Koldo Galdos arduratzen da Asteasuko Udal artxibategiaz. Oso artxibategi aberatsa du Asteasuk: “Aiztondoko alkatetzako buru izan zen Asteasu, eta horrek, dokumentazio aberastasun handia ekarri zion. Balio historiko handiko dokumentuak biltzen dira hemen. XV. mendekoa da dokumenturik zaharrena. Gainera, zorionez, suterik ez du jasan izan artxibategiak eta horrek, egoera onean mantentzea baliatu du. Gerra garaietan ohikoa izaten zen artxibategiak erretzea, baina Asteasun ez da horrelakorik gertatu. Amasa-Villabonako artxibategia, esaterako, XIX. mendeko gudate karlistetan kiskali zen eta ondorioz, nahiko dokumentu berriak biltzen ditu”, azaldu du Koldok.
Zein dokumentu gorde erabaki beharra
Leku eskasiak arazoak sortzen ditu Asteasun: “Artxibategi guztietara iristen da arazo hori. Dokumentazio berria sortzen den heinean, geroz eta toki gehiago behar da guztia gordetzeko. Azkenean, oso garrantzitsua da zer gorde eta zer ez erabakitzea. Esaterako, Udalean 2010ean jaso den faktura batek balioa izan dezake gaur egun, baina hemendik hogeita hamar urtera galdu egingo du balio hori. Irizpide garbiak jarri behar dira artxibategia ondo kudeatzeako eta hori gure lana da”.
Udaletxeko goiko solairuan dago artxibategia gaur egun: “Dokumentuek hartu duten pisuaren eraginez, lurra jaisten ari da eta tokiz estu samar gabiltza, baina, hala ere, ez dago baldintza txarretan. Paperezko dokumentazioa ondo mantentzeko, garrantzitsua da hezetasuna maila baten barruan mantetzea eta eguzkiaren argitasunak modu zuzenean ez eragitea. Bi baldintza horiek ondo betetzen dira Asteasun. Noizbait tokiz aldatu beharra iritsiko da, baina ziurrenik ez da hau ekonomikoki momenturik onena”.
2007tik aurrerakoa, eguneratzen
Koldoren aurretik, Joselu Larretxeak izan zuen Asteasuko artxibategiaren ardura. Aiztondo bailarako Udalek mankomunitatea sortu zuten artxibategiko lan horiek egiteko: “2007an desegin zen mankomunitate hura eta 2010a bitarte artxibo lanik egin gabe zegoen, Aiztondo bailako herrietan. Lanean daramadan denbora honetan, Asteasuko artxibategia eguneratzea izan da nire ardurarik nagusiena. Horregatik, ez dut denbora gehiegirik izan bertan dauden dokumentuen balio historikoa aztertzeko. Berez, horixe da artxibozainon lana: iristen diren dokumentuak sailkatu eta artxibatzeaz gain, lehendik daudenak aztertu eta ezagutzea”.
Asteasuko dokumentuekin osatutako datu basea berritzea ere Koldoren ardura izan da: “Lehendik zegoen datu basea oso zaharkituta zegoen; 1993. urteko programa informatikoa erabiliz egindakoa zen eta beharrezkoa zen berritzea. Lan hori amaitzen dugunean, eskuragarriagoa izango da bilaketak egitea”.
Artxibategiko dokumentuak euskarri digitalean jartzearen garrantziaz ere aritu da Koldo: “Balio historiko handia duten dokumentuak digitalizatzea onuragarria da. Askotan oso dokumentu zaharrak dira eta material delikatua da. Era digitalean gordeta izanez gero, errazagoa eta seguruagoa da kontsultak egitea. Asteasun, aiton-semetza dokumentu batzuk digitalizatuta daude”.
Udal artxibategien funtsa
Erakundeak berak sortzen duen dokumentazioa biltzen da Udal artxibategietan. Garaiaren arabera, dokumentazioaren tipologia aldatu egiten da baina artxibategiarean funtsa, beti da Udalak berak sortzen dituen dokumentuak sailkatu, katalogatu eta gordetzea. Horrez gain, ia artxibategi guztietan gertatzen da liburu, argazki edo beste motako dokumenturen bat biltzea. Horiek Udalaren fondoaren zati dira, baina ez dira Udal artxibategiko funtsaren barnean sartzen. Asteasuko artxibategian esaterako, bada erretratu zaharren bat edo beste, eta baita liburu zaharrak edota boletinak ere. Kasetetan gordetako entzunezko dokumentazioa ere bada; bere garaian herriko euskara eta hizkera aztertzeko hainbat grabaketa egin zen eta hementxe daude gordeta grabaketa haiek.
KOLDO GALDOS, Asteasuko artxibozaina
Zein ikasketa behar da artxibozain izateko?
