Nondik datorkizu jantziekiko duzun zaletasuna?
Enkarni Cuesta: Ama jostuna da, eta hura lanean ikusita, ni ere umetatik hasi nintzen bazterrera gelditzen zitzaizkion oihal-puskekin panpinei jantzitxoak egiten. Gerora ikastaro batzuk ere egin izan ditut. Betidanik erruz gustatu izan zaidan langintza da.
Beraz, antzerki lan bat ikusterakoan zu jantziei begira egongo zara...
E.C.: Antzerkia edo zinea ikusterakoan jantziei arreta handia jartzen diet, bai.
Marizulo ikuskizunean ere zurea izan zen jantzien ardura…
E.C.: Bai, lan hau egiteko norbait behar zutela jakinarazi zidaten. Borondatez hasi nintzen eta gustura geratu nintzen egindako lanarekin, eta uste dut aktoreak eta ikusleak ere baietz.
Zaila egiten al zaizu pertsonaai bakoitza nola jantzi erabakitzea?
E.C.: Bai, batzuetan oso zaila izaten da pertsonaia batzuk janztea. Gidoia behin eta berriz irakurri ondoren, informazioa lortu beharra izaten dut internet bidez, garaiko argazkiekin. Amak ere informazio asko eman dit 60ko hamarkadako modari buruz, garai hartako argazkiak ere erakutsi zizkidan. Urnietako Erretratu Zarrahak liburutik ere ideia batzuk hartu ditut.
Zein izan da lan nekezagoa, Marizulo edo Urnieta´59?
E.C.: Marizuloko lana errazagoa egin zitzaidan. Han lau mendeetako historia errepasatzen zen eta garaia ez zegoen hain definitua, eta horrek aukera ematen zidan nire lana modu libreagoan antolatzeko. Oraingoan berriz, badaude pertsonaia batzuk oso ondo karakterizatuak egon behar dutenak, eta kontu handiz ibili behar da, ez baita mozorrotu behar; ikusleek pertsonaia eszenatokira ateratzean ez du eduki behar inongo zalantzarik nor den jakiteko. Pertsonaia ikusi orduko jabetu behar dute nor den.
Osagaiak, oinetakoak… zaila egiten al zaizu arroparekin bat egitea?
E.C.: Normalean lortu nahi dudan osagaiaren ideia oso garbia izaten dut. Zaila, behar duzun hori aurkitzea izaten da. Moda “retro”a orain modan dago eta pixkanaka gauzak aurkitzen ari naiz handik eta hemendik. Batzuk garaikoak dira, jendeak utziak... Emaus-en gauza asko aurki daiteke. Dezente mugitu behar izaten dut, bai.
Beraz, lana nahiko aurreratuta al duzu?
E.C.: Bai, falta zaizkit adibidez, kotxe-kapota zahar bat, telefono zahar bat, mikro zahar bat. Eta ez dira errazak bilatzeko.
Pertsonaien orrazkera…
E.C.: Orrazkera ere oso garrantzitsua da, eta horretan ere lan egiten ari gara. Argazkietan begiratzen dugu, interneten ere bai. Lucia Saiz ere hemen izango dugu lan hori egiteko. Oso ona da, eta ondo baino hobeto egingo du bere lana.
Urnietan 60ko hamarkadan nola janzten zen jakiteko ere balioko al du Urnieta´59 ikuskizunak?
E.C.: Bai. Uste dut garai hartako joeren ideia bat egiteko moduan izango garela.
Jantziei dagozkien erabaki guztiak zerorrek hartzen al dituzu?
E.C.: Mikel, zuzendaria, orain arte egindako lanarekin konforme dago, gero entseguetarako aktoreak janzten hastean ikusiko dugu aldaketarik egin behar den, detaile batzuk faltan edo soberan dauden…
Emanaldian erabiliko duen arropa janzteak laguntzen al dio aktoreari paperean sartzen?
E.C.: Zalantzarik gabe. Orduan ikusten baitu benetan bere burua interpretatu behar duen pertsonaia horren barruan.
Eta aktoreek nola hartzen dute zuk prestatutako jantzia?
E.C.: Hasieran ispilu aurrean geratzen dira, sorpresa aurpegiarekin, baina gero, normalean behintzat, arazorik gabe onartzen dute.
Lan hau lasai hartzen al duzu?
E.C.: Lasai, nahiko denborarekin nabil eta. Marizulon askoz ere denbora gutxiagorekin dena antolatzea lortu zen.
Ikusleek aintzat hartzen al dituzte antzerkiko jantziak?
E.C.: Bai baloratzen dute, Marizulon esatera etorri zirenak izan ziren, eta poz handia eman zidan horrek. Ordu askotako lana da, denbora asko ematen du eta.
Marizuloko anekdotaren bat…
E.C.: Umezar pertsonaiarentzako larruzko jantzia lortzeko zoratuta ibili nintzen. Miarritzera ere joan nintzen, Donostian bertan ere ez dakit zenbat buelta eman nituen, baina azkenerako lortu nuen.
Bukatzeko zerbait erantsi nahi al duzu?
E.C.: Gaur egun arropa berehala bota egiten dugu, ez baitago lehen etxeetan izaten zen tokirik gorde ahal izateko, baina hala ere, esan behar dut herritar askok ekarri duela arropa, eta hemendik eskertu egin nahi nituzke.
ESKAERA
Urnieta´59 ikuskizunerako behar dira:
• Kotxe kapota bat Arrue markakoa edo antzekoa, 60-70 hamarkadakoa edo itxurakoa.
• Bakelitazko mahai gaineko telefono beltza.
Norbaitek horrelakorik izan eta ikuskizunerako uzteko prest egonez gero, eraman dezala bulego orduetan Sarobera edo bestela deitu (Jaione, 943 00 80 42) norbait bila joateko. Bulego ordutegia: 9:00-14:00 / 15:30-18:00.