Anaia Antonio gogoan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urr. 28a, 17:48

Gaztelekuko sortzailea | Sustatzailea, ekintzailea, langile nekaezina..., eta ororen gainetik gazteen alde etengabe lanean aritu zen euskaltzale eta abertzale sutsua zen. Azken urteetan bizitoki zuen Irunen hil bazen ere, andoaindar bat gehiago dela esan daiteke. Izan ere, La Sallen eman zituen berrogei urte. Frankismoaren azken urteetan Gazteleku aisialdi, kirol eta kultur elkartearen sortzaileetakoa izan zen. Hari esker andoaindar gazteei zinema, dantzalekua,...  aisialdia osatzeko eskaintzarik ez zitzaien falta izan. Lehen udalekuak ere bere ekimenaren bidez antolatu ziren.

Euskal jaiak, haur danborrada, karrozak..., horiek guztiak anaia Antonioren parte hartzerik gabe nekez uler daitezke. Joxe Mari Ormazabal andoaindarrak urteak egin zituen bere ondoan, ondotxo ezagutu zuen.

Hileta elizkizunean Ramon Perez La Salletarren anaia probintzialak hitz ederrak eskaini ziozkion anaia Antonio Urdangarini, “Antonio ondo bizi izan da. Eta bere ibilbidea ondo bizitzearen parabola izan da”.
Bere biografia aipatzen hasita, horrela laburbildu daiteke: 1922ko azaroaren 27an jaio zen Zarautzen. Agerre-Berri baserrian, Iñurritza auzoan alegia. 88 urte betetzeko hilabete eskas falta zitzaion. Gurasoek, Jose Migel eta Martinak, Juan Antonio izena eman zioten bataioan. Sei anaia-arreben artean semerik zaharrena zen. Hamalau urte betetzera zihoala, Bujedora joan zen anaiagai izatera, Zarauzko hermanoek bultzaturik. Anaia zuzendaria, Octavio Odriozola, joan zen berarekin, aita etxean atxilotuta baitzegoen. Burgosko formazio etxean hiru urte eman zituen. Gerra amaitu zenean, Antonio Irungo etxera inguratu zen, 1940ko uda amaieran.
Oinarrizko formazioa bukatu ahala, Gallartara bidali zuten. Eskolan 97 ikaslerekin estreinatu zen. Berak zioenez, "con 97 sanguijuelas". Gero Bilbon hiru urte eman zituen eta handik Gipuzkoa aldera etorri zen. Bost urteko epean hiru elkarte ezberdinetan egon ondoren, berriro Bizkaira itzuli zen.  Eta gero, Zumarragara bueltatu zen berriro.
Lanbide Eskolak sendotuz zihoazen garai hartan, Antonio aitzindari eta sustatzaile izan zen. Teknologia eta marrazki teknikoan espezializatu zen Deustuko Salesiarretan, "a la Universidad de la lima" joanez, hain zuzen, Antoniok berak umorez adierazten zuen bezala.
Bere sena, mundu horretan garatu zen nagusiki, Antonio gizon praktikoa, iaioa eta trebea baitzen eskulanetan. Eta irakasle hurbila zen, beti laguntzeko prest. Andoainera iritsi zen 1968an. La Salle ikastetxean berrogei urteko etapa oparoari hasiera eman zion, Irunen erretiratu baino lehen. Anaia Antoniok hutsune handia utzi du andoaindar askoren artean.

JOXE MARI ORMAZABALEK GERTU-GERTUTIK EZAGUTU ZUEN
Inor bada Andoainen anaia Antonio ondo ezagutzen zuena, hura Joxe Mari Ormazabal La Salleko ikasle nahiz irakasle ohia da. Oso gertukoa, elkarrekin hamaika egitasmo burutu zituzten: “bigarren aita modukoa nuen, aita izpirituala niretzat. Kanpaldietan urteak egin genituen. Adinarekin joateari utzi zion baina berriro, nik animatuta, itzuli egin zen. Oker ez banago, 80 urterekin etorri zen azken aldiz kanpaldira. Baina ez bisitan, baizik eta kanpaldi osoa igarotzera!".
Antoniok Andoain herrian zuen izen ona ondo gogoan du, “halako fama ona zuen herrian lehen Udal hauteskundeetan alkatetzarako proposatu zutela”. Ormazabalek heziketa mailan ere funtsezko papera izan zuela uste du, “Angel Garateri eta anaia Antoniori zor zaie, hein handi batean, formakuntza profesionala Andoainen ezarri izana”.
Beti gazteekin aritu zen, Ormazabalek horixe nabarmenduko luke guztiaren gainetik. Gazteek zituzten hutsuneak bete nahian lan eta lan aritu zen. Gazteekin egon eta ekintzak antolatu, hori zuen jardunbide nagusia.
Ikasle ohiak, irakasle jubilatuak, udalekuetara berarekin joandako gurasoak..., urriaren 19an andoaindar asko joan zen Irunera anaia Antoniori azken agurra ematera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!