Ur Kontsortzioak lasaitasunerako deia egin die andoaindarrei

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko aza. 11a, 14:40

Gipuzkoako Urak S.A. ur kontsortzioa Ibiurko ura Andoainera ekartzeaz arduratzen da; Iñigo Elosegi zuzendari gerenteak herritarrak kezkatzen dituen galdera guztiei erantzun die.

Ibiurko ura sartu arte, Andoainen edaten zen ura ez zen edangarria. Lehen ez zen ezer esaten Ibiurko ura Andoainera laister batean iritsiko zela jakina zelako. Berez, Leitzarango ura edangarria izateko mineralizatu egin beharko litzateke", horixe dio Ibiurko ura kudeatzen duen Ur kontsorzioko zuzendari Iñigo Elosegik. Ez zuten, beraz, ura mineralizatzeko agindu hori ematen Ibiurko ura iristear zelako Andoainera. Eta iritsi, 2010eko irailean iritsi zen Andoaingo etxeetara. Aparteko arazorik gabe, hasiera batean. Bat-batean, ordea, iturriko urak zapore ezberdina hartu zuen eta ur beroak usain berezia hartu zuen. Geroztik, Andoainen beste konturik ez da izan. Kezka eta esames ugariren sorburu izan da.
Aiurri astekariak herritarren kezkak helarazi dizkio Iñigo Elosegiri. Hauexek, bere erantzunak:

Ibiurko ura Andoainen edaten dela denbora igaro da. Azken asteetan, ordea, zaporeari eta usainari dagokionez, gorabehera handiak izan dira.
Iñigo Elosegi.
Iraileko bigarren astean hasi ginen Ibiurko ura Andoainen eskaintzen.
Tolosa, Ibarra, Anoeta, Villabona..., herri horietan uraren desinfekzioa kloro dioxidoa erabiliz burutzen ari zen, arazo handirik gabe. Desinfekzio datuak oso onak ziren herri horietan guztietan.
Aduna, Alegia, Irura eta Andoain herriak Ibiurko ura eramateko azken fasean sartu ziren. Andoainen ez dugu ur sarea gestionatzen, soilik ura eskaintzeaz arduratzen gara. Horregatik ez dugu Andoaingo ur sarea behar beste ezagutzen. Eta azken aldi honetan gertatu dena esplikatzeko ur sarea aipatzea ezinbestekoa da.
Uraren desinfekzioan kloro dioxidoa erabiltzeko sistema berria da, ona eta fidagarria. Baina Andoainen espero ez genuen erreakzioa gertatu da. Bereziki, ur sarean Leitzarango ura erabiltzeari utzi eta Ibiurkoa erabiltzen hasi garelako. Ibiurko ura erabiltzean erreakzioa sortu zen Andoaingo ur hoditerian, eta hori zaporean eta usainean nabaritu zen. Hori ikusita, kloro dioxidoaren kopurua gutxienera jaitsi genuen. Arazoa konponduta zegoelakoan, bat-batean, Ibiurko uraren tenperatura nabarmen jaitsi zen. Tenperatura aldaketarekin erreakzio berriak sortu ziren, berriro ere zaporean eta usainean nabarmendu zirenak.
Horren aurrean, orain 2-3 aste, kloro dioxidoa alde batera utzi eta beste lekuetan erabiltzen den kloro gasa erabiltzea erabaki dugu.
Andoainen, gainera, gertu-gertutik jarraitzen ari gara afera. Azken asteetan ez dugu kexarik jaso.

Udalerriaren arabera, orduan, Gipuzkoako Urak S.A.-k zerbitzu ezberdina eskaintzen al du?
Iñigo Elosegi.
Andoainen Ibiurko urtegiko ura eskaintzen dugu. Hortik aurrera Udalari dagokio uraren banaketa, estolderiaren zainketa, prezioak jartzea eta kobraketa egitea.
Tolosan, aldiz, guk daramagu prozesu guztia.

