Kaletxikitarren iritzia kanonizazioaren aurretik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urr. 17a, 21:14

Jesus Zaldua
Urnietan jaioa izan arren, 50 urte daramatzat Kaletxikin bizitzen, eta aspaldidanik ezagutzen ditut Jesusen Alabak; dezenteko konfiantzarekin tratatzen dugun Maria Jesus Esnal besterik ez da geratzen. Denbora asko da Ama Kandida bizi izan zela eta bere eginak ahaztuxeak dira, baina ondorengo mojek lan izugarria egin dute haren ereduari jarraituz, eta beraz, normala ikusten dut Ama Kandidaren santifikazioa.
Egia esan, auzoan ez dut marmar handirik aditu kontuaren inguruan, osasunak ez baitit kalera gehiegi ateratzen uzten.

Miren Argi Weill
Auzoan ez da giro berezirik sumatzen oraingoz. Luzaroan neurtu beharko da santifikazioaren eragina Berrozpen, auzoan eta Andoango herrian. Hori bai, ez dakit kontu honengatik den ala ez, baina joan den udan Berrozpe etxeak bisita dezente jaso du; bi edo hiru autobus etorri dira Bilbo eta Iruñeako eskoletatik, besteak beste.
Egia esan, eraikuntza oso ikusgarri jarri dute, igogailua eta guzti; etorkizunari begira ari dira lanean, eta kontuan hartuta izaera atsegineko mojak direla, jende ugari bertaratuko dela ematen du.

Mari Paz Vegas
Egiten den guztia auzoaren onurarako izango delakoan nago, eta zoragarri ikusten dut Ama Kandida santifikatzea; halaxe erabaki badute, izango dituzte arrazoi sendoak. Miresten dut Jesusen Alaben Kongregazioa; gure alabak bertan ikasi zuen eta gertutik ikusi ahal izan nuen zenbateko errespetuz eta maitasunez ematen zituzten eskolak.
Nire inguruan ez dut sentitu Erromara jendea joango denik, ezta komentario askorik; hala ere, uste dut auzotarrak gertutik ari garela jarraitzen Erroman gertatzen ari den prozesua.

Ramon Zalakain
Mirariak mirari, ongietorria izango da Vaticanotik datorren izendapena. Izan ere, Ama Kandidak sentimendu onak pizten ditu kaletxikitarron artean, Kongregazioa betidanik egon delako auzoan. Jaiak direla, kaldereroak direla… beti egin izan zaio omenalditxoa Ama Kandidari, gertuko pertsonatzat sentitzen dugulako auzotarrek. Umeak ginenean gaixtakeri txikiak egiten genizkien mojei, baina bestelakoan, haiek eta auzotarrok elkarbizitza atsegina osatu izan genuen iraganean.
Orain bizpahiru moja besterik ez egoteak pena ematen du!

Pello Aranburu
Orain auzotik kanpo bizi naiz, eta egia esan santifikazioaren kontu hori ez dut gehiegi aditu orain arte; pentsatzen dut Erromako zeremoniaren oihartzuna zabaltzen denean jendea erakarriko duela eta auzotarrak ere animatuko garela. Auzoan betidanik ikasi dugu “Gora Ama Kandida” oihu egiten, Jesusen Alabak auzoan oso errotuta egon izan baitira beti.
Etxeko lau anai-arrebok bertan ikasitakoak gara. Oraingo La Salle-Berrozpeko eskoletan haurrek gure garaian baino libertate gehiago dutela ez dago zalantzarik. Orduko mojak ere ez ziren gaiztoak.

Karmele Telleria
Auzotarrak modu ezberdinean bizitzen ariko direla uste dut. Izango dira ikuspegi katolikotik poza sentituko dutenak. Eta izango dira, bestalde, Ama Kandidaren alderdi gizatiarrari eta sozialari gehiago begiratuko diotenak. Azken alderdi hori ez da gehiegi landu orain arte, baina adibidez, kanpoko eskoletatik bisitan etorri diren horiei, adibidez, Ama Kandidaren eskuzabaltasunak edo heziketarako joerak erakarri dien susmoa badut.
Basteron egitekoa den “Juanitatxo” antzezlanak ere ikuspegi hori azpimarratu nahi duela aditua daukat.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!