Erik
Zein izan da antzerkigintzan orain arte egin duzun ibilbidea?
Erik Arzalluz: Duela dozena bat urte hasi nintzen Lasarteko Landaberri Antzerki Eskolan, “eskolaz kanpoko” ekintza moduan. Batzuk pilota edo futbolean hasi ziren bezala ni antzerkian sartu nintzen, txikitatik dut aktorea izateko nahia. Urtero obraren bat egin izan dugu, gero eta obra garrantzitsuagoak, adibidez, “Grease” pelikularen antzezlana. Antzerkiari esker, aktore agentzia batean sartu nintzen, eta hainbat pelikulatan (Zorion Perfektua, 80. egunean), telesailetan (Martin), laburmetraietan (Itziarren Semeak, Sexu Seguro) partu hartu izan dut. Orain, Urnietan eta Lasarteko betiko taldearekin nabil bi obra diferente prestatzen, eta baita ume txikiekin ere, irakasle bezala.
Lasartearra izanik, nolako esperientzia izaten ari da Urnietakoa?
E.A.: Oso ona, hemengoa ez izanik bertako historian murgildu eta gauza berriak ezagutzen ari naizela esan nezake. Aurreko urteetan egin ditudan obrekin alderatuta oso diferentea da, benetako historia bezala hartu dezakegulako, 1959. urtetik aurrerako gertaerak ikusten ditudalako, ezagutzen ez nituenak, eta hori oso gustuko dut.
Urnieta´59 ikuskizunean Gari izango zara, nolakoa da Gari?
E.A.: Gari ni bezalakoa ikusten dut, ondo pasatzea gustuko duen mutila, xelebrea, pixka bat pasota... Ez dakit, antzerkian ikusiko da.
Nekeza egiten al zaizu entseguetara etortzea? Nolakoa da zuen arteko giroa?
E.A.: Oso gustura etortzen naiz entseguetara. Batzuentzat oso nekeza izan daiteke, entseguak asteazken eta ostiraletan baitira 19:00etatik 21:00etara, eta ordu horietan askok lagunekin egon nahiko lukete trago bat hartzen. Baina ni oso gustura etortzen naiz, antzerkia egiten gozatu egiten dut eta.
Giroa berriz, ikaragarria da, oso ondo pasatzen dugu. Gutxitan egin izan dut antzerkiren bat ni baino asko ere zaharragoak diren pertsonekin, baina oso giro ona dago. Hemen, gutxi gora-behera denak
ezagutzen dira eta aipatu nahiko nuke, beste herri batekoa izanda ere ondo hartzen nautela, eta hori eskertzekoa da.
KORO
Marizulo ikuskizunean parte hartu zenuen, baina noiztik erakartzen zaitu antzerkiak?
Koro Berasategi: Txikitatik erakarri nau antzerkiaren munduak. Haur gehienak bezala txikia nintzenean mozorrotzea eta egoera desberdinak antzeztea gustuko nuen. Gaur egun, eszenatokian ondo sentitzen naiz.
Sarobeko antzerki tailerrean ere parte hartu duzu. Antzerkigintzan, zein da gehien gustatzen zaizun aldea?
K.B.: Zure nortasuna alde batera uztea eta irudikatzen ari zaren pertsonaiaren azalean sartzea.
Urnieta´59 ikuskizunean protagonistetako bat izango zara, erraza egiten ari al zaizu?
K.B.: Gustura ari naiz, oso gustura. Ez dut neure burua protagonistatzat hartzen, talde lana da eta emaitza ere taldeko emaitza izango da, ez norberarena.
Zenbat denbora eskaintzen ari zara astean entsegu lanei. Horrek arazorik sortzen al dizu?
K.B.: Aste gehienetan bi egunetan izaten dut entsegua, aldiko ordu eta erdi edo bi orduz luzatzen direlarik. Entseguek arazorik ez didate sortzen, garbi baititut nire lehentasunak.
GENTZANE
Marizulo ikuskizunean parte hartu zenuen. Zer ikasi zenuen?
Gentzane Belaustegigoitia: Ez dela erreza antzeztea eta testua aldi berean gogoratzea, kar,kar,kar... Partaide izatea zirraragarria izan zen, eta lan taldearen garrantzia ikasi nuen. Bakoitzak bere ekarpena egin eta emaitza opari ederra izan zen.
Saroben antolatutako antzerki eskolan ere parte hartu duzu…
G.B.: Oso interesgarria izan da. Antzerkiaren munduan murgildu eta teknika desberdinak ikasi ditugu, enpatia, konfiantza, memoria, lasaitasuna eta abar lantzeko. Gainera, ikastaro monografikoak ere egin ditugu ahotsa edo Clown-a (pailazoa) lantzeko, besteak beste.
Urnieta´59 ikuskizunaren gidoiari buruz, zein iritzi duzu?
G.B.: Asko gustatu zait. Lan bikaina, ”tele-garraiatzailea” dela esango nuke. Gertakizun historikoak hurbiltasunarekin tratatzen dira pertsonaien bidez.
Erritmo ona eta umore puntua ere baditu, oso dibertigarria eta entretenigarria da,
baina ez nuke gehiago esan nahi ikusleak ezustekoa izan dezan.
Nolakoa da entseguetako giroa?
G.B.: Primerakoa, barre asko egiten dugu. Denok saiatzen gara, eta gure zuzendariaren irakaskuntzak jarraitzen ditugu.
Juankar
Nola gogoratzen duzu Marizulo?
Juankar Erasun: Prestaketa uneari dagokionez, esperientzia berri bat bezala gogoratzen dut; nolabaiteko beldurra eta segurtasunik eza barne, lan horietan ezjakina bainintzen. Esperientziaren ondoren, ordea, poztasun handiz gogoratzen dut, eta eskerrak eman nahiko nizkieke Sarobera gerturatu ziren guztiei, azaldutako maitasun eta esker onagatik.
Sarobeko antzerki tailerrean partaide izan zara, zer ikasi duzu?
J.E.: Barrua hobeto ezagutzen ikasi dut. Ezkutuan neuzkan oztopoak, beldurrak eta lotsak azaleratu ditut; labur esanda, aberastu eta handitu egin naizela sumatu dut. Ezaguera teknikoei dagokionez, ahots-proiekzioa landu dugu, ahoskatzen eta diafragma erlaxatzen ikasi dugu, zenbat adierazpen-teknika ere barneratu ditugu, eta horregatik guztiagatik eskertu nahiko nioke Mikel Agirregomezkortari irakasteko orduan erakutsitako maisutasuna.
Urnieta’59 ikuskizunean protagonistetako bat izango zara, zaila egiten al zaizu?
J.E.: Ez, ez zait zaila egiten ari. Marizulo egin genuenean baino prestakuntza hobea dudalako. Konpromiso eta seriotasun handiz ari naiz lanean, eta ziur nago jarrera horrekin bide onetik goazela. Bestalde, talde mailan lankideengandik asko ari naiz ikasten pertsona zoragarriak baitira.
Testu dexente duzu ikasteko, non aritzen zara testua ikasi eta errepikatzen?
J.E.: Normalean oheratu aurretik memorizatzen ditut testuak, gauez irakurtzeko ohitura dudalako. Ahoskatze-maila egokia lortzeko, naturarekin harreman zuzeneko uneak ere aprobetxatzen ditut; mendian paseatuz, perretxikoak biltzen, baratzean…, batez ere bakarrik nagoenean.