Idiazabal Kalearen etorkizuna, bileretan parte hartzeko deialdia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urr. 28a, 17:51

Urriaren 26an ez zen bilerarik izan, eta Udal arduradunek hurrengo bi astearteetan burutuko direla ziurtatu dute. Idiazabal kalearen etorkizuna aztergai izango da Lekaion azaroaren 2 eta 9an, iluntzeko 19:30etan hasita.

Plan Orokorrari lotuta doa Idiazabal kalearen etorkizuna. Behin Planari oniritzia ematean, aurrera eramango dira hirigintza mailako egitasmoak. Horien artean, Idiazabal kalearena.
Aldundiak herrigunea zeharkatzen duen errepidea Urnietako Udalaren esku uzten duenean, Udalak egitasmo berrien exekuzioari ekingo dio. Eta zeintzu dira egitasmo horiek? Zehazteko daude, izan ere Udalak errepidearen eta inguruaren eraldaketak urnietarren parte hartzearekin burutu nahi ditu.

Merkatariak, bizilagunak eta herritarrak oro har gonbidatu nahi dituzte bileretan parte hartzera. Herritarrek ekarpenak egiteko aukera izango dute, Lekaioko bileretan parte hartuz edota webgunearen bitartez proposamenak eginez.

Mikel Izagirrek Idiazabal kaleak herritarren artean duen garrantziaz ohartarazi zuen agerraldian, "Plan Orokorra eztabaidatzeko lau bilera deitu ditugu, eta Idiazabal kaleari buruz beste bi. Bada, lehen bileratik hasita zuzenean herritarrek Idiazabal kaleaz galdera egiten zuten. Bilera horien dinamizatzaileak eztabaida bideratu ez balu, Plan Orokorrari buruz deituriko bilerak Idiazabal kaleari buruzko monografikoak lirateke. Kale horren etorkizunak sortzen duen interesaren adibide da".

Adierazpen horiek Urnietan egin zituen Edurne Egaña Foru Administrazioko diputatuarekin batera eginiko agerraldian. Egañak txalotu egin zuen Idiazabal kalearen inguruko eztabaida Foru Aldundiak sustatu duen parte hartze prozesuaren baitan egitea, “Kudeatuz programa barruan dagoeneko hogeita hamar udalerrritan parte hartze prozesuak martxan jarri dira”. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!