Leiçaur ikerketa historikoen aldizkariaren zenbaki berria Basteron aurkeztuko dute azaroaren 4an

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urr. 29a, 19:14

Azaroaren 4an arratsaldeko 18:30tan hasita Leiçaur Andoaingo ikerketa historikoen aldizkariaren zenbaki berria aurkeztuko da Basteroko Erakusketa Aretoa. 11. zenbakia izango da.

11. zenbakia  honako lanak osatzen dituzte:

  • Saioa Artiach Camacho bizkaitarraren “Errentamendu-kontratua Andoaingo historian (XVI-XIX. mendeak)” Historian zehar, errentamendu-kontratua Andoaingo hiribilduan kokatzen ziren mota ezberdinetako ondasun higiezinentzat egiten zen, hala nola errotak, burdinolak edo lursailak, oso ezaugarri bereizgarriekin. Kontratu horiek XVI eta XIX. mendeen artean, hau da, Kode Zibila indarrean jarri aurretik, zenbait eskritura publiko eta epaiketa egiteko bidea eman zuten. Haien egiazkotasuna frogatuta dago, izan ere, Artxibo Historikoetatik datoz. Egileak, horien analisia egiteak jakitera eman digu, besteak beste, zein elementuk osatzen zituzten kontratuak eta aipatutako garaiko araubide juridikoa (Andoaingo Ohiturak egiteko garrantzitsua zeukan horien gainean), hiribilduko zenbait ondasun eta bizilagunen nota historiko ezberdinez gain.
  • Urtetan Leitzaran Institutuaren irakaslea izan den, Pedro Berriochoaren “Nekazaritza mundua XIX-XXeko mende aldaketan”.1920ko hamarkadaren erdialdera arte industria sektoreak ez zuen lortu bere nagusitasuna. Zaharra eta modernoa elkarrrekin bizi izan ziren hamarkada askotan. Baserria herriaren ardatz ekonomikoa izan zen, mendetan. Hala ere, eta clichéak kontrakoa badio ere, nekazaritza mundua aldatu egin zen. Baserritar txiroa, maizterra kasu gehienetan, beti prest egon zen beste sektore batzuetan lan egiteko. Mundu zaharra (herri lurrak, autoaskitasuna, oinarri komunitarioak) beheraka etorri zen. Baserria modernitatera zabaldu zen: jabego indibiduala, monetarizazioa, merkatua, abeltzaintzarako bokazioa, kontsumo handiagoa, bizimodu berriak eta aisia modu berriak. Baltzuketa Handia aldaketa horien guztien adibidea da, eta haren etxekojauna, Cándido Mendizabal Zatarain, baserritar ilustratuaren eredua izan zen, eta haren garrantzia herriko mugetatik at zabaldu zen.
  • EHUko irakaslea eta andoaindarra den Ezekiel Collantesen “Eraikin-multzo industrial baten birmoldaketa: Laborde Hermanosetik Martin Ugalde Kultur Parkera”. XX. mendearen lehen erdian enpresa txiki eta ertain ugari sortu ziren Gipuzkoan. Hauetako eraikin industrial asko Gipuzkoako Mugimendu Modernoaren erreferente arkitektonikoak bilakatu dira. Laborde Hermanos fabrikaren lehen eraikina 1928an egin zuten. XX.mendean zehar eraldatuz eta handituz joan zen Mugimendu Modernoaren adibide bitxi hau. Eraikin multzoaren bilakaeran hantzeman daitezke mende horretako eraikin industrialen tipologiak eta teknika konstruktiboen garapena. XX.mende amaieran industriaren krisialdiak bultzatuta, eraikin multzoak erabilera berriak jasoaz joan zen. XXI.mende hasieran fabrika zaharrak birmoldaketa sakona izan zuen, Martin Ugalde kultur-parkea jasoaz.
  • Aski ezaguna den Xabier Lasa andoaindarraren “Oroimenaz mintzatzen diren Andoaingo kale bazter eta natur zokoak”. Ikerketa honek Andoaingo udalerrian topa daitezkeen esanahi bereziko objektuen nolabaiteko katalogoa izan nahi du; hau da, edozein kale, plaza, etxe horma, mendi gain, naturgune, edo gainerako bazterretan aurki daitezkeen plaka, monolito, gurutze, buzoi, artelan, panel e.a.en zerrenda.
    Gizakiak jarri ditu dauden tokian; irizpide artistikoaz eginak izan ala ez,  helburu anitz ditu horietako bakoitzak: bizia ematea espazio publikoari, informazioa helaraztea ikusleari, pertsona publiko zein anonimoren bat edo giza kolektiboren bat omentzea… Diren helburuak direla, Andoaingo gizartearen memoria historiko indibidual edo kolektiboekin batetik, eta, udalerriaren balio kultural edo naturalekin bestetik, lotzen dira.  
  • Peio Urrutia Andoaingo gaurkotasunaren kronistaren “Hamabi  mila eta hiru: hamarkada baten bukaerarako apunteak: Andoain, 1966-1970”. Artikulu hau, Andoainek hirurogeigarren hamarkadaren bigarren erdialdean bizi zuen errealitate sozial, ekonomiko eta politikoaren atariko-ikerlan gisa planteatu da.  
  • Eta Jose Manuel Etxaniz Makazaga doktorearen; “Andoaingo albeitari eta albaitariak”. Jaiotzetik, auzotasunagatik edo lanpostua bertan izanagatik herri honekin lotuta izan diren ferratzaile, “albeitare” eta albaitari batzuen nominaren berri biltzen du eta euren azalpen biografikoa eginez, beren lanbidea bete bitartean jazotako pasadizo batzuk deskribatzen ditu.
 
Nahiz eta liburuaren prezioa 7 eurokoa izan, aurkezpen egunean liburua 5 eurotan salduko da. Bilduma osatzeko nahian dabiltzanak, aurreko zenbakiak eskuratzeko aukera izango du ere aurkezpena amaitzerakoan eta zenbaki hauek ere, egun horretan bakarrik, 5 eurotan salduko dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!