Liburuak gogoeta xumeak baina hunkigarriak dakarzkigu, gizatiarrak diren aldetik. Orainaldian idatzitako oroitzapenak... Gainbehera etorritako garai baten inguruko nolabaiteko nostalgia”. Horrela aurkeztu du liburua Aldundiak, Auspoa argitaletxearekin elkarlanean argitaratu duena.
Jose Inazio (1915-1972) eta Gillermo (1917-1996) Albizu Lasa anaien bertsoak liburuaren ardatz dira, tartean kontakizunak aurki daitezkeen arren. Gillermorenak dira liburuan agertzen diren idazlan gehienak, baina badira Jose Inazioren ale batzuk ere.
Sortzez beasaindarrak ziren biak. Aita Joxemari Albizu eta ama Mikela Lasa. Gurasoak eta bost semeak Beasaindik Urnietara etorri ziren bizitzera, Goiburuko Goibieta baserrira. Urnietan beste hiru anaia gehiago jaio ziren. Jose Inazio, nekazaria ez ezik herriko argizalea ere bazen, eta tabernaria Urnietan. Gillermo, berriz, Donostian udaltzain izan zen aldi batean; eta han eta hemen ibili zen lanean. Euskararen mundua maite zuen zinez, eta bertsoak idazten ahalegindu zen.
Biek ere gai ugari eta ezberdinak landu zituzten. Gillermorenak dira, besteak beste, liburuan aurki daitezkeen “Nire maitearentzat”, “Esne biltzallia eta baserritarra”, “Orixe eta Ama Euskerari”,...
Ehunka bertso horien artean bada bat Antonio Zavalari eskaini ziona, egiten ari zen lanagatik aldez aurretik eskerrak emanez bezala:
“Zu jesuita Zabalatarra,
on Antonio izenez,
lan ikuskarrik ari zerade
egiten euskeran onez.
Iñork ez dakin bidetatik
zabiltza guztiyen gaiñez,
ia itzaliyan dagon txinparta
piztu nai zenduke ziñez.
Nik opa dizut urte askuan
jarraitzia osasunez”.
Jose Inaziorenak gutxiago dira baina gaiei dagokionez ere, zabala da: “Gerratea, familia, andregaia”, “Xenpelar zenari”, “Amets bat”,...
Bat aipatzearren, liburuan zehar hamaika bider aipatzen den 36ko Gerra:
“Pasa giñuzen izugarriak,
esan detana gutxi’a,
nunbait egiña zegon guretzat
eramateko gutzia.
Gendun edaderik onenian
ura pasara artzia!
Amaika bider goatu zitzan
nere ama ta etxia”.
Auspoako buruzagi eta herri literaturaren maisu Antonio Zavalak eskuen artean zituen bi anaien bertso eta idatziak. Argitaratzear zegoela hil zen, eta haren oinordeko Joxemari Iriondo arduratu da Zavalaren asmoa egi bilakatzen. Iriondok berak azaroaren 11n, San Martin egunean, Lekaio kultur etxean egin zuen liburuaren aurkezpena, Pello Esnal andoaindarra alboan zuela.
ALKAINEN GERRATEKO IBILERAK
Liburuaren aurkezpen ekitaldian Jose Inazio eta Gillermo Albizu anaiez gain, Esnalek eta Iriondok gogora ekarri zituzten beste hiru pertsona: Hitzaurrea idatzi zuen Mikel Atxaga (hil aurretik egin zuen azken idazlana), Joxe Joakin Albizu (liburuaren egileen anaia zaharragoa) eta Iñaki Alkain urnietarra (Joxe Joakinen garaikidea, 'Gerrateko ibillerak-III' liburuaren egilea).
Esnalek Alkainen liburua ekarri zuen gogora, "ez dakigu zenbat orrialde plazaratu dituen Antonio Zavalak. Milaka izango dira. Horien artean mila aukeratzeak lanak emango lizkiguke. Eta ehun bakarrik aukeratzeak, zer esanik ez. Baina hamar orrialde bakarrik aukeratu beharko bagenitu ere, hor tartean izango lirateke urnietar batek idatziak. Hain ondo daude kontatuak eta, batez ere, hain da betea kontatzen duena. Idazlea Iñaki Alkain da. Protagonista berriz Jose Joakin Albizu; Iñaki bera ere tartean dela” ['Gerrateko ibillerak’ liburuaz ari zen, 1936an Iñaki Alkain bera eta Joxe Joakin Albizu gerrara joan zirenekoa. Abertzaleekin geratu zen Iñaki eta nazionalekin joan Joxe Joakin, elkarri hitz emanda noizbait aurrez aurre topo egiten bazuten ez ziotela elkarri tiro egingo. 1937ko ekainean, Artxanda mendian egin zuten topo elkarrekin: Joxe Joakin tanke bateko gidari eta Iñaki ihesian. Joxe Joakinen aginduei esker, Iñaki heriotzetik salbu izan zen].
MIKEL ATXAGA GOGOAN
Lekaioko aurkezpenean Esnalek Mikel Atxaga ere gogoan izan zuen, "Mikel liburuaren aurkezpenean esaten ari zaigu eskuetan dugun liburua Gillermorena eta Jose Inaziorena dela, baina bi horiena ez ezik albizutarren familia osoarena ere badela. Beasaingo Garinen eta Urnietan osatu eta gozatu zen familia harena, Joxe Joakin bezalako gizonak eman zituen familiarena. Eta gehiago ere esaten ari zaigu, horrelako gizonek eta familiak merezi dutela Euskal Herri osoaren esker ona, Iñaki Alkainek eta Urnietak merezi duten bezala". Aurkezpena txalo artean amaitu zen.
ARGITALPENA
• Editorea: Joxemari Iriondo.
• Sarrera: Mikel Atxaga.
• Argitaratzailea: Auspoa, Gipuzkoako Foru Aldundia.
• Orrialde kopurua: 286.
• Banaketa: Lekaion eskuragarri dago liburua, dohainik.