Loatzo musika eskolak, egoitza berria

Musika ardatz hartuta, ekitaldi polita egin zuten urriaren 21ean, Loatzo musika eskolako egoitza berriaren irekiera ospatzeko.

Dultzaineroen kalejirak eman zion hasiera ekitaldiari eta arratsaldeko 19:00etan, kultur aretoa lepo bete zen Adunako musikari gazteen ekitaldia entzuteko asmoz. Biolinak, tronpetak, trikitiak, txistuak, silofonoak, bateria, abesbatzako gaztetxoen ahots goxoak… denetarik izan zen entzungai. Txalo zaparrada artean irten ziren artista gazteak kultur aretotik.
Trikitilarien doinuez lagunduta egin zuten bertaratutako guztiek Loatzo musika eskolarainoko bidea. Herriko plazan bertan kokatu dute egoitza berria eta pozik ageri ziren guztiak. Hala esan zuen Iñaki Arizteta zinegotziak: “Loatzo musika eskolako irakasleak aipatu nahi nituzke. Klaseak emateko kilometro asko egin dituzte herriz herri; deseroso aritu behar izan dute eguneroko lanean, baina apustua egin dute gurekin batera eta horregatik txalo batzuk eskatu nahi genituzke. Bestetik, Loatzo musika eskolako ikasleak zoriondu nahi ditugu, ikasitakoak gure herriko etxe eta kaleetan zabal ditzatela eskatuz”.
Musika eskolako bi ikaslek bistaratu zuten egoitza berriko plaka eta ondoren, ikusteko aukera zabaldu zitzaien bertaratu ziren guztiei. Mokadutxo goxoa eginez amaitu zuten ekitaldia bertaratutakoek.

AITOR LASA, Loatzo musika eskolako Adunako arduraduna

Nolako ibilbidea izan du Loatzo musika eskolak Adunan?
2003-2004 ikasturtean sartu zen Aduna Loatzon, hamalau ikaslerekin. Azken urteotan kopuru hori bikoiztu egin da eta gaur egun, hogeita hamahiru ikasle ditugu. Lau urterekin hasten dira haurrak musika tailerretan eta zortzi urterekin aukeratzen dute instrumentua. Haurrez gain, helduak ere hartzen ditugu musika eskolan, izan ere, instrumentua jotzen ikasteko adin mugarik ez baitaukagu.

Egoitza berriak lanerako modu berria ekarriko du…
Egoitza berriari esker, hamabi urte bitarte Adunan bertan aritzeko aukera eskaini ahal izango dugu. Hortik aurrera, bakarkako klaseak hemen egingo dituzte eta taldekakoak, tokatzen zaien egoitzan. Orain arte, udaletxeko bigarren solairuan aritu izan gara. Ez zen tokirik erosoena, baina beti hartu izan dugu kontuan Udalak egindako ahalegina. Apustu handia egin dute musika eskolaren alde eta azkenean, lortu dute egoitza izateko modua.

Zein instrumentu aukera dezakete Adunako ikasleek?
Norberari gustatzen zaiona aukeratzeko modua ematen dugu. Hala ere, beti saiatzen gara herrian lehendik dagoen joerari eusten. Haizezko instrumentuak indarrean dauden herrian, horretara animatzen ditugu, bakarka aritzea zailagoa izaten delako. Hala ere, ikasleen esku geratzen da aukeraketa. Aurten, abesbatzan aritzeko aukera sartu dugu eskaintzan eta oso gustura ari dira Adunako gazteak.

Musika irakasle izateaz gain, Adunako eskolako arduradun ere bazara…
Iaz hartu nuen ardura hori eta gustura nabil. Ikasturte amaieran zein hasieran, lanpetu samar ibiltzen naiz ordutegiak moldatzen eta gauzak lotzen. Aurten, gainera, egoitza hornitzeko egin beharreko lanek ere lanpetuta eduki naute. Hala ere, jendearen esker ona ere jasotzen dugu eta horrek lan guztiak konpentsatzen ditu.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!