Urnietako parte-hartze prozesuaren bi bilera dagoeneko burutu dira. Zer nola joan dira bilera horiek?
Iker Apaolaza. Lehen bilera aurkezpen modukoa izan zen, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra dokumentua jendaurrean aurkezteko baliagarria izan zena. 35 herritar bildu zen orduan.
Urriaren 13ko bilera mamitsuagoa izan zen, bertaratu zirenak bi taldetan banatu eta dokumentua xehetasun handiarekin aztertzen hasi ginelako.
Zein da bilera hauen xedea?
I.A. Iritzi emailea da batetik, eta pedagogikoa bestetik. Ideiak jaso eta emateko aukera dago. Eta, bestalde, Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren dokumentuaren edukia hobeto ulertzeko modua da.
Zein da galdera gehien sortzen duen atala?
I.A. Atal asko dago, dokumentua bera oso zabala baita. Zeresana ematen ari dira mugikortasun alorreko atala eta etxebizitza berrien inguruko aurreikuspenak. Galdera ugari bi atal horien ingurukoak dira.
Plan Orokorrak, hala ere, ideiak eta aurreikuspenak biltzen ditu bere baitan. Bertan agertzen den guztia ez da zertan gauzatu behar.
Bileretara agertu ez denak parte hartu al dezake hurrengoetan?
I.A. Bai, bileretara etortzeko aukera dago. Ez da derrigorrezkoa denetara etortzea baina komenigarria da, batez ere eztabaidaren haria ez galtzeko.
Hurrengo bi bilerak Idiazabal kalearen etorkizunaren ingurukoak izango dira, urriaren 26an eta azaroaren 2an burutuko direnak. Parte hartzea irekia eta zabala izatea nahiko genuke. Urnietarrak gonbidatuta daude.
Idiazabal kalearen etorkizuna, beraz, hizpide izango da hurrengo bi bileretan...
I.A. Bai, eta ezberdintasun handi batekin. Plan Orokorraren parte hartze prozesuan oinarrian dagoena dokumentu bat da, hirigintza mailan Udal ordezkarien artean adostu dena. Hortik abiatuta lan egiten da.
Idiazabal kalearen etorkizunari buruz hitz egiten dugunean dokumenturik edo plangintzarik ez dago oraindik. Hutsetik hasiko garela esan daiteke.
Izan ere, Aldundiaren esku dago oraindik Idiazabal kaleko errepidearen ardura. Urte gutxiko epean, GI-131 errepidearen Andoaingo eremua zabaltzen denean akaso, Idiazabal kaleko errepidea Udal errepide bihurtuko dute. Eta, orduan, errepide horren ardura Udalarena izango da. Bilera hauen bitartez herri bidea berriro definitzeko aukera dago, eta horretarako Udalak herritarren ideiak jaso nahi ditu.
Idiazabal kalea bakarra da baina ezaugarriak ezberdinak dira. Zebrabideak jartzea, espaloiak zabaltzea, trafikoa murriztea... Udalak herritarren nahiak zeintzuk diren entzun nahi du. Bilera horiek irekiak dira, urnietar guztiei zabalik daude.
BI INKESTA EZBERDIN
GARAI BERETSUAN
Urnietako parte-hartze prozesua Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarri duen Kudeatuz 2007-2011 programaren baitan kokatzen da. Kudeatuz programa bi atal zehatzetan banatzen da: parte hartzea bultzatzea eta herriaren asebetetze mailaren azterketa egitea.
Urriaren 4an LKS Prospektiker enpresak Hirigintza Plan Orokorraren inguruko inkesta martxan jarri zuen. Inkesta egiteaz amaitzen ari direla esan daiteke, bat edo beste egitea faltako zaie.
Bigarren inkesta: Urnietako gaiak eta zerbitzuak aztergai
Bestalde eta garai beretsuan, urriaren 13an zehazki, Gizaker enpresak urnietarren asebetetze maila hobeto ezagutzeko telefono eta posta bidezko inkesta egiteari ekin zion. Herriko gaien eta Udal zerbitzuen inguruko inkesta da, herritarren iritzia zein den bildu asmoz.
Plan Orokorraren inguruko inkesta eta Urnietako gaien inguruko beste inkestaren emaitzak azaroaren erdialderako eskainiko direla espero dute.
Garai berean bi inkesta egiteak nahasmena ekar al dezake? Hauxe Apaolarazen erantzuna, “ez da harritzekoa herritarrak nahastea, garai beretsuan Urnietan bertan bi inkesta ezberdin egiten ari direlako”.
Hurrengo HITZORDUak LEKAIO KULTUR ETXEAN
Gaia: Idiazabal kalea
Urriak 26, asteartea. 19:00.
Azaroak 2, asteartea. 19:00.
Eremuak:
Kalea bakarra da baina lau eremu bereizi dituzte eztabaidarako:
1. Hernani biribilgunea-Langarda
2. Langarda bidegurutzea-Zaldundegi
3. Zaldundegi-Jubilatuak
4. Jubilatuak-ITV bidegurutzea
Aldaketarako proposamenak:
Eremuz eremu zer nolako aldaketa edo hobekuntza egin eztabaidatuko da:
• Trafikoa murriztea eta aparkaleku sistemaren hobekuntza.
• Peatonalizazioa, oinezkoentzat bideratzea.