Andoaingo Udal ordezkaritza Erroman izan zen, gainerako instituzioen pare

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urr. 21a, 12:03

Gurutz Irigoras zinegotzia Estanis Amutxastegi alkatearekin batera Andoaingo Udal ordezkaria izan da Erromako egonaldian.

Ama Kandidak eta Jesusen Alabak Kongregazioak dituen jarraitzaileak milaka direla beren begiekin ikusi zuen, "larunbatean Erromara iristean San Pablo basilikako mezara joan ziren. Tamainan Andoaingo Martin Tours elizaren halako bi da, eta bete-betea zegoen. Igandean kanonizazioan izan ginen eta bertan jendetza bildu zen. Oso zaila da datuak ematea, baina milaka eta milaka ginen. Eta astelehenean San Juan basilikan hirugarren elizkizunean parte hartu genuen, eta hura ere lepo bete zen.

Hirugarren elizkizuna bereziki hunkigarria izan zen mezaren zatitxo bat euskaraz egin zutelako. Gure aita errezatu zen euskaraz. Aurreko bi elizkizunetan ez zen horrelakorik izan. Nik espero nuen igandeko kanonizazioan Aita Santuak euskaraz aipamen bat egitea, hitz gutxi batzuk gutxienez, baina ez zen horrelakorik gertatu. Aurreko Aita Santuak detailetxo hori eduki zuen".

Erromatik Andoainera etorrita, Udal ordezkari bezala bidaia ahaztezina izan dela dio, "oso positiboa izan da. Alkatea eta neu han izan gara andoaindarrak ordezkatuz. Neuk pertsonalki zorte hori eduki dut eta bizitza osorako gordeko dut. Une berezi horretan han egotea eta hura bizitzea zorte handia izan da. Alkateak ere gauza bera pentsatuko duela uste dut".

Ama Kandidak sortzen duen ikusminarekin ere harrituta dago, "mundu zabaletik joandakoak Ama Kandidaren kanonizazioa nola bizi izan duten ikustea harrigarria izan da. Orduan konturatzen zara, Kongregazioaren bitartez, Andoain herriak mundu zabalean duen oihartzunarekin. Udalerrian dugun altxor bat da, munduan zehar Andoain herria lau haizetara zabaltzen ari dena. Andoaingo herritarrentzat ohore handia da hori".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!