Artxibategietan ari garenon %90a historialariak garela esango nuke. Historia ikasi ondoren, lan munduan egingo duzun bidea aukeratu behar duzu: irakaskuntza, museoren batean lan egitea edota liburutegi eta artxibategietara bideratzea. Nik argi nuen irakaskuntzan ez nuela aritu nahi eta artxibategiko lanean hasi nintzen. Ereiten Kultur Baliabideak enpresan egiten dut lan, eta hainbat herritako artxibategiak kudeatzeko ardura dugu.
Nola antolatzen da Udal artxibategi bat?
Sailkapen taula bat egiten da lehendabizi. Taula horretan isladatzen da erakunde bakoitzaren organigrama. Dokumentu bakoitzak bere tokia du taula horren barnean. Urteak pasa ahala erakundeak aldatzen joaten dira eta horren arabera, taula hori ere aldatu egiten da. Asteasuko artxibategia, esaterako, hiru taula ezberdinen arabera antolatuta dago. XX. mendearen erdialdera arte Serapio Mujikaren taula erabili zen, ondoren, Madrilgo artxibozaleen elkarteak landutako taularekin egin zen lan. Azken urteotan, udalerri txikietako artxiboetara hobeto egokitzen den taula erabiltzen dugu.
Zein bide eramaten du dokumentu batek artxibategira iritsi arte?
Bost urte pasa arte, dokumentuek balio administratiboa, legala eta informatiboa dituzte. Bost urte horiek pasatakoan, balio administratiboa eta legala galtzen dituzte, baina dokumentuaren balio informatiboa mantendu egiten da. Momentu horretan gorde beharko lirateke dokumentuak artxibategi orokorrean. Hogeita hamar bat urte pasa ondoren, balio berri bat eransten zaio dokumentuari: balio historikoa.
Hori dena da teoriak esaten duena. Praktikan berriz, gauza asko pasa daitezke. Esaterako ohikoa izaten da dokumentua tramitatu eta berehala artxibora ekartzea. Ohikoa da, baita ere, kontrako kasua; dokumentuak hogeita hamar urtetan bulegoren batean edo ganbararen batean ahaztuta izatea.
Jende asko gerturatzen al da kontsultak egitera?
Herriaren tamainaren araberakoa izaten da hori. Orokorrean, administrazioarekin lotutako kontsultak izaten dira gehienbat; etxe atari batean egindako obren inguruko dokumentua…, horrelakoak. Kasu horietan, beharrezkoa da kontsulta egitera datorrena, dokumentu horretan zuzenean aipatua edo inplikatua izatea; datu pertsonalen babeserako legeak agintzen duenez, ezin diogu edozeini erakutsi. Balio historikoa duten dokumentuetan berriz, arau hori ez da horren zorrotza. Hala ere, ez dugu dokumentu historikoak aztertzera etortzen den jende askorik izaten. Hemen daramatzadan hilabeteetan, honako kontsultak egin dituzte: Pello Mari Otañoren ingurukoa, Gipuzkoako albaitarien inguruko informazioa eta 36ko Gerratean izandako fusilamenduen inguruko datuena. Hala ere, irudipena daukat jende askok ez dakiela Udal artxibategietan zer dagoen. Gure lanaren barne dago herrietan gordetzen den dokumentu ondarearen berri zabaltzea, baina ez da erraza izaten horretarako baliabideak eta denbora ateratzea.
Teknologia berriek asko aldatuko zuten artxibategietako lana…
Artxibozain guztiok behar ditugu informatikako ezagutzak. Orain, ordea, lanerako modu berri bat ezarri nahi dute: dokumentu bat sortzen ari den momentu berean, informatikako aplikazio bat erabiliz dokumentu hori katalogatzeko modua bideratu nahi dute. Horretarako, nahikoa da teknika ezagutzea, artxibategia kudeatzen jakin gabe. Lanerako modu horrek, ordea, ez du kontuan hartzen hemendik hogeita hamar urtera dokumentu horiek balio historikoa hartuko dutela. Informatikoek eta artxibozainek ados jarri behar dugu dokumentuen kudeaketa nola egin erabakitzeko garaian: dokumentuei zein sailkapen eman, zein dokumentu gorde behar den erabakitzeko irizpideak jarri…, guztion artean adostu beharreko lana da.
ASTEASUKO ARTXIBATEGIKO ALTXORRAK
Artxibategiko dokumenturik zaharrena XV. mendekoa da, 1491 urteko eskritura bat.
Garrantzi gehiagoko dokumentazioa, berriz, XVI. mendetik aurrerakoa da. Horien artean daude, esaterako, Carlos I erregeak 1534 urtean onartutako Udal ordenantzak.