Maria Jesus Esnal Andoaingo Jesusen Alabari elkarrizketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urr. 17a, 21:12

Maria Jesus Esnal Jesusen Alaba Andoaingo Berrozpe etxeko arduraduna da, eta esan gabe doa hurrengo egunetako ekitaldien aurrean pozarren dagoela. Lanpetuta ere bai, egun hauetan bilerak han eta hemen biderkatzen ari zaizkiolako. Tartea hartu du Aiurriri elkarrizketa eskaintzeko.

Galdera egiten hasi aurretik hizketan hasi da: "Pello Esnalek idatzi duen kantuak ondo baino hobeto adierazten du: Ama Kandidak bere kanonizaziorako bildu egin gaitu. Bere ametsak eta gureak bat dira; emakume honek bere bizitzari zentzua eman zion, zoragarria da Ama Kandidak egin zuena. Baina ez dugu bakarrik bere bizitzara mugatu behar. Zerk bultzatu gaitu guri bere bidea jarraitzera? Niretzat hori da aipagarria.
Gizarte honetan gauza piloa dugu baina Ama Kandidak ametsen, ilusioen, itxaropenaren inguruan lezio ederra eman zuen. Gizarteak kanonizazioa zentzu horretan ulertzea ere nahiko nuke".

Egun hauetan arduratuta, ilusionatuta..., nola sentitzen zarete?
Maria Jesus Esnal. Ilusio handiarekin gaude. Pentsa ezazu, emakume xume bat bere barruko indarra erabiliz noraino iritsi zen, noraino garatu zuen bere gaitasuna. Berak erakusten digu edozein pertsona, bere sentsibilitatea praktikan jarriz gero, zer nolako aberastasuna izatera irits daitekeen.
Etxe honen inguruko azalpenak ematen ditudanean, maiz diot berak ez zuela usaindu ere egiten zertara iritsiko zen. Errepublika Dominikanan, Filipinetan, Bolivian bizi izan naiz eta han harritzekoa da zenbateraino baloratzen duten Ama Kandida.
Izan ere, Ama Kandidak emakumeek heziketa maila bat lortzeko hainbeste egin zuen... Hori oso barneratuta dute mundu zabaleko kongregazioetan.
Nazioartean asko dira Ama Kandidaren izena duten kaleak, etorbideak..., poztu egiten nau horrek. Asko, gainera. Eta andoaindarra naizen aldetik, askoz gehiago. Beraz, alde horretatik ilusio bereziarekin bizi ditut egun hauek.
Bestalde, kezka ere badugu. Normala ere bada, lanak eta betebeharrak metatuz doaz eta guztia ondo irtetea nahiko genuke. Antolatuko diren ekitaldi guztien bitartez hurbiltasuna adierazi nahiko genuke, hori da gure desioa.
Ea honek guztiak gutako bakoitzarengan bizitza barrutik hartzeko laguntzen digun.
Antolaketari dagokionez, erlijio taldeak herriko parrokiatan lau asteburuetan Ama Kandidaren bizitza ezagutzera ematen ari gara. Bestalde, Ama Kandidaren omenezko kantua erakusten. Oso esperientzia polita izaten ari da kantuarena; horren harira, Ama Kandidaren interpretazioak jasotzen ari gara. Lehengo egunean emakume bat gerturatu zitzaidan zera esateko: "Ama Kandida zein emakume zoragarria zen!". Horrelakoak entzuteak hunkitu egiten nau.

Urriaren hamazazpia nola izatea nahiko zenuke?
M.J.E. Ni ez noa Erromara, hemendik 1996ko beatifikazioan joan ez zirenak doaz. Ni orduan han izan nintzen eta orain herrian bertan jarraituko dut kanonizazioa, telebista bidez. Emakume batek biziari zentzua emanez nola baloratzen duten ikustea, hori da sentitu nahi dudana. Egun hori inportantea da, baina hori baino gehiago da: Andoainera laster Japoniatik talde bat etorriko da, urriaren 11n Txinatik beste talde bat dator, eta gero gehiago etorriko dira. Erromara doazela aprobetxatuz Andoainera gerturatuko dira.

