N-1 saihesbidearen lurrak: soberakinak eta desjabetzeak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko aza. 18a, 09:57

N-1 errepidearen Andoaingo saihesbidearen etorkizuneko trazatu proiektuak zehaztu gabe jarraitzen du oraindik. Hala ere, kaltetuak izan daitezkeen zenbait lurjaberen zerrenda zabaldu da eta tramiteak martxan jada jarrita daude. Kaltetu ugariren artean, lur soberakinek eragindako Sorabillako zenbait lurzatiren jabe aurki daitezke.

Bide azpiegituretako diputatu Eneko Goiak Andoainen azaroan adierazi zuenez, “proiektua erredakzio prozesuan dago oraintxe; 2011ko martxorako idatzita egongo dela pentsatzen dugu. Ondoren, kaltetuak izango diren lur zatiak definitu eta desjabeteze espedienteei ekin behar zaie; horiek burutu ostean, proiektuaren erakusketa publikoa, jabeen alegazioen epea irekitzea eta desjabetzeak etorriko dira”. Prozesu horrek guztiak 2011 urtea eramango du; Obra bera 2012an hastea espero da.
Oraingoz martxan den erredakzio prozesuaren barruan, joan den apirilean, diputazioak zenbait lur jabeei jakinarazi zien kaltetuak izango direla ziurrenik; 15 eguneko epea eman zieten alegazioak aurkez zitzaten. Nahiz eta trazatuak zuzenki ez ukitu, obra guztien barruan sartu dituzte; zeharkako kaltetuak lirateke horiek.  
Hain zuzen ere, saihesbidearen obrak eragingo dituen lur soberakinak Sorabillako lurretan bertan uztea pentsatuta dago; ia bi miloi metro kubiko izango direla kalkulatzen da. Desjabetzeak, beraz, soberakin horiek garraiatu eta uzteko beharko den azpiegituraren ondorio dira.

LUR SOBERAKINEN BILTEGIA
Belkoian mendiko hegaletan kokatzen diren bost leku aztertu ondoren, gurutzearen azpian geratzen dena hautatu da. 12,5 hektarea hartzen ditu kokalekuak eta sahiesbidearen mendebaldean, 1,4 kilometrora dago; Adunako lurrekin muga-mugan geratzen da. Hara iristeko, Garate eta Pagarte baserrietara eta antenara doan bidea hartu, eta Erramueta baserria baino lehenxeago, ezkerretara ateratzen den mendi pista hartu behar da.  
Luzea da kaltetuen zerrenda: partikularrak, Udala, banku bat, enpresa pribatuak…, eta baserritarrak; azken horiek dira kaltetuen artean kaltetuenak, zalantzarik gabe. Lurretik bizi direlako horietako asko. Gaztañadi, San Migel, Zuhaizpe eta Goiko Etxeberri aipa genitzake, besteak beste. Izan ere, lur soberakinak garraiatzeko kamioiak etengabe gora eta behera ibiliko direnez, bidea zabaldu egin behar dela dio proiektuak, zortzi metro alde banatan.
Zuhaizperen kasuan, adibidez, kasik etxe atarariraino iritsiko litzaioke bide berri hori, bederatzi metrora geratzen baita oraingo bidetik. San Migel eta Goiko Etxeberri baserriei, berriz, desjabetezeak, etxe ondoko lur sailei eta ganadu esplotazioari eragingo die batez ere. Guztiek ere alegazioak aurkeztu dituzte hori dela eta.
Goiko Etxeberri baserriari dagokionez, gainera, Koskaran baserritik gertu daukan lur sail galanta (24.780 metro karratu) desjabetu nahi da behin- behineko egoeran; obrak amaitzen direnean itzultzekotan, alegia. Baserriko jabeek alegazioan adierazi dutenez, laupabost urtetan lur sail hori gabe bizi beharrak itzulezineko galera ekarriko lieke, baserri lana baita euren jarduera nagusia.
Urte amaieran edo 2011ko hasieran jakin ahal izango da Aldundiak alegazioei eman dien erantzuna, eta aldi berean, ondorengo hilabeteetan ematekoak diren pausoak N-1 saihesbidearen inguruan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!