42 etxebizitza egingo dituzte Pasus Plazan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urr. 28a, 10:16

Udal etxebizitza tasatuak egingo dituzte Pasus plazan eta eraikuntza lanak martxoa inguruan hastea aurreikusten dute. Interesatuek azaroaren 30a arteko epea izango dute izena emateko.

Lehen izen-emate hori ez da zozketarako eskaera formala izango. Hala azaldu du Mari Angeles Lazkano alkateak: “Etxebizitza eskaera zenbatekoa den jakiteko baliagarri izango zaio Udalari lehen izen-emate hori. Horrez gain, konpromiso zuzena hartu nahi dugu interesa azaltzen duten pertsona horiekin guztiekin, eta Udalak pertsonalki jakinaraziko die zein den eskaera formalak aurkezteko epea eta baita zein agiri beharko duten ere”.

Plazaren eraberritzea
Martxoa inguruan hasiko dira etxebizitzak eraikitzeko lanak: “Pasus plaza aldatu egingo da goitik behera. Teodosio-enea etxea bota egin behar da, kioskoa desagertu egingo da eta ingurune horretan etxebizitza berriak eraikiko dira. Proiektua oso aurreratuta dago eta dagoeneko, Udalak emanak ditu lursailak erosteko beharrezko pauso guztiak. Foru Aldundiarenak ziren lursail horiek eta urriaren 22an egin zen eskrituren sinaketa ekitaldia”.
Eraikuntza lanak hasi aurretik, ez da etxebizitza erosteko eskaera formala egiteko eperik zabalduko: “Ez dugu ezustekorik izan nahi eta horregatik, lanak hasten diren arte itxarongo dugu zozketa egiteko. Guk aurreikusitako epeak betetzen badira, martxoa inguruan lanak hasteko moduan izango dira, beraz, zozketa ere udaberri inguruan izan daiteke”.

167.500 eta 198.000 euro bitarte
Berrogeita bi etxebizitza eta berrogeita hamar garaje egingo dira. Etxebizitza guztiek trasteleku eta garajea izango dute. 65 eta 80 metro karratu arteko etxebizitzak izango dira eta egongela, sukaldea, bainugela eta bi edo hiru logela izango dituzte. Gutxi gorabeherako prezioa ere zehaztu dute: bi logelako etxebizitza, garaje eta trastelekuarekin: 167.500 euro eta hiru logelakoa, garaje eta trastelekuarekin, 198.000 euro.

Zizurkil eta Tolosaldea
Zizurkildarrek edota bertan lan egiten dutenek izango dute etxebizitza eskuratzeko lehentasuna, baina izena emateko deialdia ez da haientzat soilik mugatuko. “Zizurkilgo herritarrek eta bertan lan egiten dutenek izango dute lehentasuna. Horretarako aukera ezberdinak izango dira: batetik, azken bost urteotan herrian erroldatuta egotea, Zizurkilen hamabost urtez erroldatuta egon izana edota azken bost urteotatik hirutan, herrian lan egin izana. Jasangarritasunarekin lotutako erabakia izan da lantokiaren aukera kontuan hartzea. Herrian lan egiten dutenei bertan bizitzeko aukera emanaz, mugikortasun iraunkorraren aldeko pauso txiki bat emango dugu”, azaldu du Mari Anjelesek. Horrez gain, Udalak bere eskutan uzten du baldintza horiek aldatu ahal izateko eskubidea, beti ere etxebizitza eskaintza eskaera baino handiagoa bada. “Hala eta guztiz ere, zizurkildarrek egindako eskaerarekin etxebizitza guztiak beteko ez bagenitu, Tolosaldeko gainerako herritarrei zabalduko genieke aukera. Beraz, ez da zizurkildarrei soilik mugatutako eskaintza, nahiz eta haiek duten lehentasuna”, gaineratu du.
Etxebizitza guztiak jabetzan emango dira eta dagoeneko, zehaztu dute etxebizitza eskuratzeko beharko diren diru-sarreren zenbatekoa. 12.000 euro eta 45.500 euro bitarteko sarrerak eskatuko zaizkie izena ematen dutenei.

Azaroaren 30a arteko epea
Azaroaren 30ean amaituko da lehen izen-ematean parte hartzeko aukera: “Horretarako, udaletxean aurkeztu beharko dira interesatuaren datuak: izen abizenak, helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa eta elkarbizitza unitatea osatzen dute kideen kopurua. Herritarrek dagoeneko etxean jaso dute horretarako modua ematen duen eskuorria eta beste herrietako interesatuek, eskuragarri izango dituzte udaletxean. Posta elektronikoa erabiliz ere egin izango da izen-ematea: zizurkil@udal.gipuzkoa.net”, azaldu du Mari Anjelesek. Informazio gehiago jaso nahi duenak, bi telefono zenbaki ditu eskuragarri: 943 691 012 eta 620 104 751.
Pozik ageri da Mari Anjeles Lazkano alkatea, etxebizitza berriak egiteko proiektuaren aurrean: “Urte asko darama ekimen horrek udaletxean bueltaka eta arazo desberdinak zirela medio, atzeratuz joan beharra izan dugu. Legegintzaldia amaitu aurretik ekimen hau bideratuta uzteak poz handia ematen dit”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!