Herritarrak kexu agertzen ziren udaletxean, eta Udal ordezkariak zuengana ate joka hasi ziren... Zuengan dago orduan erantzukizuna?
I.E.
Kexak adierazteko Udaletxetik hona deika hasi ziren. Hamabost egun dira kexak bideratzeko sistema erraza jarri dugula. Telefono bidez andoaindarrek uraren inguruan egin dezaketen kexa guri bideratzen digute. Dei hori zuzenean gugana iristen da.
Horrez gain, teknikari bat dago Andoainen lanean, kexa agertu duen bizilagunaren etxeko ura ontzi batean sartu eta analisia egiteko. Horretan ari gara, eta aste honetan eta hurrengoan ere gure teknikari hori Andoainen izango da.

Inguruko herriekin alderatuta, Andoain izan al da arazo gehien eman duen herria?
I.E.
Baietz esango nuke. Beste herrietan ez da hainbeste zalapartarik izan. Eta arrazoia hauxe da: Andoainen orain arte eskaintzen zen ura Leitzarangoa zen, eta bere ezaugarrietan desberdintasun handiak ditu Ibiurkoarekin alderatuz gero.
Tolosaldean, aldiz, lehen eta orain eskaintzen zen ur kalitatea ia berdina da. Tolosako ur gordina eta Ibiurkoa antzekoa direlako. Eta hori herri gehienetan horrela gertatu da.
Andoainen, berriro diot, ezberdina izan da lehen eta orain eskaintzen zen uraren artean aldaketa handia dagoelako.

Lehen Leitzarango ura eskaintzen zen eta orain Ibiurkoa. Aldaketa egitean erreakzio kimikoa sortu al da orduan?
I.E.
Hori da. Hoditeria guztietan guk deitzen diogun biofilm-a sortzen da. Denboran zehar hoditeriaren paretetan urak daramatzan ezaugarri organikoen araberako biofilm hori sortzen da. Ikusten ez den geruza modukoa da. Ibiurreko ura sartzean, desinfekziorako kloro dioxidoak biofilm hori askatu egin du eta horren ondorioz uraren usaina eta zaporea aldatu egin dira.
 
Horrelako egoeratan herritarren artean kezka eta beldurra biderkatu egiten da. Ur berriarekin garbigailua edota ontzi-garbigailua hondatu daitezkeela entzuten da Andoainen. Horren aurrean zer esan dezakezue?
I.E.
Guk Andoainen eskaintzen dugun ura Tolosan, Villabonan eta beste herrietan eskaintzen dugun ur berdina da. Are gehiago, Goierriko ura ere beretsua da. Ezaugarri berdinak ditu.
"Ur honek kare aldetik, gogortasun gehiago dauka", kezka hori ere iritsi da nigana. Eta bai, baliteke hori horrela izatea. Baina horrek ez du inongo kalterik sortuko garbigailuetan edota ontzi-garbigailuetan. Ez du inongo kalterik egingo.
Andoainen ere entzun dut, orain gutxi, emakume batek ontzi-garbigailua aldatu behar izan duela. Begira, kalkulo txiki bat eginez, herriaren populazioa kontuan hartuta Andoainen egunero hiru ontzi-garbigailu aldatuko dira. Beti hausten direlako.
Gaurko egunean erabiltzen diren xaboiak daukagun uraren ezaugarrietara egokituta daude. Beraz, Andoainen jasotzen duzuen urak ez du inongo kalterik sortuko garbigailuetan edota ontzi-garbigailuetan.

Eta tabernetako kafe makinan ez al du eraginik izango?
I.E.
Andoainen lehen edaten zen ura mineralik eta gatzik gabekoa zenez, batek baino gehiagok ur filtroa kendu zion kafe makinari. Zer egin behar duen? Filtroa berriro ipini.
Filtroa sei hilabetez behin garbitu beharko du, eta kitto. Hori ondotxo dakite kafe makinen adituek.

