Elena Antoni azken agurra Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urr. 28a, 17:49

Goizuetako bere bizitokian, abuztuaren 14an hil zen Elena Anton Alberrori (Andoain, 1934) omenaldia eskaini zioten familiak eta lagunek Andoainen, joan den urriaren 20an.

Andoaingo historia hurbilean pittin bat atzera joanez gero, gogoratu behar da Elena faxistek 1936an fusilatu zuten Sekundino Antonen alaba zela. Sekundino Plazaolako trenak Kaletxikin zeukan geltokiko buru zen, eta UGTko afiliatua zela egotzita erail egin zuten Donostian, Polloeko hilerrian 1936ko urriaren 22an. Sekundinorekin batera, herrikide zituen Faustino Aldaz, Jose Lasa eta Sixto Prestamero eta Rafael Barkaiztegi (semea) erail zituzten. Haiekin batera, baita Manuel Lasarte eta Joxe Izeta urnietarrak ere.
Sekundinok hil bezperan gutun ezin hunkigarriagoa idatzi zion Juanita Alberrori, besteak beste zera eskatu ziolarik: “Juanita, educa bien a nuestras hijas; que no vean en mí a un culpable, que vean un mártir…”.
Alarguna, handik hilabete gutxira “atsekabeak jota” hil zen; etxekoek esan izan dutenez. Bere lau alabek -Elena tartean- aitaren azken nahiari tinko eutsi diote 74 urtez. Era horretan, faxistek etxean eragindako triskantzaren berri ematen saiatu zen bere seme-alabei beti, Euskal Herriko oroimen historikoaren transmisioak berarekin dituen makina bat ahots anonimo horietako bat bihurtu zelarik.
Elenaren familiak eta lagunek omenaldi bikoitza eskaini zioten urriaren 20an. Trentxikiko geltokia egon zen tokian (bere jaiotetxean) lehenbizi, fusilatuen aldeko eskulturaren aurrean ondoren.
Omenaldia bat zetorren Elenaren aita eta beste gainerakoak fusilatu zituzten egunarekin, urriaren 20a hain zuzen.
Bizi izan zen artean gizatasun handia erakutsi zuen. 74 urte igaro ondoren instituzio publikoek biktima gisa aitortu behar lizkioketen eskubideak ezagutu gabe joan dela azpimarratu zuten omenaldian parte hartu zutenek.   
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!