Iaz aurrekontu aldetik Udalak estuasunak igaro zituela eta, Goiburu-Xoxoka auzo elkartea barrutik egokitzeko ez zen diru partidarik izan. Aurten, ordea, ekipamendua behar bezala egokitzeko aukera izan da.
Mikel Izagirre
Urnietako Alkatea
"Xoxoka-Goiburuko auzoko jendearen borondateari erantzunez, eraikina auzotarrentzat berregokitu da. Auzotarren nahia da, Udalak onartua eta Eusko Jaurlaritzako Itsas Mendikoi elkatearekin sinaturiko hitzarmenaren bitartez ahalbidetu izan dena. Zertarako? Auzoko jendearen kultur eta gizarte mailako jarduerak bultzatu eta mamitzeko.
Herrian batek baino gehiagok uste du elkarte gastronomikoa antolatu dugula Xoxokan eta ez da hori. Inondik inora. Auzotarren bilgunea da eta bertatik ekitaldi ugari antolatzen da".
Ainhoa Amundarain
Itsas Mendikoi
"Iaz egin zen lokalaren inaugurazio ekitaldia. Ordutik hona informatika ikastaroa antolatu genuen. Erantzun ona izan zuen eta errepikatzeko asmoa dago. Sendabelarren ikastaroa ere antolatu genuen. Auzoan ere hasi dira ekintzak antolatzen. Besteak beste, igandean Peru-Harrira egindako irteerara joateko auzotarrek autobusa bete dute.
Azaroaren amaieran piano bat bertsotan ikuskizuna eskainiko da areto honetan bertan, Ainhoa Ansaren eskutik.
Eguberriei begira ere, ekitaldi ezberdinak antolatuko dituzte. Baserriz baserri irtetekoak dira. Etorkizunean ere ildo honetako eta bestelako ekintzak ere antolatuko dituzte".
NEKANE UBILLOS
AUZOTARRA
"Auzo elkartea sortu zenetik auzotarren parte hartzea handiagoa da jaietan. Eguberrietan kantujira egin genuen auzo guztian zehar. San Tomas egunean ere mendi irteera eta txistorra eskaini genuen elkartean bertan. Bestalde, hurrengo urteko Santa Ageda bezperan ere aterako gara.
Ainhoak esan duen bezala irteerak, ikuskizunak, tailerrak edota ikastaroak antolatzen jarraitzeko asmoa dugu. Bestalde, haurrei eta helduei begira zer antolatu pentsatzen ari gara. Elkartera gazteak ere gerturatzeko asmoa badugu, ez baita asko animatzen orain arte".
TERE LASARTE
AUZOTARRA
“Elkar ezagutzeko baliagarria izan da, galdutako ohiturak berreskuratzen hasi gara eta hori garrantzitsua da. Aurten, udan, auzoko ume batzuk uztailean ludoteka izan dute elkartean. Proba modukoa izan da eta proba horiek egitea beharrezkoa da. Horri esker haurrak elkarrekin egoteko modua bilatu dugu.
Haurren urtebetetzeak bertan ospatzen hasi gara..., kalera jaitsi beharrean haurrekin hemen egoteko aukera dago. Gerora begira, haurrek dute behar handiena.
Auzoan betidanik edota plaza inguruan ibili garenontzat poz handia da etxe honen inguruan berriz ere elkartzea. Aukera hori edukitzea handia da”.
Peru-harri museora txangoa,
Xoxoka Goiburu elkartearekin
Xoxoka-Goiburu auzo elkarteak antolatu ohi dituen ekintzen barruan, aurreko igandean Leitzako Peru-harri museoan 54 auzokide eta lagunek egun pasako irteeraz gozatu ahal izan zuten.
Txangoa Xoxokako plazan hasi zen, Joxean Altunaren autobus berrian lehen bidaia eginez, gainera. 10:30etan Leitzan ziren, Iñaki Perurena harrijasotzaileak bere baserrian sortu duen museoaren atarian.
Museoaren bisita, bi ordu pasatxokoa izan zen. Iñaki Perurena bera gidari zutela harria, lurra eta hitzaren indarrak uztartzeko gai izan ziren.
Leitzan bazkaldu eta ilunabarrerako Xoxokan bueltan ziren.