Andoaingo haur guztiei zabalik dago Karrikako ludoteka

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urr. 21a, 11:00

Aurtengo ikasturteak ere eskaintza zabalarekin ireki ditu ateak. Zikulusaltsa elkarteak kudeatzen du Udal ludoteka, eta Karmele Albeniz eta Maite Ruiz dira bertako hezitzaileak.

Noiztik dago martxan Karrikako ludoteka?
Karmele Alberdi:
Ez gara atzera begiratzekoak, baina izango dira 20 bat urte ireki zela; Kilometroak Andoainen ospatu eta abendu aldera izan zen irekitze hori Andoaingo Udalak bultzatuta; nahiko aitzindaria izan zen Donostia eta Arrasatekoekin batera.
Maripi Ruiz, Xabier Jauregi eta hirurok izan ginen lehen hezitzaileak. Berrehundik gora haurrekin hasi ginen!

Karrika auzo bizi-bizia agertzen zen sasoi hartan…
K.A.:
Izugarrizko mugimendua zegoen. Auzo elkartea sortu zen, jaiak ere antolatzen hasi ziren… Pertsona zehatz batzuk oso ekintzaile izan ziren. Auzotar ugarik dinamizatzen jakin zuten denen mesederako.

Zein funtzioa bete zuen orduan, eta zein betetzen du egun ludotekak?
K.A.:
Karrika auzoa nahiko erdalduna dela kontuan izanda, euskaraz jolastea zen helburua; bizitzako beste hainbat arlotan bezala jolastuz ere euskaraz bizi daitekeela erakustea, azken batean. Gizartea asko aldatu da eta ludotekaren egitasmoa bera ere bai, baina funtsean, helburu nagusiak berbera izaten jarraitzen du.

Hogei urtez ludotekan. Nekatzeko arrazoirik bai, Karmele?
K.A.:
Batere ez. Gazteagoak ginen ludoteka egitasmoa sortu genuenean, energia gainezka eta egitasmoak pilaka genituen, eta orain kontuak egiten hasita, irudipena dut bete direla gure amets gehienak. Lan polita da haur eta gaztetxoekin jardutea, eta bokazioz murgiltzen zarenean heziketa arlo honetan, ez da etsitzeko motiburik egoten.

Baloratzen al da Andoainen Ludotekaren ekimena?
Maite Ruiz:
Zalantzan jarriko nuke hori. Gizarteak orokorrean eta zenbait gurasok bereziki, “aparkaleku” gisa hartzen dute maiz; “tarte batean, behintzat, umeak ludotekan okupatuta edukiko dituztela” aipatzen dizute zenbait gurasok, eta hori mingarria egiten zaigu. Ez dute ikusten haurrek zenbateko beharra duten jolasteko.

Jolasari ez al zaio, bada, behar lukeen garrantzia ematen?
M.R.:
Ez  behar adina. Txikitatik sartzen ditugu haurrak eskolaz kanpoko formazioko ikastaroetan, jolaserako astia kontuan hartu gabe. Gure ikuspuntutik, jolasa haurrarentzat elikadura edo loa bezain premiazkoa behar luke izan, ia. Jolasen bidez haurra sozializatu egiten da, bere burua ezagutzen du, lagunak egiten eta horiekin elkarlanean jarduten ikasten du, irudimena lantzen du… Hori dena ahaztu gabe, jolasak geuri ere beste zenbait balore jorratzeko aukera ematen digu; hala nola, kulturartekotasuna, elkartasuna, generoa, lankidetza…

Gaur egungo haurrek ba al dakite jolasten?
M.R.:
Ekimen falta antzematen zaie maiz; ia dena eginda ematen diogun gizartean bizi baitira. Dena den, Karrikako gazteen alde esan behar dut kalean jolastearen kultura hori beste auzoetan baino gehiago mantendu dutela; ludotekatik igaro eta orain 15 urte edo gehiago dituztenengan antzeman izan dugu batez ere ezaugarri hori.

Ludoteka ezagutzen al da Andoainen?
M.R.:
Urte asko darama irekita eta izena emateko kanpainak egiten ditugu, baina oraindik  Andoaingo jende askok uste du auzoko kontua dela bakarrik. Sorabilla edo Etxeberrietako bakan batzuk kenduta, Karrikakok izaten dira hona etortzen diren guztiak.
Dagoen eskaintza jakingo balute gainerako auzoetako haur eta gurasoek, ez dago zalantzarik gehiago animatuko liratekeela honuntza bertaratzera.
Alde horretatik, gure erronketako bat Andoaingo haur guztientzat dela eta gainera egundoko eskaintza daukala jakinaraztea da.

Eskaintza aipatu duzu…
M.R.:
Egunero irekitzen da, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 20:00etara. 3-7 urte bitartekoak biltzen dira lehenbizi eta gero 8-13 urte bitartekoen txanda heltzen da. Jolasak, tailerrak…, egiten dira bertan.
Eguneroko horretaz gain, larunbatetan “Larunbatean euskaraz” ekimena daukagu martxan orain zazpi urtez geroztik. Egun bateko irteerak egiten dira: Sendavivara, Olentzaroren etxera, Txiki Parkera, Txuri Urdineko izotzlekura, Pasaiko itsasportura… Gau bat ere kanpoan egin ohi dugu (Hondarribiko aterpetxean).

Zer motatako tailerrak antolatzen dituzue?
M.R.:
Eskulanekin zerikusia dutenak; xaboia, taloak, txotxongiloak…, egiten ikasteko edo margotzeko izaten dira.

Zer moduz larunbateko ekimen hori?
M.R.:
Ondo pasatzeaz gain, aisialdia ere euskaraz goza daitekeela ikusten dute haurrek, eta hori oso garrantzitsua da.

Karrikako ludoteka “Larunbatean euskaraz”

  • 3-12 urte bitarteko Andoaingo haurrei zuzenduta. Egunero zabalik. Izena emateko epea irekita.
  • Informazio gehiago: 943592181.
  • Emaila: andoaingoludoteka@gmail.com
  • Prezioa: 25 euro

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!