Gabino Agudo, Hamaikabat alderdiko alkategaia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko aza. 11a, 14:41

Andoaingo Udal politikagintzan eskarmentu handikoa da, azken lau agintaldietan zinegotzi izandakoa. Orain urte gutxi EAtik aldendu zirenek Hamaikabat alderdia osatu zuten eta Gabino Agudo andoaindarra alkategai aurkeztu dute 2011ko maiatzaren 22ko Udal hauteskundeetarako.

Dagoeneko zure burua aurkeztu dute Hamaikabat alderdiko alkategai gisa. Lehenak zarete pausoa ematen...
Gabino Agudo.
Bai, deigarria izan daiteke, baina dakizunez alderdi politiko berria sortu dugu. Alderdiaren izena eta programa aldarrikatzeko denborarekin hasi behar dugu lanean. Arrazoi nagusiena hori izan da: gizarteari ezagutaraztea Hamaikabat alderdia hor dagoela, lanean jarduteko gogo handiarekin.

Alkategai izango zara, beraz. Agintaldi hau amaitzeko hilabete gutxi geratzen da. Urte luzez jeltzaleekin koalizioan joatearen aldekoa izan zara. Orain ere bai?
G.A.
Gaur egun ere horrela pentsatzen jarraitzen dut. Arrazoi asko dago koalizioaren aldeko apustua egiteko. Zergatik? Bestela ere alderdi politiko asko dago. Gainera,  elkarlanean aritu gineneko esperientziak hor daude. Guk ez dugu inolako arazorik izan EAJrekin batera lan egiteko.

Andoaingo Udal politikagintzan, aldiz, alderdi ez abertzaleak bat etorri ohi dira gai nagusietan. Zure botoa eta EAJrena, berriz, ez da beti ildo beretik joan.
G.A.
Desberdintasunean aberastasuna dagoela esango nuke. Egia esan, agintaldi honetan bi alderdien artean ez da besteetan bezain besteko koordinaziorik egon. Hori sumatu dut, baina niretzat aberasgarria da. EAJrekin zenbait gaien inguruan eztabaidatzeko aukera daukat, bakoitzak bere iritzia emateko aukera dugu.
Ez da ahaztu behar bi alderdiak oposizioan gaudela. Eta oposiziotik bakoitza berea aldarrikatzen saiatzen da. Zure galderaren harian, PSE-EE eta PP maiz ados jarri dira. Horren aurrean irakurketa erraza egin daitekeela iruditzen zait: Alderdi popularraren lehen egitekoa, gobernu taldean edo gobernu taldetik kanpo egon, alderdi sozialistari babesa ematea da. Eta askotan popularrek aztergaiak batere landu gabe babes osoa eman diete sozialistei.
Azken aurrekontuak, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra... EAJren eta gure artean diferentzia handiak izan dira. Egia da, bai. Gobernu taldearen iritzia aldatzeko egin dut. Baina, zoritxarrez, udaletxean eztabaidarik ez da ematen.

Agintaldi amaiera honetan nola ikusten duzu zure burua?
G.A.
Uda aurretik esango nizuke etsita nagoela. Orain, berriz, oso indartsu nago. Gauza asko egiteko dagoela ikusten dut, beste modu batera lan egiteko aukera paregabea dagoela iruditzen zait. Oso indartsu ikusten dut nire burua.

Eusko Alkartasunaren baitan urte asko eman dituzue. Andoainen, zenbat igaro zarete Hamaikabat alderdira? Eta zenbat geratu dira EAn?
G.A.
Andoainen EA uztea erabaki genuenean, egia esan, EAn geratuko zen inor ez nuen topatu. Horrek ez du esan nahi botu emaile guztiak Hamaikabat-era pasa behar dutenik.
Hainbat jende dago, jende heldua, EAtik baja eman, baina Hamaikabat-en altarik ez ematea erabaki duena. Bi eszisio jasan dituzte eta ulertzekoa da.
Niri, gaur arte, ez dit inork esan EAn jarraitu behar duenik.

Udal politikagintzan urte asko egin dituzu zinegotzi modura. Hamasei urte egingo dituzu agintaldia amaitzen denerako. Laster hauteskunde kanpaina batean sartuko zarete. Ilusionatuta al zaude?
G.A.
Bai, ilusio handiarekin nago. Andoainen zerrendaburu izatea planteatu didate. Oraindik, hala ere, sei-zazpi hilabete geratzen dira. Motibazioz beteta nago, lanean jarraitzeko gogo biziz.
Azken aldi honetan, bestalde, hainbat Udal teknikariek esan didate udalgintzan esperientzia izatea baliagarria dela. Oso positiboa da udalgintzan esperientziadun jendea aritzea.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!