Anparo Etxarrain Larburu zendu da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urr. 28a, 17:49

Anparo Etxarrain Larburu (Andoain, 1927) Andoaingo ikastolako andereño aski ezaguna hilaren 20an hil zen. 1965ean hasi zen eskolak ematen ikastolan, eta 1992 urtera arte aritu zen. Euskarazko hezkuntzak trabak besterik ez zituen sasoi ilunetan ekin eta ondorengo urtetan Andoaingo makina bat belaunaldi hezi zituen, beraz.


Aita Larramendi ikastola bi urte lehenago, 1963an, ireki zen, Marimi Ugalde eta Mari Paz Artolazabal izanik bere lehenbiziko irakasleak. Anparoren ahizpa Arantxa bi urte bgeroago, 1967an egin zen ikastolako irakasle, eskola “nazionala” edo publikoa utzi eta gero.
Amparo andereño sorabilarrak haur hezkuntzan bost urteko haurrekin jardun zuen beti, Olajauna etxean ikastolak zituen geletan. Bere eskutatik igaro ziren ikasleek irakasle zorrotza gisa definitu izan dute.
Argazkian, Anparo ikastolako hasierako urteetako beste hainbat irakaslerekin batera agertzen da. 1988/11/13an bildu ziren Gotzon Etxeberriaren “Geroak esan beza” eskultura inaugurazio egunean, Aita Larramendi ikastolaren 25. urteurrenaren ospakizunen harira (Informazio gehiago, honako liburuan: Aizpurua, Justo / Kamio, Garazi: Aita Larramendi Ikastola. 1963-… 40 urte, mila zorion).
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!