Ama Kandidaren omenezko abesbatza

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urr. 28a, 10:30

Urriaren 17a oso egun berezia izan zen andoaindar askorentzat; izan ere, Ama Kandida
Santu izendatu baitzuten Erroman. Izendapen horren harira, hainbat ekitaldi antolatu da Andoainen. Azaroaren 6an, Jesusen Alabak ikastetxeko ikasle ohiek osatutako
abesbatzak kontzertua eskainiko du Basteron.

Gogo handiz eta pozik prestatu dute kontzertua Jesusen Alabak ikastetxean ikasitako emakumeek. Garbiñe Agirre kultur teknikariak azaldu ditu kontzertuaren nondik norakoak: “Azaroaren 6an, larunbatarekin, Ama Kandidak sortutako ikastetxearen inguruko liburua aurkeztuko da Basteron. Aurkezpen hori nolabait osatu nahi genuen, eta abesbatzaren ideia sortu zen. Garai batean, Jesusen Alaben ikastetxean bazuten abesbatza eta ideia egokia iruditu zitzaigun ikasle ohiak elkartu eta kontzertu baterako abesbatza sortzea. Uda aurretik zabaldu zitzaien deialdia ikasle ohi guztiei eta hainbat entsegu egin dute geroztik. Ramon Beraza andoaindarra izango da kontzertuko zuzendaria eta hark izan du abestiak aukeratu eta kontzertua prestatzeko ardura. Azaroaren 6an, 19:15etan eskainiko dute ekitaldia”.

Entseguak, astean bitan
Laurogei urtetik gora ditu partaide zaharrenak eta berrogei inguru gazteenak. Pozik dabiltza guztiak ere: “Hasieran, hogeita hamarretik gora emakume bildu ginen entseguetarako. Ahots ezberdinetan abestu beharrak beldurtu egin zituen batzuk eta atzera egin zuten. Azkenik, hogei abeslari inguru arituko gara. Hiru ahotsetan abestuko dugu eta horrek baditu bere zailtasunak. Asteazken eta ostegun arratsaldetan bildu gara Bastero Kulturgunean eta oso giro ederra sortu da gure artean. Pozik etorri gara entseguetara. Kide gazteenentzat zailagoa izan da lana eta entseguak bateratzea, baina egindako ahaleginak merezi duela uste dugu. Kontzertuko eguna noiz iritsi zain gaude, ikasitakoa jendaurrean erakusteko. Ekitaldi xumea izango da, baina ilusio guztiz prestatutakoa”.

Eskola garaian, abesbatzako kide
Abesbatzako kiderik helduenek, Jesusen Alabak ikastetxea Villa Argentinan zegoeneko urteak ezagutu zituzten: “1940tik 1950 urtera Villa Argentinan izaten genituen eskolak. Garai hartan, ume asko joaten ginen bertara, denak neskak. Hirugarren maila bitarteko ikasketak egiten genituen eskolan. 1950 urteaz geroztik, Berrozpen hasi ziren eskolak ematen”.  
Eskola garaian kantari aritutakoak dira abesbatzako kide guztiak: “Oso abesbatza polita zegoen ikastetxean. Lanean hasi ondoren ere, ikasle ohi asko joaten ginen eskolara abestera. Ikastetxe bakoitzak bere abesbatza izaten zuen garai hartan eta lehiaketak ere egiten ziren. Eguberrietan, esaterako, lehiaketa egiten zen Iparragirre zineman eta jendetza handia biltzen zen. Abesbatzen tradizio handia egon izan da beti Andoainen”.

Zenbait kide, santifikazio ekitaldian
Erromara joateko etenaldia egin du entseguetan abesbatzako  hainbat kidek: “Fede handia diogu Ama Kandidari, eta santifikaziora joatea erabaki genuen. Batzuk hiru egunetako joan-etorri azkarra egin dugu, eta beste batzuk, berriz, Erroma eta inguruko herriak ezagutzeko aprobetxatu dugu bidaia, egonaldia luzatuz. Oso egun bereziak izan ziren Erroman pasatutakoak; nekagarriak, baina oso politak. Santifikazioa bera baino une bereziagoa izan zen San Juan de Beltran-en egindako eskertza-emate ekitaldia, bereziki Ama Kandidari eskainitakoa izan zelako. Oso ekitaldi xamurra izan zen hura”, azaldu dute. “Erroman egindako egonaldian konturatu ginen Ama Kandida oso mirestua dela hemendik kanpora, beharbada Andoainen bertan baino gehiago. Kaletxikin jaio eta hazi garenok fede handia diogu, baina orokorrean, kanpoko herrialde askotan hemen baino ezagunagoa dela esan daiteke. Filipina eta Brasil bezalako herrialdeetatik, esaterako, jende asko gerturatu zen Erromako ekitaldira, eta ondoren, Andoainera etortzekoak ziren”, gaineratu dute.