Ea emakume honen bitartez hona etortzen direnek beren bizitzarako zerbait baliagarria aurkitzen duten.
Elkarte bezala, bestalde, Ama Kandidaren inguruan hitz egiten dugunean balio ugari aurkeztu nahi ditugu: Ama Kandidaren sentsibilitatea, bere itxaropena, bere konfiantza, besteekin erlazionatzeko gaitasuna.... balio garrantzitsu horiek helarazi nahi ditugu.

Nola nahiko zenuke andoaindarrek hau guztia bizitzea?
M.J.E. Harrotasunez bai, baina harrokeriarik gabe. Harro sentitzen naiz andoaindar bat kanonizatuko dutelako. Gustatuko litzaidake andoaindarrak zentzu xume batean ere harro sentitzea. Ama Kandida apala, hurbila zelako.
Era berean, harro egon beharko genuke ere euskaldun bat gai izan delako emakume bezala ahalmen piloa garatzeko: adiskidetasuna, laguntasuna... Nahiko nuke andoaindarrek ere horrela ulertzea.

Kutsu erlijisioaren gainetik Ama Kandidaren ikuspegi gizatiarra nabarmendu beharko genukeela iruditzen al zaizu?
M.J.E. Niri gertatzen zaidana da biak lotu egiten ditudala. Neuk erlijiotasuna horrela ulertzen dudalako: Niretzat pertsona batek bere humanitatea garatzeak zentzu erlijiosoa du.
Ekintza batzuk egitea, errito batzuk betetzea edota dotrina bizitzea..., erlijiotasuna ez dut horrela bakarrik ulertzen. Baita bere bizitzan, bere erlazioan garatzen duen konpromisoan ere. Hor sortzen da erlijiotasuna.
Galderaren harira, pentsatzen dut erlijioa baloratzen ez dutenek ere balora dezaketela Ama Kandida bere humanitatean eta bere gizatasunean. Gogoan izan Ama Kandida bizi zela, bere ametsetakoa izan zela emakumeek heziketa lortzea. Erlijiotasuna baloratzen ez dutenek ere jakin badakite emakumeek heziketa izateko Ama Kandidaren amets hura izugarria dela. Eskolak eraikitzeko eta mantentzeko  izugarrizko borroka egin zuen.

Zertan aldatuko da Berrozpe etxea kanonizazioaren ondoren?
M.J.E. Andoainen dagoeneko badago talde bat erabat ilusionatuta dagoena. Hona etortzen dira eta ilusio hori nabaritzen zaie. Guk gure aldetik egin ditugun eskaera guztien aurrean erantzun ona jaso dugu. Aldundiak liburu bat euskaratu du, herrian bertan omenaldi ekitaldietarako musikariengana jo dugu eta erantzuna ezin hobea izan da. Giro batzuetan oihartzun handia izaten ari da urriaren 17koa.
Hortik guztitik ezer onik aterako al da? Hori espero dut. Batez ere nahiko nuke emakumea gehiago baloratzea. Ama Kandidak ez zuen ikasketa gehiegi jaso. Eta oso inportantea da Ama Kandidak erakutsi diguna: ikasketarik gabe pertsona batek kultura izugarria lor dezakeela. Naturaren bidez, sentsibilitatearekin, jakinduria eduki daiteke. Pertsona batzuentzat eredu hori bultzada modukoa izan daiteke.

Auzunean, Kaletxikin alegia, giro berezia sumatzen al da?
M.J.E. Kaletxikiko giroan, orokorrean, Ama Kandida emakume berezi bezala onartuta dago. Aurrekoan Ontza elkartean sartu eta berehala esan zidaten "begira hemen ere badugu Ama Kandidaren irudia". Jaietan danborrada etxeraino sartzen da eta Kandidoren lehen hitzak jaietan "Gora Ama Kandida" izan ohi dira. Auzoan ilusio berezia dago. Aste hauetan askotan nabaritzen ari naiz hori.

Esker ona
Esnalek hainbat eragileren parte hartzea eskertu nahi du. Bereziki, Andoaingo Udala eta Basteroko lantaldea, Ontza elkartea, Kutxa eta kantua idatzi duen Pello Esnal.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!