Pello Esnal izan da Andoainen ezagun egiten ari den kantuaren egilea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urr. 17a, 21:11

Ama Kandida” kantuaren muina azaltzeko eskatu didazue. Saiatuko naiz. Lehenik, nola egin dugun azaltzea izango da egokiena. Gero gerokoak.

Nola egin genuen
Ekainaren hasieran, etxera deitu zidan telefonoz Berrozpetik Maria Jesus Esnal lehengusuak, mesede bat eskatuz: ea egingo ote nituen pare bat bertso-edo, Ama Kandida urrian kanonizatzera zihoazela-eta. Bat-batean erantzun nion ez ote zuen merezi bertso pare bat baino gehiago egitea. Saiatu, behintzat.
Bi aste geroago, Berrozpera joan nintzaion, bi kanturen testuak zirriborratuak nituela. Estiloz desberdinak ziren: ohikoagoa bata, bitxiagoa bestea. Lehenengoa aukeratu ondoren, dezente aritu ginen hizketan, gauzak zehazten. Hiru kontu atera nituen argi. Hasteko, egokia iruditzen zitzaiola Maria Jesusi kantuaren hasiera: “Hemen bildu gaituzu zuk, Ama Kandida”. Horrek asko bideratzen zituen lanak. Gero, esan zidan polita izango litzatekeela kantuan proiektua aipatzea. Eta azpimarratu zidan, batez ere, behartsuen alde lan egiteko sortu zuela Ama Kandidak kongregazioa.
Biharamunerako biribildua nuen kantua, lehen zirriborroaren gainean, eta proiektu hitza ardatz hartuta. Maria Jesusi bidali nion, iritzia eskatuz. Berehala erantzun zidan, iritzi ezin hobea emanez. Zailena egina zegoen. Okerrena falta: musika jartzea. Dena den, gogokoa nuen bigarren kantuaren zirriborroa ere. Honi ere etorriko zitzaion txanda.
Joan Luis Atxega laguna zirikatzea izan nuen hurrengo urratsa. Azaldu nion nire asmoa eta eskatu ere bai ea testuari musika jarriko ote zion. Saiatuko zela, baina uzteko Usurbilgo festak pasatzen; hango organista baita bera.
Uztailaren hasieran, etxean nuen kantua, dotore grabatua, eta partitura eta guzti. Joan Luisek bete-betean asmatu duela iruditu zitzaidan. Ez nintzen haserre.

Kantua
Bost punturen inguruan azal daiteke kantuaren muina.

1. Kantua da eta ez ereserki edo himnoa
Kantuaren hasieran argi dago aldea. “Hemen bildu gaituzu zuk, Ama Kandida” dio. Eta ez, esaterako, “Agur, Ama Kandida” edo horrelako zerbait. Horrek kantu osoa markatzen du.

2. Bi ahotseko
Bi ahots ditu kantuak, elkarren kontrapuntu eta osagarri, eta egituran ere ondo bereiziak. Bata herriarena da: Ama Kandidaren inguruan bildu denarena. Bi zortziko txikietan dago. Beste ahotsa Ama Kandidarena berarena da, errepiketan jasoa: “Behartsuentzat tokirik…”.
Errepiketako testua dela-eta, hala esan zidan Joan Luis Atxegak: “hitz gogorrak dira”. “Ama Kandidarenak berarenak dira, ba”, erantzun nion. Eta azaldu nion nola Joanitatxok, Burgosen neskame zegoela 23 urterekin, etxeko ateak zabaltzen zizkien behartsuei, eta nola etxekoandreari ez zion grazia handirik egiten. Eta nola kargua hartu zion neskameari. Eta nola honek erantzun zion: “donde no hay sitio para mis pobres, no hay sitio para mí”, eta etxea uzteko prest zegoela. Amore eman behar izan zuen etxekoandreak. Izan ere, andoaindarrok zerbait garbi ikusten dugunean…

3. Elkarrizketa
Horiek horrela, elkarrizketa bat osatzen dute bi ahotsek. Taldea hasten da hizketan, Ama Kandidari hitz eginez (1. zortzikoa). Ama Kandidak erantzuten du (1. errepika). Ondoren, taldea zuzentzen zaio Ama Kandidari (2. zortzikoa); eta honek erantzuten dio (2. errepika). Azkenik, 2. errepikaren oihartzunaz amaitzen da kantua.
Eta, elkarrizketa horretan –benetako elkarrizketa baita–, leku eta denbora berean daude partaide guztiak, Ama Kandida barne.

4. Elkarrizketa progresioa
Garapena dago hizketan. Hizketa aurrera doan ahalean argitzen dira gauzak eta jarrerak: nola lehen momentuko ametsak proiektu diren gero; zertan gauzatzen den proiektua... Izan ere, proiektu hitzak leku nagusia du kantuaren baitan, musikak ere indartzen duena, bai doinuz, bai bi aldiz kantaraziz. Bestalde, antzeko esanahia du amets hitzak, bai lehen zortzikoan, bai bigarrenean.
Errepikan ere nabarmentzen da izaera progresibo hori: lehenengo errepika ezezka –proiektu askotan, lehen momentuan argiago egoten da zer EZ, zer BAI baino–, bigarrena –proiektua argitu denean– baiezka.
Bestalde, bikoteak osatzen dituzte zenbait hitzek (proiektu / amets; gose-egarri / behartsu; zaindu / landu…), elkarren oihartzun eta osagarri, argigarri eta indargarri.

5. Ahots gehiago
Kantua, bere xumean, oihartzunez betea egin nahi izan dugu. Beraz, ez litzateke harritzekoa izango, kantua kantatu ahalean, azalaraziz joatea lehen momentuan ezkutuan gera daitezkeenak.
Izan ere, “lehen ametsak zaindu zizkizun herriak…” horrek nori ez dio gogora ekartzen “Agur, Gurutze Santu” gurea (ezagutzen dudan herri-himnorik bikainena; beharbada, gurea delako). Nork ez du sumatzen hor  “Andoainek gaur ere, Jauna, maite zaitu…” zirraragarriaren oihartzuna?
Zabalago ere uler daiteke herri hori, Tolosa eta Euskal Herria ere bereganatuz.
Are gehiago: Mateo ebanjelariaren hitzen oihartzuna ere suma dezakegu kantuan (Mt 25, 34-35): “Zatozte nire Aitaren bedeinkatuok: har ezazue munduaren sortzetik zuentzat prestatua dagoen erreinua. Gose bainintzen eta jaten eman zenidaten; egarri, eta edaten eman; arrotz, eta etxean hartu ninduzuen…”.

Bigarren kantua
Joan Luisek eta biok egina dugu bigarren kantu bat ere: “Berrozpeko arrosa”. Lehenengoaren oso antzekoa da egituraz, baina izaeraz ezberdin.
Honek ere Joanitatxoren gertaera bat du oinarri, andoaindarrontzat ezaguna. Nola zegoen, egun batean, bost urte zituela, Buruntza azpiko iturri batean, arrosa batzuk eskuetan zituela eta nola, amak galdetu zionean zer egiten zuen han, neskak erantzun zion Ama Birjina eta Jesusen zain zegoela…
Dena den, beste batean jarraitu beharko dugu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!