Adunako Udalak 2004 urte amaieran ekin zion Tokiko Agenda 21en prozesuari. 2007 urteko otsaileko udalbatza bidez Adunako Agenda 21en I. Ekintza Plana onartu zuen. Dokumentu horretan barneratzen dira ekonomia, ingurumen eta gizarte aldetik iraunkorragoa den udalerri baten alde lan egiten lagunduko diguten helburu eta ekintza zehatzak.
Herritarrek Agenda 21en Ekintza Plana onartu zenetik zein ekintza nagusi gauzatu diren ezagutarazteko asmoa du Adunako Udalak. Izan ere, 2009ko udazkenean zehar lehen aldiz ebaluatu baitzuen Udalak Ekintza Planaren ezarpen maila eta egokitzat jotzen da lortutako emaitzen berri herritarrei ematea. Horrekin batera, urte honetan zehar udal mailatik nahiz eskualde mailatik garatzen ari diren proiektu ezberdinen inguruko informazioa herritarren artean zabaldu eta hurrengo urteari begira martxan jar daitekeen jarduera multzoa bertaratutakoen artean adostu nahiko lukete udal ordezkariek. Hori horrela, Agenda 21en hurrengo herri-batzarraren hitzordua honakoa litzateke:
NOIZ: Azaroaren 17an, asteazkena, 19:30etan.
NON: Udaletxeko Kultur Aretoan.
GAI ZERRENDA
1. Adunako Agenda 21en prozesuaren deskribapen laburra
2. Agenda 21en Ekintza Planaren ezarpen mailaren deskribapena
3. 2010 urteko proiektuen laburbilpena eta 2011 urterako jardueren inguruko adostasuna
4. Bertaratutakoen galdera-erantzunak, eta proposamenak
Informazio gehigarria eskuratu nahi duenak Udalera deitu dezake (943-692571) edo posta elektroniko bat bidal dezake aduna@udal.gipuzkoa.net helbide elektronikora.