Urnietako Udal ordezkariek irailaren 22ko Udalaren Osoko batzarraldian Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorraren dokumentuari hasierako onespena eman zioten. Akordioa 2010eko urriaren 1ean GAO Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, eta bertan argi azaltzen da azaroaren 15a izango dela alegazioak aurkezteko azken eguna.
Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren dokumentua eta planoak Urnietako Udalbatzar aretoan ikusgai daude. Joxemi Sanchez Udal teknikaria argibide guztiak emateko prest dago eta hauxe da ordutegia: Astelehenetik ostiralera goizeko 10:00etatik 13:30etara. Eta astelehen eta asteazken arratsaldetan 17:00etatik 19:00etara.
Zer da alegazio bat eta nork aurkez dezake?
J.S. Alegazio bat, kasu honetan, Urnietako Plana ikusi eta gero aurkezten da. Zergatik? Atal edo egitasmoren batekin ados ez zaudelako eta inplikatua zaudelako. Adibide bat jartzearren, lurjabe batek ikus dezake Pan Orokorraren arabera bere lurretan etxebizitzak edota biribilunea eraikitzea aurreikusten dutela. Moldaketa horrekin ados ez dagoela adierazteko alegazioa aurkez dezake.
Alegazio hori eta jasotzen diren beste guztiak erredakzio taldeari bideratzen zaizkie. Erredakzio taldeak, ondoren, alegazioak aztertu eta guztiei erantzuna eman behar die. Alegazio horietatik batzuk onartzen dituzte eta besteak ez.
Orduan alegazioa lurjabeak bakarrik aurkez dezake?
J.S. Ez, ez. Edozeinek aurkez dezake. Desadostasuna agertu eta alegazioa aurkezteko eskubidea urnietar ororena da.
Zaila al da alegazioa aurkeztea?
J.S. Bakoitzak bere alegazioa idatziz ekarri ohi du. Edonork orrialde batean aurkez dezake alegazioa. Udaletxean sarrera ematen zaio eta hori ondoren erredakzio taldea osatzen duen arkitekto taldeari helarazten zaio. Normalean, lur batzuren jabe denak edota bestelako interesak dituenak alegazioak abokatu baten bitartez aurkeztu ohi ditu.
Zer nolako alegazioak aurkeztu ohi dira?
J.S. Gehienbat lur jabetzaren ingurukoak dira. Horrelako planak aurkezten direnean, oso zaila da denen gustukoa egitea. Horregatik normala da alegazioak aurkeztea.
Bakoitzak bere interesak defendatu ohi ditu, eta normalean alegazioak lurrari lotuta aurkezten dira.
Plan honen inguruan zeinek du kezka handiena?
J.S. Gaur arte etorri direnak lurjabeak dira. Inplikatuta edo afektatuta daudela esan daiteke.
Udaletxeko planoetan agertzen dena bere horretan gauzatuko al da? Ala egitasmoak dira?
J.S. Plano hauetan ikus daitekeena proposamen bat da. Horrek ez du esan nahi dena bere horretan egingo denik. Proposamen hau Udal ordezkariek onartu dute eta orain herritarrek etorkizuneko Urnieta nondik haziko edo garatuko den ikusteko aukera daukate.
Esku hartze handia izan daiteke, aukera berriak zabalduko baitira industria eta etxebizitza alorretan. Baina horrek ez du esan nahi plan osoa aurrera eramango denik. Zeren eta ondoren promotorak sartuko dira, eta hortik aurrera pausoak ematea ez da hain erraza: lurjabeekin negoziatu behar da, akordioetara iritsi...
Plan Orokorraren harira, zeintzuk dira aldaketa nagusiak?
J.S. Hernanitik etorrita, Zabaleta auzoan etxebizitzak egitea proposatzen da. Eta hori egiteko eraikin batzuk bota eta trafikoa bideratzeko biribilunea egin beharko litzateke. Eremu horretan esku-hartze handia egin nahi da.
Salesiar ikastetxearen eta herrigunearen arteko lurretan etxebizitza gehiago eraikitzeko asmoa dago.
Industriguneak ere aurreikusten dira Urkain berri baserriko lurretan, Miraballes pareko lurretan, Ergoienen eta baita Azkonobieta baserriko lurretan.
URNIETA.ORG GUNEAN TXOSTENAK ETA PLANOAK ESKURAGARRI DAUDE
Urnietako Udalaren webgunetik Planaren inguruko dokumentazio osoa eskura daiteke, PDF formatuan:
1. Urnieta.org klik egin.
2. Sailak atalean klik egin.
3. Hirigintza atalean klik egin.
Urnietako Hiri Antolamendurako Plan orokorraren dokumentuaren hasierako onarpena. [2010/10/5] Klik egin.