Aita Larramendi auzunearen 50. urteurreneko ospakizunak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urr. 21a, 11:10

Datorren urriaren 30ean berrogeita hamar urte beteko dira Aita Larramendi auzunea inauguratu zela. Andoaindarren artean Herriko etxeak edo Casas del pueblo bezala ezagunagoak, etxebizitza sozialaren arloan ordura arte Andoainen eman zen ekimen garrantzitsuenekotzat jo daiteke. 306 eraiki zituzten, denera.


Hori dela eta, Udalak bi ekimen antolatu ditu data hori gogoratzeko asmoz. Batetik, urtemugaren plaka oroigarria jarriko du auzoari sarrera ematen dion eraikinean, Doktor Huizi kaleko 2. zenbakiko etxean, hain zuzen ere.
Bestetik, auzunearen historia biltzen duen liburuxka bat argitaratuko da.

Urriak 30, LARUNBATA
goizeko 11:00TAN
Urkiko dantzarien eskutik ohorezko aurreskua dantzatu ondoren, ekitaldi xume batean plaka ipiniko dute. Bertan, Peio Urrutia eta Karmele Otaegi historiagileek idatzitako liburuxka banatuko da bertaratzen diren guztien artean.
Liburuxkak bi lan biltzen ditu: auzoaren eraikuntzaren gorabeherak jasotzen dituena, Peio Urrutiak idatzitakoa, eta auzoaren lehenengo urteetako bizipenak eta bizimodua bildu nahi dituena, Karmele Otaegi auzotarrak idatzitakoa. Egun horretan gerturatzerik ez dutenentzat, liburua eskuragai  egongo da Ongi Etorri tabernan eta Stop liburu-dendan. Gainera, hurrengo astean auzoko etxeetan ere banatuko da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!