Oraingo ur beroak azalean edota ilean erreakzioak sor al ditzazke?
I.E.
Hori ezinezkoa da! Niri ere iritsi zaizkit horrelako komentarioak. Baina ez dago hori pentsatzera eramango duen inolako arrazoirik. Entzun nuen emakume batek azkurea zuela Ibiurko ura dela eta. Harrituta utzi ninduen, nire buruari galdetuz, gainera: "Gipuzkoa osoan ez bada inon gertatzen zergatik gertatzen da Andoainen?".
Edonork proba egin dezake, sar dadila Internet sarean eta ikusiko du milaka pertsonen artean bati edo biri urak azkurea sortzen diola. Inork ez daki zergatik gertatzen den hori. Nik ez dut esango azkure hori egia ez denik, baina urarengatik al da? Ez dago jakiterik.
Lehengoan udaletxean galdetu nuen ea pertsona horrek azkurearekin jarraitzen duen, eta ezetz esan didate. Ez omen du azkurerik orain...

Andoainen ohi baino kontrol gehiago egiten ari al zarete?
I.E.
Bai, Udalak kezka adierazi zuen eta laguntza eman eta bere eskutik joatea erabaki genuen.

Eusko Jaurlaritzak ere uraren analisiak egiten ditu. Haien datuak eta zuenak bat al datoz?
I.E.
Bai. 2010eko maiatzean Tolosaldean hasi ginen Ibiurko ura sartzen eta ordutik hona ez dugu okerreko laginik jaso. Egunean zehar neurketa ugari egiten dugu: Tolosan bi-hiru, Villabonan bat edo bi, Anoetan bat... Gaur arte jaso ditugun neurketa guztietan ura edangarria dela adierazten da.
Edangarria ez den emaitzik ez dugu jaso. Ura neurtzeko ehundik gora parametro erabiltzen dira eta bat bera ere ez da gaizki atera.
Andoainen zapore eta usain ezberdinarekin atera den iturriko ura ere neurtu dugu, eta neurketa guztietan edangarria dela atera da.

Andoaingo herritarrari zer esan behar zaio orduan?
I.E.
Lasai egoteko. Lasaitasun mezua zabaldu behar dugu. Ur prozesua estabilizatu dugu eta esango nuke hurrengo hilabeterako andoaindarrek ahaztuta edukiko dutela orain arte gertatu dena.
Gaur (azaroak 8, astelehena) pentsatzen aritu naiz Ibiurko ura egongo ez balitz, bota duen euritearekin, Andoaingo etxeetara iritsiko zen Leitzarango ura erabat lokaztuta iritsiko litzatekeela. Ez zen edangarria izango. Ibiurko urarekin arazo hori gaindituta dago.

Langelier indizea:  LSI = pH – pHs 

Uraren oreka neurtzeko erabili ohi da. Indizea balorea negatiboa bada, ur hori korrosiboa da. Hoditeria erasotzen du. Eta, aldiz, balore positiboa denean, ur hori txertakorra da. Karbonato kaltzikoa erantsen zaio urari.
Indize egokiena 0 da, eta hori omen da Ibiurko urak eskaintzen duen indizea. Ez gehiago, ez gutxiago.

Iñigo Elosegik analisi sistema hori horrela azaltzen du:
"Langelier indizearen arabera, ura -0,5 eta +0,5 artean egon behar du edangarria izateko.
+0,5 indizetik gora txertakorra da eta -0,5 indizetik behera, bestalde, korrosiboa.
Indizea positiboa denean, urari txertakorra deitzen zaio. Ura berotzean, etxe tresnatan karea edota karbonatuak askatu egiten dituelako. Horren ondorioz trensa horien erresistentziatan itsatsita geratzen dira.
Karea duen ur hori Espainiako hegoaldean ohikoa da; eta hori saihesteko gatza botatzen dute.
Indizea negatiboa denean urari korrosiboa deitzen zaio. Hoditeria jaten dute, batere gatzik eta mineralik ez duelako. Ez da ur destilatua, baina hortxe-hortxe. Eta ur destilatua edateko txarra da. Urak, horrelakoetan, behar duen minerala hoditeriari kentzen dio.
Gaur egun Ibiurrek eskaintzen duen uraren indizea 0 da. Alegia, zero.
Ibiurkoa sartu arte, Andoaingo Leitzarango ura -1,8 indizean zegoen. Batere karerik ez zuen izango baina, adi, ur horrek hoditeria guztia jaten du.
Berriro diot, orain Andoainen jasotzen uraren indizea 0 da. Ur edangarriaren indizean dagoela, alegia".
ELKARRIZKETAREN AUDIOA:

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!