Egiptologian barrena, hieroglifoak aztertuz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urr. 28a, 10:35

Andoainen jaio eta Amasa-Villabonan bizi den Karlos Almorza Arrietak egiptologiaren gaia sakondu du urtetan. Hieroglifoak aztertzearekin batera, idazkera mota hori ulertzeko metodo erraza garatu du.

Parisko Louvre museoan, 18 urte zituela, Egiptologiako aretoan ustekabean sartu zenean jabetu zen Karlos egiptoar hieroglifoen mundua ezagutu nahi zuela. “Izeba bisitatzera joan nintzen Parisera eta egun batean neroni bakarrik gerturatu nintzen Louvre museora. Txundituta geratu nintzen hainbesterainoko edertasunaren aurrean eta ia oharkabean sartu nintzen Egiptologiako aretora. Bakar-bakarrik egon nintzen gela hartan eta buelta eman nuenean, hieroglifoz betetako pareta ikusi nuen. Oso momentu garrantzitsua izan zen nire bizitzan, orduantxe erabaki bainuen, –aukera izanez gero behintzat–, egiptoar hieroglifoak irakurtzen eta idazten ikasi nahi nuela”. Hogeita bi urte geroago, espetxean bete zuen bere ametsa. “Kartzelan nengoela historia karrera ikasten hasi nintzen eta lizentziatura bukatzerakoan, Parisen hieroglifoak irakurtzen eta idazten ikasteko zentroa zegoela jakin nuen. Han matrikulatu eta ariketaz betetako liburu bat bidali zidaten. Aukera ezin hobea izan zen niretzat eta hiru urteko kurtsoa urte eta erdian egin nuen, atsedenik hartu gabe”. Ikasten hasi zen unetik beretik hieroglifoen munduak izugarri erakarri zuen, zeharo harrapatzeraino; bere ustez, “gurutzegrama onak egitearen parekoa da hieroglifoei esanahia aurkitzea”. Ez du ulertzen nola latinak edo grekoak gainerako kulturengan izan duten eragin eta indarraren aurrean, zergatik egiptologiak ez duen pisu gehiagorik izan. Harrigarria gertatzen zaio, esaterako, Euskal Herriko unibertsitateetan egiptologiari buruzko ikasketarik ez eskaintzea; “euskal kulturan ere ona izango litzateke egiptologia ezagutzea. Ez daukat dudarik gai hau aztertzea denontzat aberasgarri litzatekeela”.

Doktoretza lana bukatzen
Egiptoko kulturari buruz liburu asko irakurri du Karlosek, eta bere etxeko bulegoan ere sorta ederra dauka gordeta. Hogei urte pasatxo eskaini dizkio egiptologiari, gaian aditu bihurtzeraino. Besteak beste, hainbat hieroglifo euskaratu du eta euskaratzearekin batera, berrikuntza ere ekarri du: Izan ere, hieroglifoen zeinuen artean, batzuk bakarrik irakurtzen direnez, irakurtzen ez diren zeinu eta hots horiek koloreztatu egin baititu historian lehenengo aldiz, irakurleari hieroglifoen misterioa ulertzeko modua eskainiz. Era berean, egiptoera-euskara hiztegia ere osatuta dauka, irudien eta hitzen arteko jolasa osatuz. Une honetan Bartzelona eta Euskal Herriaren artean burutzen ari den doktore tesiarekin lanean ari da. Lanaren izenburuak argi erakusten duenez, euskara eta faraoien garaiko egiptoeraren arteko lanak erkatu ditu: “Historia de los trabajos comparativos entre el euskara y el egipcio de época faraónica”. Izan ere, hainbat idazle eta hizkuntzalarik, euskara eta garai hartako egiptoeraren parekotasuna aztertu ondoren, erro bereko hikuntzak zirela, –egitura berekoak, alegia–, argitaratu zuten hainbat liburutan. Karlosek, guztiz ezeztatu egin nahi du hori hala izan zenik eta zalantzarik gera ez dadin, idatzita utzi nahi du. Doktore tesia gaztelaniaz egitera behartuta ikusi zuen bere burua, “Euskal Herriko Unibertsitatean lanaren berri emanez tesina euskaraz aurkeztu nuenean, lan hori zuzentzeko inor ez zegoela erantzun zidaten”. Bi tutoreren begiratupean ari da lanean: Bartzelonako unibertsitateko Josep Padró historialari nahiz egiptologoaren eta Euskal Herriko Unibertsitateko Joseba Lakarra aitzineuskaran aditua denarenean, hain zuzen ere. Datorren urtean irakurri nahi du tesia Bartzelonako unibertsitatean. Gero, egindako hainbat lan internet sarean zabalduko ditu, interesa duenari irakurtzeko aukera erraztuz.

