Adunako Udalak iazko urriaren 9an sinatu zuen hitzarmena Galtzaundirekin, herriko enpresetan euskararen erabilera sustatzeko. Planean 90 enpresa sartu dira, eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak ere laguntza eman du. Hasieran, planaren sustatzaileak enpresekin harremanetan jarri eta bisitak egin zituzten, enpresaz enpresa hizkuntz egoera zein zen jasotzeko. Udalak emaitzak baloratu eta jarrera eta neurri aproposena zutenak zoriontzea erabaki du, baita laguntza eta aholkularitza emateko bideak irekitzea ere.
Plan hau abian jarri arte, Adunako Udalak ez zuen inolako lanketarik egin, nahiz eta herrian enpresa asko egoteak asko baldintzatzen duen herriaren egunerokotasuna, baita hizkuntzaren presentzia eta erabilera ere. Nolanahi ere, plana ez zen zerotik abiatu. Sei enpresak Bai Euskarari Ziurtagiria zuten, eta beste askok, ziurtagiririk ez eduki arren, euskararen aldeko apustu garbia zuten eginda.