Astelehenean jendetza bildu zen zure semearen aldeko pailazo ikuskizunean...
Vicen Carmona. Uff, izugarria da. Gure aurreikuspenak nabarmen bete dira.
Hiru jai egun izatean, Karlota alaba eta ni Galiziara joan ginen Maria emaztearengana eta Markelengana. Koinaten bidez dakigu jendetza bildu zela. Aretoa handiagoa balitz jende gehiago sar zitekeela esan didate. Egia esan, esker ona ematea dagokigu. Harrituta gaude orain arte jaso dugun erantzunarekin.
Joan zirenei eta beste bideetatik elkartasuna adierazi digutenei esker ona eman nahi diegu.
Laguntza ekonomikoaz gain elkartasuna ere eskertzekoa da, ezta?
V.C. Bai, bai. Batek bestea bezainbesteko balioa du. Herritarren laguntza espero genuen, baina ez hainbeste.
Ezinbestean, beraz, familia erdia Galizian dago eta bestea Urnietan...
V.C. Irailaren 7an Maria emaztea, Karlota alaba, Markel eta laurak Galiziara joan ginen. Han izan ginen denak urriaren 7ra bitarte. Geroztik, han jarraitzen dute Markelek eta emazteak. Alaba eta neu, berriz, hemen gaude. Alabak eskolan hasi behar zuelako, eta neuk lanean.
Zer moduz dago Markel?
V.C. Garun lesio bikoitza dauka, orain gutxi jakin dugu. Hiru urte eman ditugu han eta hemen galdezka, eta orain jakin dugu zein arazo duen. Galiziara joateko Markelen txostena eraman behar genuen, eta han aurkeztu genuenean 2007ko erresonantzian garun lesioa agertzen zela jakin dugu.
Hemengo medikuak ez zigun deus esan. Bartzelonan, Bilbon..., hainbat tokitan izan gara haurrak zein gaixotasun duen jakin nahian. Eta, nonbait, hasiera batetik argi zegoen garun lesioa zuela.
Galiziara jo dugu hango fundazio batera, hazkuntzarako hormonetan oinarrituriko tratamendua egiteko. Horrez gain, fisioterapia edota logopedia saioak egiten ari da.
Hazkuntzarako hormonetan oinarrituriko tratamendu horri esker Markelen egoeran dauden pertsonak mugikortasunean edota hizkeran hobekuntza izaten ari dira.
Hara joan gara eta, ondoren, denbora honetan Markelen hobekuntza ikusi dugu hainbat alorretan. Markel eserita egoten da, zutik jartzeko gai da, baina ez da oinez hasten. Ez du hitzik egiten, eta eskuak ez ditu behar bezala mugitzen. Eta hilabete eta erdiko tratamenduarekin hobekuntza nabarmena ezagutzen ari da. Txalo egiten du, eskuekin gauzak hartu eta itzuli egiten ditu, eskailarak erraz igo eta jaisten ditu...
Hitzak esaten ere hasi da, ez zaio gehiegi ulertzen baina gauza ulergarriak esateko pauso txiki batera dagoela dirudi. Beraz, zalantzarik gabe, pozarren gaudela esan genezake.
Itxaropentsu zaudete, orduan?
V.C. Bai, bai. Eta denborarekin hobetuko duela uste dugu. Desiragarriena Markel handik oinez irtetea litzateke. Emazteak haurra hartu eta batetik bestera eraman behar du. Lau urte ditu eta 25 kiloko pisua du. Emazteak dagoeneko bizkarreko arazoak ditu. Markel oinez ibiltzeko gai dela irtetea, hori litzateke desiragarriena.
Medikuek zer diote?
V.C. Aukerak badituela diote, baina itxaron egin behar dela. Hormonak berarengan zer nolako eragina duen ikusi behar da. Ez erabat, baina oinez ibiltzeko moduan irten daitekeela diote. Ez gu bezala, noski, baina bere kabuz moldatzeko moduan bai.
Hitz egiteko moduan izango dela ere uste dute. Medikuak harrituta daude gabezia horrekin, ez baitute ulertzen zergatik ez duen hitzik egiten.
Zergatik joan behar duzue Galiziara?
V.C. Leku bakarra da tratamendu hori egiten ari dena. Ez da klinika, fundazioa baizik. Mediku katedradun baten ardurapean dago. Bere semeak istripu larria izan zuen eta semeari laguntzeko hazkuntzarako hormonetan oinarrituriko tratamendua martxan jarri zuen. Onura izan zuela ikusita, fundazioa sortu zuen antzeko egoeratan dauden beste pertsonei ere laguntzeko.
Markel haurra, beraz, lehen baino hobeto garatuko dela esan daiteke?
V.C. Bai, bai. Lehen egiten ez zituen gauzak egiten ditu orain. Aspacen hiru urte eman ditu eta han izandako garapena oso apala zen. Galizian bi hilabeteko epean izan duen garapena askoz handiagoa izan da.
Urte zailak bizi izan dituzue, orduan?
V.C. Gogorra izan da, bai.
Hobekuntza ikusita, beste modu batera egingo duzue aurrera...
V.C. Bai, orain sufritzea tokatzen da. Semea eta emaztea hemen direnean merezi izan duela pentsatuko dugu.
Noiz izango da hori?
V.C. Datarik ez dago. Haurrak bere garapenean goia jotzen duenean itzuliko dira.
Alaba ere baduzue, zer moduz darama egoera?
V.C. Karlotak sei urte ditu. Orain hasi da egoeraz jabetzen. Gaizki darama, ama eta anaia Galizian daudelako.
Egoera honetan kostu ekonomiko handiari egin behar diozu aurre, ezta?
V.C. Hangoa fundazioa da, donazioak ematen ditugu fakturarik ez dutelako egiten. Bestalde, emaztea eta Markel han bizi dira etxe batean. Eta alaba eta ni hemen bizi gara beste etxe batean. Kostua oso altua da. Hasiera batean hilabeterako joan ginen. Hilabeterako joatean ez dago arazorik, baina egonaldia luzatzen ari da. Bospasei hilabetez han egongo direnez, justu antzera gabiltza.
Koinata bati errifa egitea bururatu zitzaion, ondoren pailazoen saioa antolatzea pentsatu zuten. Lagun baten bitartez kontzertua egingo da hurrengo hilabetean. Jendea ahal duen neurrian laguntzen ari da.
Nola nahiko zenuke egon hemendik hilabete batzura?
V.C. Familia osoa hemen egotea nahi dut, eta Markelen osasunak garapen handia izatea.
Zerbait erantsi al nahiko zenuke?
V.C. Eskerrak eman nahi dizkiet herritarrei. Laguntza jasoko genuela espero genuen, baina ez hainbeste. Emaztea eta ni pozik gaude, pozik eta harrituta.
Laguntza ekonomikoa:
3035 0148 15 1481036320.