Postontzia: "Etxeberrietas existe auzokide elkartea"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko aza. 4a, 11:56

Etxeberrietas Existe auzokide elkartea, oraingoz, gehienbat Larramendi atzealdeko auzokide batzuk osatzen dugu; izan ere, 2010eko otsailean batzuk kezkatsu geratu ginen, Udalak esan zigunean gure etxe-blokeak ez direla bateragarriak  Hiri-Antolamendurako Plan Orokorrarekin.
Momentu hartan ez genekien zehatz zer esan nahi zuen “ordenaziotik kanpo” lagatzeak, baina zuzenean erasotuak sentitu ginen gure etxeak bota egingo zituztela esan zigutenean. Orain, han eta hemen kontsultatu, irakurri eta galdetu ondoren, hasierako sustoa pasa ondoren, geure burua kokatu dugu, badakigu gutxi gora-behera non sartu gaituzten eta erabaki dugu A.I.U.15.ETXEBERRIETA egitasmoa osatzeko orduan parte-hartze aktiboa izan behar dugula, gure sentipenak eta iritziak emanaz, alternatibak aurkeztuaz eta abar; bestela, politikoek, gure ordezkariek, erabakiko dute gure ordez eta behin erabakia hartu denean, badakigu: gustatzen bazaigu “ondo”, baina bestela “aurretik esan behar zenuten”.
Etxeberrietas Existe elkarteak parte-hartzea aukeratu du, parte-hartze hori, momentu batzuetan, itxarotea besterik ez bada ere. Ez da hautaketarik erosoena, baina mehatxua “aukera” bihurtu nahi dugu, inplikatu nahi dugu eta horrela gure auzoa hobetu, behingoz integratu, elkarbizitzarako toki bihurtu; azken finean, denok onurak izateko bidea egin nahi dugu. Hori dela eta, gure jomuga ez da Larramendi atzealdera mugatzen, horregatik jarri diogu Etxeberrietas izena; elkarte moduan eratu garenez, auzoko lagun guztien esku jarri nahi ditugulako horrek Udalaren aurrean dakartzan abantailak, proposamenen bat egiterakoan,  kexaren bat aurkezterakoan, eskaera bat egiterakoan eta abar. Azken finean, horrela, Udalak kasu gehiago egiten dizu, legeak behartu egiten du eta. Eta lokalen bat lagatzen digutenean, ba..., txanpainarekin ospatuko dugu. Iritsiko da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!