Herritarrek azaroaren 2an eta 9an Udal ordezkarien eta zuen aurrean iritzia emateko aukera izan zuten. Aurrez aurreko jarduera horiek igaro ondoren, zer nolako balorazioa egiten duzu?
Ibon Zugasti. Positiboa, parte hartze ona egon delako. 30-40 pertsona inguru bildu dira, ekarpen ugari eginez gainera. Beraz, emaitza positiboa da.
Zein kezka edo beldur nabarmentzen da, nagusiki?
I.Z. Beldurra baino gehiago kezka nagusitzen da. Idiazabal kalearen etorkizunaren inguruan zer gertatuko ote den, peatonalizaziorik izango ote den..., horiek dira bileretara etorritakoen kezka nagusiak.
Inkesta bikoitza egin da bi bilera horien aurretik. Batetik, herriko eragileekin, eta bestetik, herritarrekin. Zertan aldatu da, aldatu bada, inkestaren emaitzetan azaltzen dena eta bilera horietan agertu dena?
I.Z. Herritarren parte hartzearekin inkestaren emaitzak konfirmatu egin dira. Inkestaren arabera, herritarrak, oro har, Idiazabal kalearen erabateko peatonalizazioa ez du ontzat ematen. Bai, ordea, peatonalizaziora hurbildu daitekeen zerbait. Bereziki, Langardako bidegurutzea hasi eta jubilatuen etxeraino luzatzen den eremu horretan.
Beraz, ez litzateke erabateko peatonalizazioa izango, trafiko murrizketa bat baizik. Eta espaloiak zabalduz, besteak beste.
Zer nolako jarrera izan dute urnietarrek telefono bidezko inkestetan?
I.Z. Jendearen erantzuna ona izan da eta orokorrean konfirmatzen da ez dutela peatonalizazio tradizionalik nahi. Nahiago dutela oraingo egoera hobetzea: oinezkoentzat bideak hobetu, haurren aulkiak eramateko eremuak hobetu, mugikortasun arazoak dituzten pertsonei aukera hobeak eskaini, etab.
Urnietako etorkizunak axolarik ez dion edo haserre erantzun duen jendea topatu al duzue?
I.Z. Orokorrean, telefono bidezko inkesta ondo joan da. Beti bada erantzun txarren bat ematen duen norbait, baina esperientzia positiboa izan da.
Idiazabal kalea lau eremutan banatu duzue. Zailenak herriaren erdiguneko bi guneak dira. Aldaketak, izatekotan, mugikortasunari dagokionez izango al dira?
I.Z. Bilera hauekin ideiak jasotzeko prozesua martxan jarri dugu. Ez da bertatik proiektua sortuko. Baina ideiak landu dira talde tekniko baten esku utzi eta, ondoren, haiek proiektua garatu dezaten.
Ideien artean, nagusienak hauexek:
Trafikoa murrizteko neurriak jartzea, baina trafikoa mantenduz.
Oinezkoentzat guneak hobetzea, besteak beste, espaloiak zabaldu, zebrabideak hobetu eta ahal den neurrian aldapak murriztu.
Zaldundegi etxearen inguruak teknikoki zailtasun handiena sortuko du. Bileretan egin den proposamena trafikorako bide bakarra uztea da, semaforo bidez erregulatuko dena. Espaloiak zabaldu nahi badira, ez dago beste modurik.
Urnietan bizi zara. Zer nolako herria aurkitu duzu hona etortzean?
I.Z. Azpiegitura onak dituen herria topatu dut, ekipamendu nahiko onak dituena. Asko hazi den herria da, gune berdeak ere baditu. Erronka nagusia mugikortasunean eta irisgarritasunean hobetzea da.
Orain gutxi saihesbide berria ireki da, trafiko ugari bertatik igarotzen da orain eta Idiazabal kaleko trafikoa nabarmen jaitsi da. Eta hori positiboa da, kale horren egoera hobetzeko aukera ugari sortzen delako. Zeregin handia dago, Idiazabal kalea ez baita egokia herritarrentzat, ez dago herrira begira pentsatuta. Hori guztia hobetzeko lan egin beharko da.
Etorkizunean, zer nolako Urnieta imaginatuko zenuke?
I.Z. Urbanistikoki, nolabait, garatuagoa imaginatuko nuke. Idiazabal kalearen garrantzia mantendu, baina herriaren egituran integratuz. Une honetan Idiazabal kaleak banaketa suposatzen du herrian, Urnieta bitan zatitzen du. Etorkizunean herrian hobeto txertatu den kale modura ikusi beharko genuke.
Alegia, bilgune modura: kirolerako, aisialdirako, pasiatzeko... Garapenak hortik joan beharko luke. Horren bitartez merkataritza eta ostalaritza garatuko lirateke. Azken finean, herriaren kalitatea hobetuko litzateke.
Epe laburrean, Udal ordezkarien artean aldaketak egon daitezke hauteskundeak direla eta. Epe erdira, ikusteko dago Hiri Antolamendurako Plana noraino garatzen den. Zein neurritan hartuko da kontuan aste hauetan Idiazabal kalearen inguruan eztabaidatu dena...
I.Z. Printzipioz, Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak lehen onarpena dauka. Horrek bere martxa jarraituko du. Gakoa plangintza horren exekuzioan dago. Bileretan proposamen batzuk atera dira, plangintzan kontuan hartzeko modukoak. Mugikortasunari dagokionez, herriguneko gaialdea eta behealdea lotzeko irtenbideak planteatu dira. Irtenbideetakoa igogailua jartzea izan daiteke, herri askotan egin den bezala. Horretarako mugikortasunerako plana bideratu beharko da.
Aparkalekuen arazoa konpontzea ere aipatu da. Etxebizitza ugari eraiki da eta etxebizitza berriak eraikitzea aurreikusten da. Aparkaleku beharraren gaia nolabait barneratu beharko litzateke. Batetik, berriak eraikiz eta bestetik, dagoeneko dauden aparkalekuak hobeto identifikatuz. Bereziki, kanpotik datorren jendeari begira.