Gazte bulegoak SMS bidez ere zerbitzua eskainiko du

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urr. 28a, 17:49

Gaur egun gazteria teknologia berriez inguraturik bizi da, ohikoa zaie haien erabilera: gazte guztiek eskuko telefonoa eta ordenagailua dituzte. Tresna horiek baliatuz Gazte Lokaleko eta Gazte Informazio Bulegoko arduradunek informazioa eta komunikazioa areagotzeko egitasmoak bideratzen ari dira.



Gazte Informazio Bulegoa:
SMS gaztea
Horien artean, SMS GAZTEA nabarmendu behar da. Gazte Informazio Bulegoak 12–34 urte bitarteko gazteei begira bideratu duen mugikorreko mezu zerbitzua da. Gazteek, zerbitzu horren bitartez, interesatzen zaizkien gaiei buruzko mezuak eskuko telefonoan jasotzeko aukera izango dute. Jasoko duten informazioa beraiek eskatutakoa bakarrik izango da, hala nola, lan eskaintzen, ikastaroen edota lehiaketen informazioa.
Dohainik eskaintzen den SMS zerbitzua jasotzeko gazteek izena emateko orri bat bete beharko dute ondorengo datuekin: izena, abizenak, jaiotze data, herria, telefonoa eta e-posta. Ondoren, interesatzen zaizkien gaien aukeraketa bat egin beharko dute. Informazio osoa Anbrosia Olabide eraikinean dagoen Gazte Informazio Bulegoan (943 593 911 –gibandoain@euskalnet.net).

GAZTE LOKALA: TUENTI, FACEBOOK,...
Gazte Lokaleko arduradunak, era berean, garai berrietara egokitzen ari dira. Gazteekiko harremanak sare sozialen bitartez ere bideratzen ari dira.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!