Patchworka, oihal puskak josiz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urr. 28a, 10:18

Sagrario Jauregiberri zizurkildarraren zaletasuna patchworka egitea da. Izugarri lan ederrak egiteaz gain, dakiena irakatsi egiten du Atxulondon eskaintzen duen ikastaroan.

Oihal ezberdinen puskak bata bestearekin jostean oinarritzen da patchworka. Begi ona eta gustua behar dira kolore nahiz marrazkiak elkarren artean ondo uztartzeko. Eta pazientzia, pazientzia handia ere bai; puntuz puntu estalkiak, kuxinak, poltsak edota gainerako osagarriak egiteko. Izan ere, egun jende askok makinaren laguntzaz egiten badu patchworka, Sagrariok eskuz egiten du oraindik ere lan guztia: patchworkerako erabiltzen den orratz txikiaren laguntzaz, “agian egunen batean makina erabiltzen bukatuko dut nik ere, baina oraingoz behintzat argi daukat eskulanean jarraitu nahi dudala”. Patchworka Estatu Batuetan sortu zela azaldu du Sagrariok eta hori agerikoa dela bakeroen garaiko pelikulak ikusterakoan, “pelikula horietako manta edo gainerako osagarrietan erreparatuz gero, patchworkean egindako lanak direla jabetuko gara”. Japonian edota Europan zehar ere ondo errotutako artea da patchworkarena, baina Euskal Herrian ez da gehiegi landu orain artean, Sagrarioren esanetan. “Donostian bada patchworkari zuzendutako denda bat, Bilbon edota Miarritzen ere badaude beste batzuk. Hala ere aukera mugatua da: esaterako, patchworkerako oihalak algodoizkoak izaten dira –garesti samarrak– eta hemen ez dago oihal horiek erosteko aukera handirik. Tarteka Bartzelonara joaten naiz ni, han aukera zabala baitago. Modu horretan, materiala erosi eta patchworkeko ikastaroren bat egiteko aprobetxatzen dut bidaia. Gainerakoan, internetez ere erosi izan ditut oihalak. Arriskutsuagoa da, ordea: pantailako koloreak eta zuzenekoak ez baitira berdinak izaten”.

Diseinuaren garrantzia
Duela bederatzi urte, amaren eraginez hasi zen Sagrario patchworkaren mundua ezagutzen, “ama alargundu zenean, Zizurkilgo jubilatuen elkarteak bideratutako patchwork ikastaroan hartu zuen parte. Ni ere, garai bertsuan ikastera animatu eta Villabonako ikastaroan hasi nintzen. Izugarri gustatu zitzaidan eta zeharo harrapatu ninduen, ama bera baino gehiago”. Geroztik, makina lan egin du Sagrariok. Patchworka egiten hasteko lehen pausoa zer egin nahi den erabakitzea dela azaldu du, “ezer baino lehen, egin nahi dugun diseinua edo marrazkia aukeratuko dugu eta horren arabera hautatuko ditugu oihalak gero. Behin lanean hasitakoan, puskaz puska josiko dugu irudia eta puska guztiak batutakoan osatuko dugu lana”. Patchworkaren sekretua, oihal puskak batzeaz gain, lanari gorputz pixka bat ematea da, akoltsatzea alegia. Horretarako, guatina erabiltzen dute, gaineko eta azpiko oihalen artean jarri eta gainekoari forma ezberdinak emanaz josita.
Patchworka egiteko teknika ezberdinak daude eta urte hauetan zehar, guztiak ikasi ditu Sagrariok, “ikastaro ezberdinak egin ditut teknika horiek ikasteko, puska txikiekin hasita aurrena”. Teknikez gain, lanei azken ukituak emateko puntuak ere lantzen ditu: fetoia, kadeneta… Denbora asko eskatzen duen lana da patchworka, “gauzak ondo egin nahi izanez gero behintzat, ordu asko eskaini behar zaizkio”. Lan ezberdinen artean, besteak beste, bi urtetan egin duen ohe-estalki koloretsua du. Saria ere jaso zuen lan horregatik Donostiako Maria Victoria antzokian iaz estatu mailako lanen artean egindako erakusketan. “Bi sari eskuratu nituen bertan: hirugarren saria batetik eta ikuslearena bestetik. Oso pozgarria izan zen niretzat”.

Irakasle ere bai
Duela bospasei urte hasi zen Sagrario Zizurkilgo Udalak Atxulondo Kultur Etxean antolatutako ikastaroan irakasle gisa, “aurten maila guztietako hamabi ikasle ditut: zizurkildarrak, billabonatarrak eta andoaindarrak. Asteazkenetan biltzen gara eta gustura aritzen gara lanean”. Zizurkilgoaz gain, Astigarragako patchwork taldearekin harreman handia du Sagrariok, “noizean behin elkartzen gara; izan ere, informazioa trukatzeko aukera polita baita eta tarteka, ikastaroak egitera elkarrekin joan ohi gara: Bilbora berriki”.
Sagrariok aipatu duenez, opariak egiteko oso egokia da patchworka, “baina lan hauek estimatuko dituen jendeari oparitu behar zaizkio. Gainerakoan, niretzat egiten ditut. Enkarguz ez dut lanik egiten. Oihalak garestiak dira eta ordu askoko eskulana egiten denez, inondik ere ez genuke lortuko duten balioan saltzea”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!