Karlos Almorza
“ Antzina landu den idazkerarik estetikoena da hieroglifoa”

Hieroglifoen irakurketaren inguruan hainbat argibide azaldu du Karlos Almorzak, koloreak ere aipagai izan dituelarik.

Zergatik aukeratzen du hain jende gutxik egiptologia aztertzea? Egiptologiak badu nire ustez gabezia handi bat: Ikasten hasi aurretik Egiptoko idazkeraren inguruan ezer ere ez dakien jende multzo batek izua baitio, latina edo grekoa ikasteari ez bezala. Egun, arkeologia eta beste hainbat zientziaren ondorioz, inoiz baino gertuago daukagu Egiptoko kultura. Guztiek dakigu piramideen edo bertako beste hainbat eraikinen berri. Idazkera, ordea, urrun geratzen zaigu oraindik. Ni hieroglifoen mundua modu errazean erakusten saiatu naiz.

Nola irakurtzen dira hieroglifoak? Hieroglifoak figuratiboak, sinbolikoak eta fonetikoak izan daitezke eta irudi edota zeinu bidez osatzen dira. Idazten diren zeinu guztiak, ordea, ez dira irakurtzen. Pentsa, kasu batzuetan, idatzitako %30a ez da irakurtzen eta hori oso kopuru altua da. Irakurlea zer irakurri eta zer irakurri behar ez duen ohar dadin, koloreztatuta aurkeztu ditut nik irakurri behar ez diren zeinuak. Orain artean beti beltzez argitaratu izan dira hieroglifo idatziak, eta nik kolore gorria eta berdea gehitu ditut, argibide gisa. Egiptoera zaila bada, idatzi bai eta irakurtzen diren zeinuak bezalaxe, idatzi bai baina irakurtzen ez diren zeinuak ere badituelako da.

Aurrenekoa zara, beraz, hieroglifo idatziei kolorea ematen… Esaterako, Naufragoaren ipuina munduan berrogei hizkuntzatara itzulita egon daiteke. Txinerara ere seguru itzuliko zutela. Baina koloretan idatzita ez dago inon. Euskarara neronek itzuli dut eta orain artean kolorea duen bertsio bakarra da. (Naufragoa ipuina hieroglifoz eta euskaraz irakurri nahi duenak bidal dezala eskakizuna diseinua@aiurri.com helbidera).

Zergatik idazten dira irakurtzen ez diren zeinuak hieroglifoetan?
Jende askorentzat gehiegizkoak izan daitezke hieroglifoa osatzen duten zeinuak, bereziki irakurtzen ez direnak. Nik ez dut gehiegizkoak direnik uste: hieroglifoaren esanahia eta nola irakurri adierazten baitie irakurleari. Esaterako batuketetan, bi eta hiru, bost irakurtzen dugu, eta ez: bi gehi hiru berdin bost, zenbaki eta zeinu guztiak ahoskatuz. Antzeko zerbait gertatzen da hieroglifoen irakurketan ere.

Zergatik litzateke garrantzitsua hezkuntza sisteman hieroglifoak irakurtzen erakustea?
Bartzelonan edo Madrilen aukera badagoen arren, ez nintzateke tronpatuko euskal kulturan nahiz Euskal Herriko Unibertsitatean egiptologia lantzeko aukerarik ez dagoela esango banu. Beste hainbat antzinako kultura landu diren heinean, egiptologia bereziki, tartean sartuko nuke: zalantzarik gabe, antzina landu den idazkerarik estetikoena delako. Ziur nago gainera, hezkuntzan antzeko gaiak aztertzea ona dela. Beraz, bakarra balitz ere, erreferentzia hori beharko genuke gure artean. Bestalde, –erlijioaren eraginagatik seguruenik–, ozenki esango nuke hainbat ikasketatan Erroma eta Greziako kulturek duten indarra ez dela normala. Era berean, beste askoren artean, Platoni buruz milaka eta milaka lan idatzi da eta horren aurrean, izugarri harritzen nau egiptologiaren inguruan ezer ere egin ez dela ikusteak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!