Ama Kandidaren kanonizazioa Erromara joan zirenen ikuspegitik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urr. 21a, 12:02

Ehundik gora andoaindar Erromara bidean ziren urriaren 14an eta 15ean, bidaia ezberdinetan. La Salle Berrozpe ikastetxekoek Santander-Erroma ibilbidea abioiez egin zuten, eta haiekin batera herriko bi apaizek.

La Salle Berrozpekoentzat Ama Kandidak esanahi berezia du. Bidaiaren inguruan, Andoaingo alaba kuttunak nazioartean sortu duen miresmena nabarmentzekoa izan da. Maixabel Ormazabalentzat "esperientzia oso polita izan da, bizitzan behin bizitzen den horietakoa. Jendetza bildu ginen, eta guk sentitu genezakeena baino gehiago, besteen emozioak hunkitu gintuen. Ama Kandidak nazioartean sortzen zuen emozioa ikaragarria da. Ikustekoa zen mundu osotik joandakoek Ama Kandidarekiko adierazten zuten sentimendua. Guregana etorri eta andoaindarrak ginela esatean aho bete hortz begiratzen gintuzten. Ah! de la casa madre!, berehala erantzun ziguten".

Igor Beré irakaslea ere harrituta dago nazioartean Andoain herriak duen oihartzunarekin, "guk hemen bertatik bertara dugu Berrozpe etxea. Baina nazioartean, Kongregazioaren ingurukoentzat, Andoain eta Berrozpe etxea garrantzia handiko erreferentziak dira".

Aitor Azurmendi Berrozpe ikastetxeko koordinatzaileak Ama Kandidak eta Andoainek sortzen duen miresmena interpretatzeko ahalegina egin du, "guk gertutik bizi dugu, bakoitzak ikuspegi erlijioso ezberdinarekin. Kongregazioko kideentzat, ordea, logikoa da garrantzitsua izatea bizitza estiloa horren inguruan eraiki dutelako. Ama Kandida sortzailea da eta horregatik ulergarria da. Hala ere, ezin ukatu Andoainekiko eta Ama Kandidarekiko miresmen handi horrek harritu gaituela".

1996-2010:
Euskara galtzen atera da

1996ko beatifikazioan Juan Pablo II Aita Santuak euskaraz egindako aipamena ondo gogoan zuten Erromara joan zirenek. Oraingoan ere euskarak bere tokitxoa izango zuela espero zuten, baina ez zen horrelakorik gertatu. Urriaren 17ko ekitaldian Aita Santu Benedikto XVIk ez zuen Juan Pablo IIk euskaldunekiko izandako keinua errepikatu.
Eta hori ez zen oharkabean igaro Andoaindik joandakoentzat. Euskararekiko jarrera eza hori bolo-bolo ibili zen euskaldunen artean.
Urriaren 18an, ordea, Erromako katedralean egindako bigarren mezan Gure aitaren zatitxo bat euskaraz errezatu zuten. Meza horretan bai, Ama Kandidaren ama hizkuntza kontuan hartu zuten. Han izan ziren euskaldunentzat hunkigarria izateaz gain, bezperako atsekabea arintzeko baliagarria izan zen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!