Jubilatuak eta pentsiodunak ere protestan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urr. 28a, 17:50

Jubilatuen eta Pentsiodunen plataformak sortu dira Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan. Gutxieneko aldarrikapen batzuen inguruan bildu dira hainbat elkarte eta sindikatu. Ostiral honetan, eguerdirako jarri dute hitzordua Donostian, manifestazioa egiteko. Jesus Alvarez eta Iñaki Martiarena andoaindarrak plataformako kideak dira.

Espainiako Gobernuak jubilatu eta pentsiodunak miseria gorrira kondenatzen zaituztela diozue…
Jesus Alvarez: Premia gorrian bizi da pentsiodunen gehiengo handiena; bizitza duina ziurtatzeko estimatuta dauden 1.022 euro baino askoz ere gutxiago jasotzen dute askok eta askok.
Emakume eta alargun askoren kasuan, gainera, are baldintza okerragoetan bizi direla esan behar da. 2011rako pentsio izozteaz bakarrik hitz egiten digute, eta bien bitartean, bankuei eta erakunde finantzieroei diru laguntzak ematen dizkie, irabaziak handitu ditzaten. Pentsioen izoztearekin, gure erosteko ahalmena 2011n %10ean galduko dela kalkulatzen da.  

Osasungintzan ere, zenbait aldarrikapen plazaratu duzue…
Iñaki Martiarena: Anbulatorioko zerbitzuak eta osasun-langileak murriztea gutxi ez eta, errezetak eta mediku-kontsultak ordainarazi egin nahi dizkigute copago deitzen duten sistema hori aplikatuz. Bestalde, nahiz eta orain arte pentsiodun ezinduentzat zahar-etxeak eraiki, badirudi aurrerantzean, ezinduak etxean zaintzea bultzatu nahi dutela instituzioek. Familiaren ardurapean utzi nahi dute zaintza guztia, diru pixka bat eman eta gero. Familia lan baldintza eskaseko enpresa bihurtu nahi dute.

Adineko jendea mobilizatuko al da?
J.A.: Ez dago samurra gauza, egia esanda. Izan ere, zaila da jubilatuak beren eguneroko dinamikatik ateratzea… Interesgarria izango litzateke, esate baterako, jubilatuen etxeetara joan eta ahoz ahoko kanpaina egitea, horretan saiatu behintzat.
I. M.: Jendea etsipenak hartuta bizi da; hartzen diren erreforma kaltegarri guztien aurrean, zera esaten dute: “guk zer egin dezakegu, politikoak halaxe erabaki badute…”.
Informazio ugari jasotzera ohituta gaude bai, baina batzuei gertatzen zaie gero hori ez dutela galbahetik pasatzen. Esate baterako, esana ziguten alargunak %75a kobratzera iritsiko zirela; azken berria da lehendik daukaten %52arekin jarraitu beharko dutela.


Manifestazioa Boulevardetik.
Urriak 29, ostirala. 11:00.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!