Laurogeiko hamarkadan desagertu ziren, besteak beste, Begiristainen, Labaienen edota Lurdes Iriondoren lanak taularatzen zituzten Egi Billa eta Buruntza antzerki talde urnietarrak. Antzerki aro loriotsu bati amaiera emanez. Eta orduz geroztik, Egape ikastolak haurrekin eginiko lanak salbu, Urnietako antzerkigintzaren baratzea loratu gabe zegoen.
Duela bi urte arte. 2008an Marizulo ikuskizunarekin aro berri bat izan litekeenaren atea zabaldu baitzen Urnietan. Marizulo ikuskizunak harrera ezin hobea izan zuen herritarren aldetik, arrakasta erabatekoa izan zen, bost emanaldi eskaini ziren Saroben, eta bost alditan sarrera guztiak agortu egin ziren. Bertan, zuzeneko musika, dantza eta antzerkia uztartuz, Urnietako historiaren pasarte esanguratsu batzuk ezagutzeko, eta baita ere herriari lotutako hainbat kantu, bertso eta dantzaz gozatzeko aukera ematen zen.
Marizulo ikuskizunaren eragilea Txanbolin Txistu Banda izan zen, Juxto Egaña eta Antton Jauregiren eskutik. Beraiek ikuspegi musikal batetik abiatu ziren, baina, Urnietako herritarrei beraien arbasoek egindakoa erakusteko gidoi bat behar zuten, eta antzerki lan horren erredakzioaz Juan Agirre Sorondo arduratu zen, ahaztu gabe, ikuspuntu historikoaz, eragile taldea osatu zuen Luis Mari Zaldua herritarra arduratu zela.
Marizulok Urnietako lehenengo biztanle izan zitekeenetik hasi eta XX. mendearen bigarren hamarkadan izan zuen amaiera. Eta orain datorren ikuskizun berriak, 1959. urtean du abiapuntua eta gutxi gora-behera Francoren heriotza arteko Urnietako historia eskaintzera dator, horretarako hainbat pasadizo esanguratsu aukeratu direlarik.
Urnieta´59 ikuskizunak ere, aurreko eragile berdinak ditu, hau da, Antton Jauregi, Juxto Egaña eta Luis Mari Zaldua, eta Marizulok zituen osagai guztiak ere izango ditu; musika, kantuak, bertsoak, antzerkia. Luis Mari Zalduak, Urnietako historia sobera ongi ezagutzen du eta baditu zenbait ikerlan buruturik, eta oraingoan ere bera izan da Juan Agirreri gidoia idazteko oinarriak emateaz arduratu dena.
Musikari dagokion atala Txanbolinen lana izango da, Aitor Amezagaren zuzendaritzapean. Dantzaz, Egape dantza taldea arduratzen ari da, Edu Muruamendiarazen gidaritzapean, eta ikuskizunaren haria eramango duen antzerki atalean herritar ugari ari da parte hartzen, Mikel Agirregomezkorta taula-zuzendariaren esanetara. Ikuskizuna aurrera aterako duen taldean, ia guztiak afizionatuak eta herritarrak izango dira, horietako asko Marizulon parte hartutakoak, beste batzuk Saroben sortu berri den antzerki eskolatik etorriak, baina denak ilusio berberaz lanean ari direnak azken hilabeteetan.
Beraz, esan liteke ikuskizun berria bide onetik doala. Oraingoan ere, proiektu hau aurrera ateratzeko xedeari buru-belarri lotu diren gizon-emakume hauen lana ontzat hartzeko modukoa izango da, azken-finean, abentura eder horretan sartu den herritar talde horrek gainontzeko herritarrei maitasunez eskainitako oparia besterik ez baita Urnieta´59.