Emakumeak, lau haizetara

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urr. 28a, 10:24

Marimendi ekimenaren baitan, Peruko mendietan ibili da Arantza Sorondo Bidaor igaro berri den udan. Ekimenaren nahiz bizipenen berri azaldu du amasarrak.

Gaztetxotatik mendizalea da Arantza, 47 urte daramatza mendian gora eta behera. Bikoteak eta biak zaletasun bera izatea zorte handia dela adierazi du eta aurrera egiteko bidea eman diola horrek. Amasa-Villabonako Loatzo mendi elkartean parte hartu zuen, egun Aizkardiko kide da eta, azken urtean, baita Marimendikoa ere. “Aukera dudan arte behintzat, ez daukat mendia uzteko inolako asmorik”, azaldu du Arantzak.

Emakumeak eta mendiak bat egiten dute Marimendi ekimenean. Nondik nora abiapuntua?

40 urtetik gorako emakumeak biltzen gara taldean eta genero berdintasuna aldarrikatzea da gure helburua; adin jakin bateko emakumea izatea ez baita eragozpena erronka berriei aurre egiteko, ez bizitzan eta ezta mendi garaian ere. Mendizaletasuna, kirol nahiz aisialdi gisa, nahiko mugatuta egon da urtetan emakumeontzat eta askotan uko egin behar izan diote aukera horri. Baina mendiaz disfrutatzeko eskubidea, gogoa eta kemena ditugu eta horretarako bideak bilatu beharrean gaude, bizitzaren arlo guztietan bezalaxe, rol eta oztopo guztien gainetik.
Goi mendian ibiltzea osasuna eta autoestimua hobetzeko lagungarria zaigu. Taldean ibiltzeak, berriz, esperientziak, bizipenak nahiz beldurrak partekatzeko aukera ematen digu eta, noski, baita lagun berriak egitekoa ere. Hori guztia gurea den komunikazio tresna erabiliaz: euskara. Irrintzika eta kantuan ospatzen ditugu tontorreratzeak.

Marimendi ekimena martxan jarri zenetik, sona hartu duten hainbat irteera egin duzue…
2005ean jarri zen martxan taldea eta sortu berritan, Mont Blanceko irteera antolatu zuten. Gero, 2008an Elbrusera joan ziren taldekideak. Ni artean ez nintzen kide, 2009an jarri bainintzen lehenengoz harremanetan eurekin. Taldean egin nuen lehen irteera Pirinioetara izan zen: Perdiguerora, hain zuzen.

Udan Perura abiatu zineten, Andeetara. Zer moduzko esperientzia izan zen?
Mendi garaietan ibiltzearen erronka ez zen berria niretzat, ezta paraje hori ere. 64 urterekin berriz ere taldean kokatu eta bizipenak taldekideekin elkarbanatzea izan da agian esperientzia berriena. Pozik handiena ez dit zailtasunak edo tontorrak ematen. Nahiago ditut zeharkaldiak, tontorrak anekdota gisa baloratzen ditut. Dena dela, aurtengo Andeetako erronka bere osotasunean hartu nuen eta prestaketa lanetan saiatu nintzen. Andeetan gozatu egin nahi nuen eta mendian ibiltzen jarraitzeko gogoz bueltatu.
Peruko esperientzia oso ona izan zen baina, aldi berean, baita gogorra ere. Lehen kanpamenduan, bakteria baten eraginez, izugarrizko pasada hartu genuen taldekide askok eta batzuek izugarri sufritu zuten. Hala ere, goranzko bidea hartzea erabaki zuen haietako askok. Sufritzen ondo dakien egoskor taldearekin topo egin dudala esan izan diet taldekideei.

Nolakoa izan zen tontorrerako bidea?
Ni ez nintzen tontorrera igo. Altueraren egokitzapenean indartsu sentitu nintzen arren, jateari eta edateari utzi bainion. Argi neukan ondo hidratatu eta jan gabe ez nintzela gailurrera abiatuko, nire osasuna tontorra baino garrantzitsuagoa delako. Oso gustura itzuli nintzen tontorrik zapaldu gabe, buruarekin jokatu nuelako eta inolako porrot sentsaziorik geratu ez zitzaidalako. Biziki gozatu nuen paraje haietan ibiliz (aklimatazio jardueretan 5000 metrotan…) eta fisiko nahiz psikikoki indartuta itzuli nintzen.
Guztira hogei emakume joan ginen Andeetara. Urus, Ishinca eta Pisco mendiak igotzea zen asmoa eta, batez beste, hamabost kidek igo zituzten. 42 urtetik 69ra arteko emakumeok hartu dugu parte; batzuk aspaldidanik gabiltza mendian, beste batzuk orain heldu die goi mendiari.

Zein asmo duzue aurrerantzean?
Oraindik zehaztuta ez badauzkagu ere, mendi irteerak egiten jarraituko dugu. Era berean, Andeetako proiekzioa eskainiko dugu eskatzen diguten lekuetan.
Euskal Herri osoko emakumeak bildu nahi ditu talde honek. Une honetan hogeita hamar kide gara: bizkaitarrak dira gehienak, gipuzkoarrak, nafarrak eta arabarrak gainerakoak. Iparraldeko emakumerik ez dago oraindik eta haiengana iritsi nahiko genuke. Gipuzkoarrak bost lagun gara, baina eskualdetik bakarra naiz. Mendia gustuko duenari parte hartzeko deia egin nahi diot. Merezi du! Epe laburrean emakume talde bat mendian ikustea ohikoa izatea lortu nahiko genuke.

Argazki gehiago
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!