Aita Larramendi auzunearen 50. urteurreneko ospakizuna

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko aza. 4a, 11:51

Aurreko larunbatean auzuneko giltzak banatu zituztela berrogeita hamar urte bete ziren. Efemeridea Doktor Huitzi kaleko 2. zenbakian ipinitako plaka batek gogoratuko du.

Urriaren 30ean, 1960. urtean, familia gazte ugariri etxe berrien giltzak banatu zitzaizkien. Ehunka pertsona izan ziren; Andoaingoak asko, baina baita inguruko herrietakoak eta bereziki Espainiako hainbat tokitatik etorritako beharginak ere. Auzunea haien guztien bizitoki bilakatu zen. Berrogeita hamargarren urteurrenean auzotar ugari hurbildu zen Doktor Huizi kaleko 2. zenbakian Udalak deituriko ekitaldira.

Ekitaldi instituzionalean, Estanis Amutxastegi alkateak eta Gurutz Irigoras zinegotziak 50. urteurrena gogora ekartzen dituen plaka bistaratu zuten. Hura amaituta, bertaratuen artean auzunearen historia biltzen duen liburuxka banatu zuten.

Liburuxka horretan Karmele Otaegi Udal teknikariak bildutako datuen arabera, jatorri ezberdineko familiak bizitzen jarri ziren. Kopuruan andoaindarrak heren bat ziren, eta beste bi herenak kanpotik etorritakoekin osatu ziren. Hurrenez hurren, gipuzkoarrak, nafarrak, Gaztela Leongoak eta Extremadurakoak nabarmendu ziren. Andaluziarrak edota galiziarrak ere auzunean bizitzen jarri ziren, kopuru txikiagoan hala ere. Otaegik berak larunbatean nabarmendu zuenez, auzunea integrazio onaren eredutzat har daiteke.

Mari Karmen Mendinuetak poza eta kexa biak batera agertu zituen 50. urteurreneko plaka jarri zuten ekitaldian, "oso ondo iruditzen zait gaur egin duten ekitaldia. Mugikortasun aldetik, ordea, egitekoa handia da oraindik ere. Gernika atzeko kaletik arrapala egin daitekeela iruditzen zaigu, izan ere, murgikortasun aldetik arazoak ditugu".

Leire Ormazabal auzoan jaiotakoa da, "bizitza guztia hemen egin dut, Larraulera joan naizen arte. Umeak ere hona ekartzen ditut ama non jaio den ikus dezaten. Haurtzaroko oroitzapenak oso politak dira, adin tarte ezberdinetako haurrak elkarrekin aritzen ginenekoa. Hori orain herri txikietan bakarrik gerttzen den joera da. Gaur egun haurrak eskolatik atera eta etxean egiten dute bizitza. Lehen, aldiz, kalean biltzen ginen. Larraulen bizi arren hemen bizi den jendearekin harreman ona izaten jarraitzen dugu".

Karmele Otaegi Udal teknikaria eta liburuxkaren egileetakoa da, "Auzuneak 50 urte bete behar zituela kontuan hartuta, Joxe Mari Ormazabal eta Ongi Etorri tabernaren ingurukoak ideiak lantzen hasi ziren. Udalak zerbait argitaratzea interesgarria izan zitekeela iruditu zitzaigun. Peio Urrutiak auzoko eraikuntzen inguruan egin zuen lana argitaratzea interesgarria iruditu zitzaidan, eta auzoko zenbait arlo azaltzea ere polita litzatekeela pentsatu genuen. Nik landutakoari dagokionez, besteak beste, zenbat jende bizi zen azpimarratzen da. Garai hartakoa kotxerik gabeko eta umez jositako auzunea zen.
Datuak ere txertatu ditugu. Esaterako, zenbat haur jaio zen lehen urteetan: lehen urtean 43, hurrengoan 57..., jaiotze tasa izugarria zen garai hartan. Gizonezkoak lanean aritzen ziren bitartean emakumeak etxekoandreak ziren.

Beste garai bateko gizartea zen hura, gaur egungoarekin zerikusirik ez duena.
Auzo honek izan duen ezaugarrietakoa da hemen bildu dela bertako jendea, eta kanpotik etorritakoa. Integrazio maila ona izan dela esan daiteke".
Jose Mari Ollakarizketa pozik dago, auzunearen historiaren zati bat osatzen duelako. “Auzo honetan jaio nintzen, eta bertan jarraitzen dut bizitzen. Hamaika jolas egindakoa naiz bertako edozein zokotan! Eneko Lopez eta beste gazte batzurekin ibiltzen nintzen ni gustura. Orain ia denek aldegin dute bertatik”.

Joxe Mari Ormazabal auzunearen inguruko ospakizunetan buru-belarri aritu da, “54 urte ditut baina inauguratu zenetik hemen bizi izan naiz. Gaur 50 betetzen dira etxeetako giltzak banatu zirela. Gaurkoaren aurretik, lau urte dira bazkaria egitekotan pentsatzen hasi ginela. Geroztik hiru egin ditugu. Orain arte lanean aritu gara eta ez dakigu hortik aurrera ospakizunekin jarraituko dugun ala ez. Bazkarian jendeak errepikatzeko gogoa adierazi du, baina ez dakigu segidarik izango duen.

Guztia antolatzeko lan egitea tokatu zaigu, baina polita izan da. Udalari eskerrak eman behar dizkiogu inplikazio maila handia erakutsi duelako. Karpa jarri zuten udaberriko bazkarian, eta liburuxka argitaratzeko ere dirua ipini du".

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!