Buruntzaldean barrena oinez, igande honetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko urr. 14a, 11:27

Goiz pasa egokia egiteko gonbite modukoa da eskualdeko kirol arduradunek igande honetarako antolatu duten “Buruntzaldeko ibilbideen 3. eguna” delakoa. Bertatik bertara dagoen landa-ingurune naturala ezagutzeko aukera izango da. Bidezidor eta bide ezberdinak zeharkatuz naturguneak ezagutzeko eta baserri, baseliza nahiz karobiak ikusteko aukera aparta izango da.

Eskualdeko herri guztietan ibilbide-zati bakoitzaren inguruko trazatuak, profilak eta distantziak erakusten dituzten panelak daude. Aukeratutako bide bakoitzean, gainera, norabideak eta distantziak markatzen dituzten geziak eta zuinak ere bai.
Seinale horiek guztiak udalerri bakoitzaren identifikazio-koloreak aintzat hartuz ipinita daude:
• Lasarte-Oria: urre zaharra.
• Urnieta: berdea.
• Usurbil: laranja.
• Andoain: urdina.

IBILBIDEAK
Honakoak, zehazki, aukeran dauden ibilbideak:

ANDOAIN – LASARTE-ORIA
Koloreak, urdina eta urre zaharra; 7,9 km.ko luzera du; oinez soilik egin daiteke eta mendiko oinetakoa beharrezkoa da.

ANDOAIN – URNIETA
Koloreak, urdina eta berdea; 4,8 km.ko luzera du; oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoa beharrezkoa da.

ANDOAIN – USURBIL
Koloreak, berdea eta laranja;  14,9 km.ko luzera du (luzeena da); oinez soilik egin daiteke eta mendiko oinetakoa beharrezkoa da.

LASARTE-ORIA – URNIETA
Koloreak, urre zaharra eta berdea; 3,9 km.ko luzera du; oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoa beharrezkoa da.

LASARTE-ORIA – USURBIL
 Koloreak, urre zaharra eta laranja; 4,5 km.ko luzera du (Santuenearaino); oinez edo bizikletaz egin daiteke eta  kirola egiteko oinetakoa beharrezkoa da.

Ibilbide hauek guztiak ezagutarazteko eguna, alegia, Buruntzaldeko ibilbideen eguna, igande honetan burutuko da.

KONTROL GUNEAK:
Urriak 17, igandea. 09:00–14:00.
Herri bakoitzean kontrolgune bat egongo da, argibideak emateko eta mokaduak eta edatekoak banatzeko.
• Usurbil: Santuenea auzoa, Zorrotzeko zubiaren aurrekaldea.
• Andoain: Udaletxea.
• Lasarte-Oria: San Pedro elizaren ondoko plaza.
• Urnieta: Udaletxea.

BUS ZERBITZUA, DOAN:
Partaide bakoitzari abiatzen denean txartel bat emango zaio, abiatzen den lekuko zigiluarekin. Bus zerbitzua izango da norbera abiatu den herrira itzultzeko; zerbitzua erabiltzeko, derrigor, txartel zigilatua aurkeztu beharko da. Ordutegiak:
USURBIL 12:00, 13:00, 14:00.
Udaletxe aurrean.
LASARTE 12:15, 13:15, 14:15.
Dorretxeko biribilgunea.
ANDOAIN 12:30, 13:30, 14:30.
Goikoplaza, atzealdea.
URNIETA 12:40, 13:40, 14:40.
Kiosko geltokia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!