Urnietako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko Kudeatuz Programaren barnean jadanik martxan jarri du hausnarketa prozesu hau. Helburua, udalerriko eragile ezberdinen eta herritarren artean, etorkizunean nolako Idiazabal Kalea nahi dugun imajina eta irudikatzea da, honela, parte-hartzea eta guztion hausnarketa bultzatuaz.
Aurreko asteartean lehenengo bilera ospatu zen; bertan lehendabizi, Urnietako herritarrei egindako inkesta telefonikoaren eta eragile politiko eta tekniko eta hezkuntza eta ekonomi arloko eragileekin mantendutako elkarrizketa pertsonalen ondorio nagusiak aurkeztu ziren, ondoren, hausnarketa bateratua eginaz.
Hausnarketa honen baitan, bigarren bilera azaroaren 9an izango da 19.30etan Lekaio Kultur Etxean. Bilera honetan aholkularitza talde baten eskutik dinamika taldeak egingo dira, Idiazabal Kalearen hausnarketa honekin jarraitzeko helburuz. Bilera hauek irekiak izango dira, beraz, interesa duen edozein pertsona etor daiteke.
Bilera hauen dinamikak jarraitzeko Urnietako Udaleko web-gunean, “URNIETA PARTE HARTZEN”ren atalean, prozesuaren inguruko informazioa egongo da eskuragarri, honez gain bertan ekarpenak egiteko aukera izango delarik.