aurten ere, bertan izango da. Eguerdiko 12:00etan hasiko da lehia ikusgarria. 

Aparkaleku bereziak jarriko dituzte Asteasun finala ikustera gerturatzen diren guztiek autoa modu erosoan utzi ahal izan dezaten. 20 euro ordaindu beharko da sarrera eta txartela eskuratzen duten guztin artean, Asteasuko bi jatetxetan otordua egiteko aukera zozketatuko da.

Joxe Angel Sarasola asteasuarra izan da antolatzaileetako bat: "Iaz txapelketako kanporaketa Asteasun jokatu zen eta gustora geratu ginen emaitzarekin. Horregatik, argi ikusi genuen aurtengo finala hemen egiteko aukera. Udalari eskaera luzatu, eta baiezkoa eman ziguten. Asteasum baditugu bi aizkolari gazte etatolsoaldean barrena, indar handia duen kirola dela iruditzen zaigu. Horregatik, egokia iruditu zaigu txapelketako finala Asteasun egitea". 

Joseba Otaegi zizurkildarrarentzat bigarren finala izango da igandekoa: "Berrobiko kanporaketa gogorra izan zen. Finalean sartzea lortu nuen, baina hogei segunduko tartea besterik ez nuen Aitzol Atutxarekin, eta hura kanpoan geratu zen. Kanporaketako lana oso  lan esplosiboa da, niretzat deseroso samarra. Finaleko lana berriz, luzeagoa da eta beste modu batera aritu beharra dago, tamaina hartu behar zaio. Ikusiko dugu zer moduz moldatzen garen". 

Igandean, eguerdiko 12:00etan hasiko da lehia Asteasuko Usarrabi pilotalekuan. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!