Leitzaran Bisitarien Etxeak aurten jasotako datuen arabera, 4188 bisitari jaso ditu aurten

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urr. 14a, 15:46

LEITZARAN BISITARIEN ETXEAN JASOTAKO BISITARIEN KOPURUA %48 IGO DA
"Ikastetxeetarako eskaintzak eta asteburuetako ekintzak izan dira arrakasta handieneko zerbitzuak.
Leitzaran Bisitarien Etxeak aurten jasotako datuen arabera, zentroaren bigarren urtean, 4188 bisitari jaso ditu. Honek esan nahi du, lehenengo urtearekin alderatuz %48ko igoera egon dela. Dudarik gabe, igoera garrantzitsu honek ekipamenduaren bermatzean laguntzen du. Gainera, zerbitzuen eta aurrekoen murrizpen garrantzitsua eman den urtean gertatu da areagotze hau, beraz datua azpimarragarriagoa da. Bisitarien Etxeak bezeroen beharrei moldatzeko izan duen gaitasuna izan da arrakasta honen erantzule.
Aipagarria da aurten Bisitarien Etxeak hiru ekintza berri antolatu dituela, apirilean Lurraren Mundu Mailako Eguna, maiatzean Naturbideen Eguna eta ekainean Ingurumenaren Mundu Mailako Eguna. Hartara, aurreko urteko ekintzetan 500 bisitari izatetik, 1204 edukitzera pasa da.
Ikastetxeentzako eskaintza berdina izan da, baina 2008-2009 ikasturtekoak aurten ere errepikatzeaz gain, beste hainbat ikastetxe ere gerturatu dira, eta honela, lehenengo urteko 575 ikasle izatetik 1267ra pasa dira. Era berean, uztailean udalekuetatik jasotako haur kopurua hirukoiztu egin da. Bertan ikasleek, jolasteaz gain, Leitzaran bailararen eta hil gabeko arrantzaren ezagutza handitzeko aukera paregabea izan dute.
Hala eta guztiz ere, zerbitzu guztiek ez dute emaitza bera jaso. Bailarari buruzko informazio bila edota Uraren Interpretazio Zentroa bisitatzera datozenen kopurua murriztu egin da 1520tik 1181ra. Ziurrenik lehenengo urteko “berria” izatearen efektuak sortuta.
Hil gabeko arrantzan jakin-min handiagoa ere sumatzen hasi da. Izan ere, oraintxe bertan hiru ikastaro batera ematen ari dira Arrantza Eskolan.
Hurrengo urteari begira eskaintzak mantentzen dira eta berri batzuk ere barneratuko dira. Beraz, Leitzaran Bisitarien Etxeak eskaintzen dituen aukera guztiak ikusi nahi badituzue, sartu gure web orrian, www.leitzaran.org, edota deitu 943 300 929 telefono zenbakira".
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!