1.- Aurkezpena
Villabonako Aizkardi mendi elkarteak, argazkia eta mendizaletasuna bateratu nahian, mendiko ibilbide erraz batean zehar egingo de argazki rallya antolatu du 2010eko azaroaren 14rako. Parte hartzaileek aurrez markatutako ibilbidea burutu beharko dute, zeina egun berean jakitera emango den, eta natura zein mendiarekin erlazionaturik egongo den gai zehatz bati buruz argazkiak atera beharko dituzten. Mendian buruturiko ekintza izaki, arropa zein oinetako egokiak erabiltzea gomendatzen da.
2.- Euskarri fotografikoak
Onarturiko euskarri fotografikoak analogikoak, bai zuri-beltzean, bai koloretan, eta digitalak izango dira. Kamera analogikodun parte-hartzaileen kasuan, 36 argazkiko karrete bana emango zaie ibilbidearen hasieran. Memoria txartel estandarrak erabiltzen ez dituzten kamaradun parte-hartzaileek dagokien komunikazio-kablea ekarri beharko dute argazkiak deskargatu ahal izateko. Memoria txartelek hutsik egon beharko dute irteera unean.
3.- Izen-ematea
Izen-ematea guztiz doakoa da, eta rallyaren egun berean egingo da elkarte aretoan. Ez dago parte-hartzaileentzat mugarik, honela, adin mugarik gabe, argazki kamera duen edonork har dezake parte. Inskripzio-mahaiak bederatziak eta bederatziak eta erdiak artean izango dira zabalik. Inskripzioa egin ostean parte-hartzaile bakoitzari oinarri hauek guztiak biltzen dituen kopia bat emango zaio, zeinetan lehiaketaren nondik-norakoak, argazkientzat hautaturiko gaia eta ibilbidearen mapa agertuko den.
4.- Gaia
Egunean bertan jakinaraziko da.
5.- Irteera
Argazki rallya goizeko bederatzietan hasiko da, inskripzioa egin ostean. Parte-hartzaile bakoitzak ibilbideari antolakuntzak zehaztutako argazki bat egin ostean ekingo dio.
6.- Ibilbidea eta argazkiak ateratzea
Bederatzi kilometro inguruko ibilbidea markatuko da, lau orduko gehienezko denboran amaitu beharko dena. Ibilbidean zehar, formatu analogikoa zein digitala erabiltzen dutenek, antolakuntzak aurrez emaniko gaiaren inguruan 36 argazki atera beharko dituzte. Kamera digitaldunek euren argazkiak numerazio jarraia dutela aurkeztu beharko dituzte, haietako bat bera ere ezabatzea baimentzen ez delarik. Antolakuntzak 649 717 182 telefono zenbakia zabalduko du parte-hartzaileek ibilbidean zehar edozein arazoren aurrean dei dezaten.
7.- Euskarrien bilketa
Parte-hartzaileek, beranduenik ere eguerdiko ordubatean amaitu beharko dute ibilbidea. Kamera analogikodun parte-hartzaileek, antolakuntza berau errebelatzeaz eta autoreen negatiboak itzultzeaz arduratuko den karretea entregatuko dute. Euskarri digitala darabiltenek, memoria txartelak entregatuko dituzte argazkiak ordenagailura deskarga daitezen; hori egin ostean parte-hartzaileei itzuliko zaizkielarik. Irudi ez-jarraiak dituzten txartelak txapelketatik kanpo geratuko dira.
8.- Lanen aurkezpena
Parte-hartzaile bakoitzak ibilbidearen ostean antolakuntzari emaniko irudietatik hiru aukeratu beharko ditu, eta 20x30 cm-ko paperean aurkeztu beharko du 30x40cm-ko kartulina beltz baten gainean, aurrean titulua idatziz. Aurkezpen grafikoarekin batera, datu hauek dituen kartazal bat eraman beharko da: Kartazalaren kanpoaldean aurkezturiko hiru argazkien tituluak, eta barnean autoreen datuak: Izena, abizena, helbidea, telefonoa eta e-maila. Antolakuntzak onarturiko argazki originalei eginiko ukitu minimo batzuk onartuko dira, hala nola enkuadreak, distira maila, kontrastea, saturazioa..., baina inola ere ez ukitu grafikoak. Lanak gehienez ere azaroak 20, larunbatean 13:00etan aurkeztu beharko dira honako helbide honetan:
FOTO KARLIS
Pablo Gorosabel kalea, 6
20400 TOLOSA
Ukitutako argazkiak argazki.rallya@aizkardi.com antolakuntzak jarriko duen e-mailera JPG formatuan bidali beharko dira.
9.- Lanen erakusketa
Aurkezturiko lanak 2010eko azaroaren 22 eta 26 artean ospatuko den XXVII. Mendi astearen baitan erakutsiko dira Gurea zinea aretoan. Antolakuntzak ez ditu bere gain hartzen erakusketan zehar gerta daitezkeen ezbeharrak, galerak edo lapurretak. Lehiaketara aurkezturiko irudiak antolakuntzaren web orrian www.aizkardi.com gunean argitaratuko dira.
10.- Bozketak
Epaimahai tekniko batek autore ezberdinen hiru lan onenak hautatuko ditu, eta honen erabakia apelaezina izango da. Gainera, erakusketara doan publikoak argazki onena bozka dezake, boto hori epaimahai teknikoarekin bat etor daitekeelarik. Kasu honetan saria gehitu egingo da.
11.- Sari banaketa
Sari banaketa azaroak 26, ostiralean egingo da arratsaldeko bederatzietan Gurea zine aretoan, XXVII. Mendi astearen azken proiekzioaren ostean. Sariak hauek izango dira:
-Argazki onenari saria: 150 euro.
-Argazki onenari bigarren saria: 100 euro.
-Argazki onenari hirugarren saria: 75 euro.
-Ikusleek hautaturiko argazki onenari saria: Amasako Iturrigoxo jatetxean bi lagunentzako afaria.
12.- Eskubideak
Saritu gabeko lanak sari banaketa egunean jaso ahal izango dira. Saritutako lanak antolakuntzaren esku geratuko dira. Antolakuntzak dituen irudiak eta berauen eskubideak euren autoreenak dira. Antolakuntzak kopiak egin ahal izango ditu erakusketa publiko zein promozioetarako, betiere autorearen izena bertan azaltzen delarik.