Salamancan ere gertutik jarraituko dute Ama Kandidaren kanonizazioa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urr. 17a, 21:16

Dolores Gimenez Jesusen Alabak azken bi urteak Salamancan eman ditu, aurretik Erroman urte luzez egon ondoren. Miresten ditu Andoain, Euskal Herria eta, nola ez, Ama Kandida. Salamancako egoitzan bertan elkarrizketa eskaini dio Aiurri astekariari.

Ama Kandida Santu izendatuko duten astean sartuko gara. Nola bizi duzue gertaera Salamancan?
Dolores Gimenez. Ilusio handiarekin, pozez bizi ditugu ordu hauek. Eta uste dugu Ama Kandida ez dela Kongregazioko erlijiosoen jabetza, baizik eta denona dela. Zentzu horretan oso pozik gaude. Berak maiz zioen, "zuek denak pozik egotea gogoko dut". Poz horrekin biziko ditugu egun hauek, bere desioa hori zelako.

Egunak aurrera joan ahala zuenganako interesa handitzen doala sumatu al duzue?
D.G. Bai. Aurreko astea eta hurrengoa intentsitate handikoak izango dira. Ikasle ohi ugari gerturatzen ari da, eta baita atzerriko hainbat talde ere. Azken hauek Erromako kanonizaziora joan aurretik hemendik igarotzea erabaki dute.
"Ama Kandidaren ibilbidea" egiten ari dira Brasil, Txina edota Taiwan herrietatik etorritako taldeak. Hurrengo astean ere Japoniako eta Boliviako taldeak iritsiko dira.
Ikastetxean igande honetako gertaera lau haizetara zabaltzen hasi dira. Ikasleak gogotsu daudela sumatzen dut.
Guk geuk hemen biziko dugu ospakizuna. Ama Kandidaren hilkutxa bertan izanik, oso berezia izango da guretzat eta igandero hona mezetara etortzen direnentzat.

Salamancan zein da Juanitatxorekiko oroitzapena?
D.G. Pertsona bezala, heldua zela iritsi zen hona eta horren oroitzapena gordetzen da Salamancan. Kongregazioa sortzera etorri zen. Egitasmo izugarri handia martxan jarri zuen emakumetzat hartzen dute hemen. Oinarrizko heziketa izanagatik, gizalege handia erakutsi zuena. Inguruko erlijiosoen laguntzarekin aurrera egiteko gaitasun handia erakutsi zuen. Giza erlazioetarako erraztasun handia zuen.
Oso argi zuen bere bizitzan zein zuen helburu nagusi eta bakarra. Euskalduna izanik, lanerako ekimen izugarria erakutsi zuen. Jainkoarengan konfiantza edukita, bere ustean Jainkoaren nahia zen hura aurrera eramaten ahalegindu zen.

Erlazioetarako erraztasun hori ere funtsezkoa izan zen orduan kanpoko babesa eskuratzeko...
D.G. Horrela da, bai. Berak zituen gabeziak osatzeko harreman sarea osatzen asmatu zuen. Hainbat alorretan zuen ezagutza falta gainditzeko aholkuak bilatzen jakin zuen. Zer egiten ari zen ondotxo zekien.
Mundu zabalera irekitzeko eta mugak hausteko desioa izan zuen. Unibertsalizaziorako joera hori bere baitan zuen, oso baliabide gutxirekin 1911n Brasilera lehen espedizioa bidali zuen.

Ama Kandidaren azken bizitokian gaude, haren azken urteak nolakoak izan ziren?
D.G. Entzun dugunagatik eta liburuetatik jaso ditugun lekukotzen arabera, bere kezka nagusia Kongregazioaren etorkizuna zen. Aurrera egitea desioa zuen. Kongregazioa tamainan eta kopuruan nabarmen handitu zen bera arduradun nagusia zelarik.
Zailtasun ugari gainditu behar izan zituen. Erronka hain handia zen bere osasunarengan ere eragina izaten hasi zela. Pertsona osoa zela zioten, eta beti oso garbi adierazten zuen bere nahia. Bere izakerak abiatutako ekimenarekin etenik gabe aurrera egitera eraman zuen.

Denborak aurrera egin ahala, Ama Kandidaren zein ezaugarrik iraungo dute?
D.G. Nire ustean hiru nabarmendu behar dira.
Lehena, desioa da. Jaungoikoak adierazi dion ekimen handi hori aurrera eramateko desioa erakutsi zuen uneoro.
Bestalde, unibertsaltasuna. Emakume unibertsala zen, mugak hautsi eta aurrera egiteko kemena izan baitzuen.
Eta, hirugarrenik, konfiantza. Konfiantza izan zuen Jaungoikoarengan, eta baita besteengan ere. Talde lanean sinesten zuen. Laguntza eskatu zuen inguruan, berak zituen gabeziak ingurukoen laguntzarekin osatzeko.
Gaur egun ezaugarri horiei eutsiko bagenie, ondo arituko ginateke.

Nazioartean nola biziko da?
D.G. Komunikazio handia dago gure artean. Amerikan edo Asian, hangoak diren Jesusen Alaben desio handiena Ama Kandida bizi izan zen tokiak ezagutzea da. Haien eskuekin ukitu nahi dute bere etxea, eliza... Argazkiak ikustea edota azalpenak ematea ez zaie nahikoa. Horietako askok, Erromara iristean, hona etortzeko aukera baliatu dute. Oso garrantzitsua da haientzat.
Ama Kandidak gu guztiak batu gaitu. Ezberdintasunak izan genitzake ekimenak aurrera eramateko garaian edota heziketa garatzeko moduan, baina denen bilgunea Ama Kandida da. Bat egiten dugu gu guztiok.

Gizarteak, oro har, nola bizi beharko luke igandeko ospakizuna?
D.G. Ez genuke kanpoko irudian geratu behar, ez genuke horretara mugatu behar. Emakume batek erakutsitako ekimenak pentsaraztera eraman behar gaitu. Munduan barrena ireki zuen bidea, eta gaur egun hori noraino iritsi den..., horren inguruan hausnartu beharko genuke. Hori da benetako miraria, eta gizarteak horrela bizitzea nahiko nuke.

Elkarrizketaren hasieran "Ama Kandidaren ibilbidea" aipatu duzu. Salamanca edota Andoain ezagutzeko interesa biderkatu al da?
D.G. Bai, noski. Txinatik etorritako talde bat atzo bertan Donostiarantz abiatu zen. Tolosa eta Andoain ezagutu nahi dituzte.

Andoaindik Salamancara joanez gero, bisitariak zer nolako aukera izango luke Ama Kandidaren azken bizitokia edota hilkutxa ezagutzeko?
D.G. Aukera hori zabalik dago, noski. Nahi dutenean etor daitezke. Igandero eguerdiko hamabietan meza ematen da elizan. Aldarean bertan dago hilkutxa, beatifikatu zutenetik.

Zerorrek Andoain ezagutzen al  duzu? Berrozpe etxean izan al zara?
D.G. Bai, bai. 30 urte badira lehen aldiz izan nintzenetik. Izugarria izan zen. Postalen bidez eta argazkien bidez ezagutzen nuen, baina Berrozpe etxeko egurra zapaltzea, Ama Kandida jaio zen logela ezagutzea..., zirraragarria izan zen. Denbora eman dut logela horretan. Ez dut sekula ahaztuko logelaren soiltasuna: koadro bat, ohea eta leihoa. Besterik ez.
Era berean, han izan nintzenean Berrozpe etxekoak herrian oso ezagunak zirela ohartu nintzen.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!