Jesusen Alabak ikastetxeko ikasle ohien abesbatza, partaideak
Zuzendaria: Ramon Beraza Olabarrieta.
Abeslariak: Izaskun Agirre Iturralde, Mª Jesus Ansa Uribe, Mª Teresa Ansa Uribe, Garbiñe Baltasar Agirrezabalaga, Ixiar Beraza Tapia, Txitxu Castro Ikutza, Nekane Egibar Juanena, Rosarito Guiu Jauregi, Sagrario Ikutza Arias, Juanita Ikutza Arias, Inmaculada Lasarte Urrestarazu, Izaskun Mendizabal Orbegozo, Loren Navarro Hombrados, Mertxe Olano Mendiluze, Mariado Olano Mendiluze, Josune Orbegozo Irastortza, Espe Perez de Arriluzea Loza, Pilartxo Txopeitia Ulanga, Miriam Ulanga Elorz, Junkal Ulanga Urola.

RAMON BERAZA OLABARRIETA, abesbatzako zuzendaria
“Oso ideia polita iruditu zitzaidan eta uztailean egin genituen lehendabiziko entseguak”

Nolako kontzertua izango da larunbatekoa?
Kontzertu txikia eskainiko dugu. Denboraz juxtu samar ibili gara abestiak prestatzeko eta hasieran kontzertu luzexeagoa eskaini nahi bagenuen ere, azkenik bost pieza abestuko ditugu. Partaide gehienek urte asko zeramaten abesbatzetan abestu gabe eta prestakuntza lana ez da erraza izan, hala ere, gustura gaude emaitzarekin. Kontzertu polita izango da. Horixe zen helburua eta pozik gaude lortutakoarekin.

Zein abesti eskainiko duzue?
Emanaldia hasteko, “Agur Jaunak” abestuko dugu. Jende askok kontzertuaren amaieran eskaintzen du “Agur Jaunak”, baina niri egokiagoa iruditzen zait jenderi harrera egiteko abestea. Ondoren, Tomas Aragüesen “Abenduaren 4ean” abestuko dugu. Oso armonizazio polita da. Hirugarren pieza “Goiko Mendiyan” izango da. Abesteko zailtasun handixeagoa du eta prestakuntza gehiago eskatu digu pieza honek. Azkenean, emaitza ona lortu dugulakoan nago. Laugarren tokian, berriz, “Haurtxo polita” eskainiko dugu. Duela urte asko Hernaniko ikastolako abesbatzako neska-mutilekin prestatu nuen abesti hori eta oso goxoa eta polita iruditu zitzaidan, horregatik aukeratu nuen kontzertu honetarako. Amaitzeko, Ama Kandidari eskainitako pieza berria abestuko dugu. Pello Esnalek sortu du, santifikazioaren harira, eta horrekin emango diogu amaiera gure saioari. Guztira, ordu erdi inguruko kantaldia izango da.

Nola joan dira prestaketa lanak? Uda aurretik, Garbiñe Agirre kultur teknikariak deitu zidan abesbatza sortzeko ideia zutela esanaz. Oso ideia polita iruditu zitzaidan eta uztailean egin genituen lehendabiziko entseguak. Lehendabiziko egun haiek ahotsak elkarrarazteko baliatu genituen eta abuztuan, geldialdia egin genuen. Irailean berriro ekin genien entseguei, buru-belarri, abestiak prestatzeko. Astean bitan bildu izan gara, nahiz eta azken astean, maizago elkartu garen.

Ilusio handiz egindako lana izan da… Bai, oso gustura gabiltza. Partaideen artean oso giro polita sortu da eta ilusio biziz etorri dira entseguetara. Horrek garrantzia handia du horrelako lanetarako.

Beste hainbat abesbatzetako zuzendari lanetan ere ibilitakoa zara… Bai, hainbat abesbatzatan aritu izan naiz. Garai batean, esaterako, Andoaingo abesbatza zuzendu nuen, eta Easo abesbatzan ere aritu izan nintzen zazpi edo zortzi urtetan. Orain Añorgako Erdizka Otxotean ari naiz. Otxote bezala jaio zen arren, partaide gehiago ditu orain abesbatzak. Hala ere, Erdizka Otxotea izena mantentzen du.

Ama Kandidaren inguruko ekitaldiak, Bastero kulturgunean.

Azaroak 6, larunbata
    18:30, Liburu aurkezpena. “Crónica a modo de historia del Colegio de la Madre Cándida (Hijas de Jesús-Berrozpe) en Andoain”. Egileak: Juan Jose Larrea Bilbao eta Iñaki Agirre Beraza. Bastero Kultuguneko ekitaldi aretoan. Sarrera doan, gonbidapenarekin.
    19:15, Kontzertua. Jesusen Alabak ikastetxeko ikasle ohien abesbatza, Ramon Beraza Olabarrietak zuzendua. Bastero Kultuguneko ekitaldi aretoan. Sarrera doan, gonbidapenarekin.
    19:45, Erakusketa
irekiera. Maria Cruz Basconesek egindako esmalteen erakusketa. Bastero Kultuguneko erakusketa aretoan.

Azaroak 7, igandea
    17:00, Juanitatxo
musikala. Vigoko Miralba-Jesuitinas ikastetxeko kideek prestatutako musikala. Bastero Kulturguneko auditorioan, sarrera doan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!