Samartiñen esperoan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urr. 28a, 10:21

Jokin Etxeberria ‘Melu Txiki’ Samartiñetarako gogo biziz dago. Festa batzordeko kideak Amasako festen inguruan hartu du hitza. Segidan elkarrizketa eta baita jaietako egitaraua ere:

Festetarako gogoz al zaude?
Urtean behin izaten dira eta, noski, gogo handia daukat. Konturatzerako gainean izango ditugu, baina pasatu ere halaxe egingo dira…

Jairik gogokoenak al dira zuretzat Samartiñak?
Gustukoak gehiago ere baditugu, baina herrikoak bereziak izaten dira beti. Gainerakoan, Bedaio aldeko erromeria eta hango giroa aipatuko nituzke. Herri txikietako anbientea gustatzen zait gehien-gehiena.

Festa batzordeko kide zara. Zer moduz joan dira aurtengo bilerak?
Afaltzeko jende gehiago elkartu ohi gara, baina bileretarako ere osatu gara. Urrian hasi ginen biltzen, larunbatetan. Denon artean ahal dena egiten saiatu gara.

Ezer berririk sartu al duzue egitarauan?
Berrikuntza modura igande arratsaldeko herri kirolen saioa aipa daiteke: Amasako taldeak Zizurkil Goikoaren aurka jokatuko baitugu. Orain artean gure artean egiten genuen lehia beti (gazteak helduen kontra…) eta aurten zertxobait aldatzekotan gara, festa pixka bat jarriz. Bederatzi-hamar laguneko taldea izango gara eta neska nahiz mutil trontzan, txingetan, ingudean, lokotsak biltzen, bizikletan atzeraka nahiz karretilarekin ibiliko gara. Oihana Iguaranek eta biok trontzan hartuko dugu parte.

Aldaketaren bat ere ba omen da egitarauan; haurrei dagoekienez, bereziki…
Nobedadea dugu aurtengoan, Pirritx eta Porrotxek ezin izango baitute etorri. Urte askoan izan dira gure artean eta dudarik gabe, jende gehien biltzen duen ekintza da ostiral arratsaldekoa. Aurten Hipo eta Tomax pailazoak arituko dira haien ordez.

Zein ekintza duzu gogokoen Samartiñetan?
Oilasko jokoa. Goizean goizetik hasita oso giro ona sortzen da bai baserriz baserri, baita gure artean ere. Dudarik gabe, urteko egunik onena izaten da. Zaila da azaltzen: oso egun berezia da, bezperan lorik egin gabe egoten naiz urduri antzera.

Herri bazkariak ere badu pisurik amasarren artean…
Bai, jende asko biltzen da larunbateko bazkarian. Arratsaldea alaitzeko asmoarekin, aurten Maialen eta Irati trikitilariak ekarriko ditugu bazkalondoan. Ondo-ondo, giro pixka bat sortuko da. Eguraldi hotz samarra egiten badu ere oso ondo etorriko dira, dantza pixka bat egin eta berotzeko.

Eguraldiak izaten du zeresanik Amasako festetan…
Eguraldi on askoak ere egokitu izan dira, baina oso txarrak ere bai. Jendea ez da hotzaren beldurrez igo gabe geratzen, baina bai agian euriaren eraginez. Hala ere, beti biltzen da jendea festetan. Orain gainera tabernak aterpean daude.

Jaietan jateko? Eta edateko?
Jateko oilaskoa. Sagardoa edateko.

Parrandarako konpainiarik onena?
Amasako gazteekin ederki moldatzen gara.

Mezuren bat luzatuko al zenieke herritarrei?
Festetan parte hartzeko deia luzatuko nieke, denentzat dagoela aukera. Hotza egiten badu ondo jantz daitezela edo dantza egin dezatela, baina ateratzeko lasai. Ondo hartuak izango dira.

EGITARAUA
Samartiñak 2010

Azaroak 9, asteartea
20:00 Martina sorginari ongi etorria eta pintxo dastaketa kultur etxean.

Azaroak 10, asteazkena (Gazteen eguna)
06:00 Gazteen gosaria Ongi Etorri tabernan trikitilari eta dultzaineroek alaiturik.
14:00 Gazteen bazkaria Uxo Toki elkartean.
16:30 Soka dantza eta aurreskua plazan.
Ondoren, Trikitilarien erromeria.
21:00 Gazteen afaria Iturri Goxo jatetxean.

Azaroak 11, osteguna (San Martin eguna)
10:30 Meza nagusia.
Ondoren, Herri kirolak, Joseba Otaegi eta Jexux Mari aizkolarien eta Aimar Irigoien eta J.R. Iruretagoiena “Izeta “ harrijasotzaileen eskutik, Etxeberria eta Lazkano bertsolariek eta trikitilariek alaiturik.

Azaroak 12, ostirala
17:30 Hipo eta Tomax pailazoen emanaldia.
Ondoren, Txokolate beroa.
20:00 Amasako XIX. Bakailao lehiaketa frontoian.
23:30etatik aurrera, Dantzaldia Laiotz taldearen eskutik.

Azaroak 13, larunbata
11:00 Ume krosa 6. mailara arteko umeentzat.
Ondoren, dultzaineroak.   
14:00 Herri bazkaria: txekor jatea.
17:30 Trikipoteoa.
22:30 Bertso saioa: Uxue Alberdi, Andoni Egaña, Beñat Gaztelumendi eta Julio Soto. Gai jartzailea: Amaia Agirre.
Ondoren, dantzaldia Kantuki taldearekin.
Jarraian, Karaokea.   

Azaroak 14, igandea
Meza ondoren, zaldi proba.
18:00 Herri kirolak: Amasarrak zizurkildarren aurka.
Ondoren, Martina sorginari agurra, XXI. Intxorraren aldatzea eta afari-merienda kultur etxeko areto nagusian. Oharra: afari-354samartiñakmeriendako edaria (sagardoa, ardoa eta ura) jai batzordeak jarriko du, baina janaria nork berak berea ekarri beharko du.

Azaroak 21, igandea
11:00 Amasako XVIII. Mendiatloia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!