Markel Olano Ahaldun Nagusia andoaindarren artean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko aza. 4a, 11:56

Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusia Andoainera bertaratu eta hainbat elkarteetako ordezkari eta herritarrekin bildu zen, horien galderak entzuteko asmoz.
Eneko Goia, Bide Azpiegituretako diputatua ere Olanorekin izan zen. Topaketa herriz herri zabaltzen ari den “Zure herrian” izeneko kanpainaren barruan kokatzen da.

Ekitaldia burutu aurretik, kazetarien galderak erantzuteko tartea izan zuten Markel Olanok zein Eneko Goiak.

Nork sortzen du errespetu gehiago: politikoek, kazetariek ala jendeaurreko ekitaldiek?
Markel Olano:
Errespetu handia diet ekitaldi horiei, gertutik eta era gordinean ikusten baitira herritarren kezkak eta arazoak. Politika egiteko modu berritzailea aldarrikatzen dugu, eta alde horretatik, bere arriskua dakar jendaurrekoak, noski. Beldur eta erreparo puntu bat izaten dugu herri batera goazenean, baina gero ikusi izan dugu jendearekin konektatzen dugula; halakoetan, asebeteta ateratzen gara herri horietatik. Gertuko izaten saiatzen gara, herritarrek beren arazoak erabateko errespetuz planteatzen dituzte, eta horrela era naturalean lor liteke komunikazioa.

Artean jaso duzuen kritikarik latzena gogoratzen al duzue?
M.O.:
Ez nuke bat edo beste bereiziko. Herri bakoitzak bere dinamika eta bere arazoak ditu, eta esate baterako, batean planteatuko dizute zaharren egoitzaren gaia, itxarote zerrenda luzea delako. Beste batean, ezker abertzalearekin zer gertatzen den galdetzen dizute…
 
Noiz da onartzekoa N-1 errepidearen saihesbidearen trazatua?
Eneko Goia:
Proiektua erredakzio prozesuan dago oraintxe; 2011ko martxorako idatzia egongo dela pentsatzen dugu. Ondoren, kaltetuak izango diren lur zatiak definitu eta desjabetze espedienteei ekin behar zaie; horiek burutu ostean, proiektuaren erakusketa publikoa, jabeen alegazioen epea irekitzea eta desjabetzeak etorriko dira. Prozesu horrek guztiak 2011ko urtea eramango du, eta jada 2012an hasi ahal izango da proiektua benetan burutzen.
 
Proiektuak Andoaingo herritarren nahia asetuko duela iruditzen al zaizue?
M.O.:
Baietz uste dugu. Trazatuaren erredakzioa nahiko atipikoa izan dela gogoratu behar da. Hasieratik hartu dira kontuan herritar eta auzotar kaltetuen iritziak, nahiz eta jakin inoiz ez dela lortzen guzti-guztien nahiak asetzea.
Normala dena baino denbora gehiago hartu da prozesuan. Andoaingo Udalak bere eskumenekoa ez den errepide bati buruzko ikerketa eskatu dio enpresa bati, ohikoa ez den jokabidea.

Udala kexati dago Diputazioak ez diolako behar adina laguntzen Leitzaranekin lotutako proiektu turistikoari, edo eta dirulaguntza murriztu diolako arrantza eskolari…
M.O.:
Leitzaranena arautze kontua dela iruditzen zait, diruarena baino.
E.G.: Arrantza eskolari Gipuzkoako 88 herrietako hainbat proiektuei gertatu zaiena gertatu zaio zoritxarrez, dirua murriztu zaiola, alegia. Ulertzen dugu Andoaingo Udalak bere interesen aldeko defentsa egitea, baina normala ere bada guk lurralde osoarena egin behar izatea.

Gipuzkoan politikoek sinesgarritasun eskasa duzuela aipatzen ari zarete. Ez al zaizue iruditzen egitasmo handiekiko (erraustegia, AHT, Superportua…) herritar askok eduki dezakeen iritziak eraginik izan dezakeela irudi ezkor horretan?
M.O.:
Demokrazia batean legitimitatea ordezkari politikoek daukate. Hori horrela izanik ere, ez du esan nahi herritarrek zer esanik ez dutenik debate batean; hain zuzen, herritarren parte hartzea bultzatzen duen Foru arau bat jarri berri dugu martxan. Gertatzen da zenbaitek prozesu hori erabili dezaketela desligitimatzeko, hain zuzen, gehiengo batek daukan erabakitzeko eskubidea.
Egia ere bada aipatu proiektu horiek gaindituta dauden debateak direla.

OLANO ETA GOIA BASTERON,
HERRITARREKIN SOLASEAN

Andoaingo hainbat arlotako elkarte eta eragileei gonbidapena bidali ostean, hirurogei herritar bertaratu zen ekitaldira. Guztien artean, kopuruan, EAJko jarratzaileak nabarmendu ziren.
Ekitaldiaren lehen zatian, Markel Olanok eta Eneko Goiak hartu zuten hitza, Aldundiaren egitasmoak azaltzeko. Aurkezpena zazpi arlotan banatu zuten: mugikortasuna eta komunikazio azpiegiturak; lurralde oreka; ingurumenaren zainketa; nortasunaren sakontzea; ongizatea eta elkartasuna; ekonomia garapena eta bakea, eta azkenik, normalizazio politikoa lortzea.
Ia ordubeteko jarduna egin ostean, entzuleei txanda eman zitzaien, nahi zituzten galdera edo eskaerak egin zitzaten. Ez ziren gehiegi animatu eta jarritako denbora baino lehenago amaitu zen ekitaldia. Galderen txandan, bi izan ziren soilik Andoain herriarekin estuki lotu zitezkeenak: bata, Internetez luzatutakoa, N-1eko sahiesbidea noizko galdetzen zuena; besteak, berriz, Kale Nagusiko herritarren kezka agertzen zuen, Santa Krutz zubipean dagoen begetazioak, etorkizunean, uholdea sor zezakeela ohartarazteko.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!