Mikel Agirregomezkorta Urnieta´59ko zuzendaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko aza. 4a, 12:11

Txanbolin Txistu Banda eta Luis Mari Zalduaren eraginez, 1959tik hasi eta Francoren heriotza arteko urteen Urnietako historia; musika, dantza eta antzerki bidez bilduko duen ikuskizunaren prestakuntza lanetan ari da herritar ugari azken aste hauetan. Ikuskizunaren haria eramango duen antzerkia zuzentze lanetan ari den Mikel Agirregomezkorta elkarrizketatu du Aiurrik.

Umetatik izan al duzu antzerkirako zaletasuna?
Mikel Agirregomezkorta:
Nire kasuan antzerkirako zaletasuna nahiko berantiarra izan zela esango nuke. Gaztetxo nintzenean nik ere futbolerako zaletasun handiagoa nuen. Umetan ez nuen inoiz ere antzerkirik egin.

Noiz gerturatu zinen antzerki mundura? Dakizuna zeure kabuz ikasi duzula esango al zenuke?
M.A.:
Hogei urtetik gora nituela mundu hau erakargarria egin zitzaidan eta nire lehen esperientzia unibertsitateak antolatu zuen graduondoko batean izan zen. Yoga ikastaro bat egiteko izena ematekotan nintzenean, aldatu eta graduondoa egitera joan nintzen. Beste mundu bat deskubritu nuen. Geroztik, ikastaro dezente egin dut; horien artean, 1999 urtean hiru hilabeteko ikastaroa egiten Italian izan nintzela azpimarratuko nuke.  Irungo Legaleón antzerki taldeak antolatutako tailer batzuetan ere esku hartu nuen. Ondoren, lan bat prestatzeko eman ziguten aukera baliatu eta Legaleón izenarekin emanaldi batzuk burutu genituen, ez asko ere. Antzerkiak duen zailtasunetako bat hori baita hain zuzen ere, emanaldiak eskaintzeko aukera gutxi izaten dela. Beraz, esan liteke behin hasi nintzenetik ez dudala inoiz galdu antzerkiarekiko harremana.

Egun, antzerkia zuretzat, ihesbide moduko bat al da?
M.A.:
Hori baino gehiago dela esango nuke. Sumatzen dudan behar bat da. Oraintxe bertan, beste alde batetik bizi dut, zuzendari moduan. Antzezle bezala egin nuen azken lana duela hiru edo lau urte izan zen: Adunako Asvineneak antolatutako lehiaketa batean parte hartu nuen bakarrizketa batekin, eta aurrerago, berriro antzeko zerbait egitea gustatuko litzaidake.

Ba al da bereziki miresten duzun aktore edo aktoresarik?
M.A.:
Izenen bat aipatzekotan, Barden asko gustatzen zait. Ondo transmititzen duelako, oso sinesgarria da eta berehala sarrarazten zaitu pertsonaian.  

Antzerkian, bat etortzen al dira obraren kalitatea eta ikusleen txaloak?
M.M.:
Horretan zeresan handia du, besteak beste, telebistak.  Aktore ezagunak izateak mugitzen du bestela mugituko ez litzatekeen ikusle asko. Hori berez ez da txarra, baina era berean, hainbesteko izenik ez duen antzerki talde batek agian egin lezake izugarrizko obra bat. Eta jendeak askotan ez du erantzuten lan horren kalitateak mereziko lukeen neurrian.

Zuzendari moduan, zein da zuretzat saririk preziatuena?
M.M.:
Jendeak jartzen duen lanerako gogoa, lan giro hori sumatzeak asko pozten nau. Baita ere, esango nuke oso ezberdina dela antzerki tailer bat zuzentzea edo antzerki lan bat zuzentzea; tailerrean lan metodologia desberdina da eta momentu on gehiago izaten dira. Obra bat prestatzen ari zarenean harira joan behar izaten da eta sorkuntzari toki gutxiago ematen zaio.

Zertan da une honetan Urnietako antzerki tailerra?
M.M.:
Orain ez dago martxan, bertako parte hartzaileak Urnieta´59 lana prestatzen ari dira, eta hori bukatzean berriro jarraipena izango du.

Zein dira tailerrean parte hartzeko pertsona egokiak?
M.M.:
Edozeinek parte hartzeko modukoak dira tailerrean egiten ditugun ekintzak.

Lotsatiak ere bai?
M.M.:
Bai. Lotsatiak lotsati izaten jarraituko du, baina agertokian transformatu egiten da. Hori askotan gertatzen da, eta nork bere burua ezagutzeko primerako baliabidea da.
Zuzendariaren ikuspuntutik, Marizulorekin alderatuta, nolakoa da Urnieta´59?
M.M.: Dudarik gabe, exijentzia handiagoko lana da. Bestalde, norberak jartzen duen exijentzia maila ere altuagoa da oraingoan, eta hori denoi gertatzen zaigu; bai gidoigileari, bai aktoreei, bai musikariei, denoi… Baina hala ere esan behar da Marizulo prestatu genuenean baino arinago goazela. Antzerki tailerraren eragina ere nabaritzen da. Gero, noski, emaitza izan liteke hobea edo okerragoa.

Zer ikusiko da lan berri honetan?
M.M.:
Marizulok baino askoz ere gertuagoko historia kontatzen duela ezaugrri nabarmena da. Horrek noski, bere arriskua badu, adin batetik gorako jendearentzat ezaguna delako kontatzen den hori; baina aldi berean arrazoi berberagatik, erakargarriagoa ere bada, askok bere burua hor irudikatuta ikusiko dutelako. Herritar askorentzat bere bizipenekiko izango duen gertutasun hori azpimarratuko nuke.

Ikusleek erraz ulertzeko moduko ikuskizuna al da Urnieta´59?
M.M.:
Uste dut ez dela arazorik izango ulertzeko orduan. Oso ulergarria dela iruditzen zait:  herriko benetako erreferentziak aipatzen dira, musika izango du, irudiak izango ditu..., azken finean, Urnietari buruz hitz egiten da, eta gainera gertu dagoen garai bati buruz ari gara.

Zer esango zenuke parte hartzaileen inplikazioari dagokionez?
M.M.:
Oso inplikatuta dago jendea. Sorpresa onak ere hartu ditut; adibidez batzuek di-da batean testua etxean ikasita etorri ziren. Horrek adierazten du ardura eta gogoa; inplikazioa, azken finean.

Estreinaldi egunerako zer esango zenieke aktoreei?
M.M.:
Hori azterketa bat egitearen modukoa dela. Ez zara inoiz ohitzen, beti urduri joaten zara, eta esango nuke urduritasun punttu hori izatea ona ere badela, tentsio hori mantentzeak adi-adi eta zentratuta egoten laguntzen baitu.

Eta nolakoa izaten da zuzendariarentzako estreinaldia?
M.M.:
Urduritasuna izaten dut, ezin uka, baina dena ondo aterako dela pentsatzen dut beti. Badakit edozein gauza gerta litekeela, baina ez naiz gehiegi kezkatzen, aurretik lana behar bezala egina baldin badago erruz lasaitzen naiz. Noski, ondo baino hobeto ateratzea nahi izaten dut, eta horretarako garrantzitsua da aurretiko etxeko lan guztiak ondo eginak izatea. Adibidez, Marizulon, emanaldi bakoitzean bizipen ezberdinak izan nituen; batean hunkitu egin nintzen, beste batzuetan ez hainbeste, momentuko egoeraren araberako sentipena izaten da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!