Kaletxikin maitatua, Andoaingo herriarentzat alaba kuttuna. Ama Kandidarena kristautasunetik haratago doan gertaera da, Andoain herria eta Jesusen Alaben kongregazioaren lana lau haizetara zabalduko duena.
Behartsuei laguntzeko premia sentitu zuen bizitza guztian zehar eta, horrez gain, erlijioarekiko sentsibilizazio berezia izan zuen. Hori da, ziurrenik, Ama Kandidaren merezimenduen artean pisuzkoena. Zazpi ahizpetan zaharrena zen eta ez zuen heziketarik jaso, horrenbestez, Burgosen familia aberats batentzat neskame lanetan hasi zen. Ama Kandida bere barne beharrak aztertzen ari zen garai hartan, eta Miguel Herranz jeusitaren laguntzarekin bere etorkizuna erlijiora eta heziketara bideratzea erabaki zuen, batez ere emakumeei zuzenduta.
Salamancara joateko erabakia hartu zuen Ama Kandidak, garai hartako hezkuntza gune nagusia bertan zegoelako. 1871ko abenduaren 8an, kongregazioa sortu eta hezkuntza arloan lanean hasi zen, hogeita sei urte zituela. Beste bost emakumerekin batera eman zituen lehen pausoak. Ez zen batere erraza izan, garaiko egoera politikoa zaila zelako eta gizarteko zenbait girotan ez zirelako erlijiosoak onartzen. Hala ere, aurrera egiteko erabakia hartu eta zenbait eskola irekitzea lortu zuen, Salamancan eta inguruko herrietan lehendabizi, eta beste hainbat tokitan geroago. Gaztela inguruan hainbat ikastetxe zabaldu ondoren, Euskal Herrira zabaldu zuen bere lana eta inguru hauetan ere eskolak eraikitzen hasi ziren.
Hemendik kanpo, mundu zabalean, Ama Kandidak argi zuen beharrik handiena zegoen tokietara iritsi behar zuela. Hil aurretik Brasilen bi etxe irekita zeuden. Geroztik Jesusen Alaben Kongregazioaren hedapena zabala izan da Filipinetan, Hego Amerikako hainbat herrialdetan, Afrikan, Asian…, premia larrian dauden herrietan daude.
Kanonizazioarekin, zeharka ere, emakumeen heziketaren aldeko apustu garbia egin duen erlijio mugimendu bat nabarmenduko dute.
Andoainen, pixkanaka, urriaren 17a egun berezia izateko giroa sortu da. Ospakizunak azaroaren 7ra arte luzatuko dira.