Karlos Besance villabonatar euskal preso politikoaren amari Soto del Realen aurrez aurreko bisita ukatu zioten

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko aza. 10a, 20:06

Villabonako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, Karlos Besanceren ama, beste bi seme eta alabarekin batera, Soto del Real espetxera gerturatu zen atzo Karlos semeari aurrez aurreko bisita egiteko. Bezperan 900 kilometro egin eta gero, 79 urteko emakumeari semea ikusten ez uztea salatu du AAMak, karneta epez kanpo zeukala argudiatuta."Ramonik 900 kilometro egin zituen bere semea ikusi ahal izateko eta ez zuen lortu".


Villabonako Amnistiaren aldeko mugimenduak salaketa egin du egoera horren aurrean. "Klase politikoaren hipokresia eta demagogia agerian uzten dute honelako gertakizunek, isilik geratzen baitira honelakoen aurrean. Argi da estatu espainola dela hemen treguan ez dagoen bakarra. Eta alde bakarreko distentsioek nekez laguntzen dute herri honek bizi duen gatazka politikoa gainditzen. Estatuak aurrera darrai bere eraso guztiekin. Etenik gabe. Mendekua eta txantaian oinarritutako espetxe politikak martxan jarraitzen du.
Behar -beharrezkoa da, eraso eta oinarrizko eskubide urraketa hauen aurrean (ama batek bere semea ikustea oinarri-oinarrizkoa da) herri harresiak eraikitzea. Herri bezala erantzun sendoak ematea.
Villabonako Amnistiaren aldeko mugimenduak bere babes eta laguntza osoa eskaini nahi die Ramoni-ri, Karlosi eta Besance Zugasti familia osoari".
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!